Jirafa bat korrika

Korri, Kuru, korri!Patxi Zubizarreta.Irudiak: Rebeca Luciani. Ibaizabal, 2018.87 orrialde.Haurrentzat.

Patxi Zubizarretak XXIX. Ala Delta sari prestigiotsua eskuratu du ipuin honekin. Korri, Kuru, korri! ipuin honek hasierako esalditik harrapatzen du irakurlea: “Imajinatu aurrena jirafa bat anbulantzian... ni-nooo, ni-nooo... Imajinatu hurrena animalia amaigabea, ohatila batean, ospitale bateko larrialdietan sartzen (…) imajinatu orain jirafa zu zeu zarela eta ospitaleko korridoreetan barrena zoazela”. Bai, jirafa hori Nora delako, lurrean zegoen botila bat ikusi ez eta hanka bihurritu duen neska. Boxerretan dago, oraindik ere inauterietako jirafa mozorroa kendu gabe alboko boxerreko haur bat hizketan hasi zaionean. Eta alboko haur horrek, Kuru-k, zer gertatu zaion kontatu baino, “beste zerbait kontatuko nizuke gusturago, jirafa baten benetako historia, adibidez. Ez da horren tristea eta lagundu egiten dit buruari zutik eusten, betiere burua gora”.

Eta horrela Kuruk jirafa baten historia kontatuko dio Norari, lepo luzea duen animaliari ketxine izena ematen dioten Etiopiatik abiatuta Sudan, Egipto eta Mediterraneo itsasoa zeharkatu ondoren Frantziaraino egindako bidaiarena, (bertan, besteak beste Altzoko Handiarekin duen enkontrua kontatzen zaigu).

Eta kontakizun horretan ahozko kontakizunetako egitura eta esaldi errepikakorrak erabiliz idatzizko eta ahozko narrazioen arteko zerbait eskaintzen digu Zubizarretak, “joan, joan eta joan”, jirafaren lepo gero eta handiagoaren neurriaz eginiko konparaketak txirula, makila, arrauna… erabiliz; edo eta atal guztietan, jirafaren historia kontatzen dizkiguten kapituluen amaieran bertso moduko bat, zailtasunei eta eragozpenei aurre egiteko indarra emanez, eta azken lerroan: “Baina betiere burua gora”, Kururi bere bizitzan aurrera egiteko kemena ematen dion esaldia.

Izan ere, azken atalean ikusi ahal izango dugun bezala Kuru, jirafa hura bezala, bidaian ari da, zailtasun, traba, muga eta eragozpen handiak gaindituz eta sufrituz. Kamioi batetik erori eta hanka hautsita dago boxerrean, eta Noraren laguntza beharko du bidaian aurrera egiteko. Hori bai, bera harrapatu eta berriro Afrikako lurraldeetara bueltatu nahi dutenengandik ihesi, korrika.

Istorio miresgarria da, jirafa baten bidez distantzia jartzen duena, konparaketa baten bidez distantziak laburtzen dituena eta gozatuz barnea hunkitzen digun istorioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu kritikak
Judutarren jazarpena gure artean

Afaltzen ari zirela entzun zuten ate hotsa. Zeruko izarrek sabbata heldua zela zioten”, horrela hasten da Gaizka Arostegiren nobela labur hau, Gestapoko "zakurrek” Sara eta bere gurasoen etxeko atea jotzen duten unean. Irakurleak ondorioztatuko zuen moduan,... [+]


Babesten gaituen itsasoa

Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.

Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


Eguneraketa berriak daude