Telebistaz txiokatzen dena neurtzeko garrantzia

Telebista ikusteko modua aldatu dela esatea ez da berria. Touchvie-ko zuzendari orokor Jose Luis Florezek dioenez, 19:00etatik aurrera Google orojakileari egiten zaizkion galderen %20 telebistan ikusten ari denaren inguruan dira.

Telebista-programatzaileak ere jakitun dira telebistan emango dutena ikusteko sofan esertzeko lana hartzen duenak, ez diola pantaila bakarrari begiratzen. Badakite ikusten ari den horren inguruko komentarioak egingo dituela sare sozialetan. Horregatik, audientzia hori neurtzen hasi dira audimetria-enpresak; gaur-gaurkoz audientzia sozialak ez du betiko audimetria ordezkatuko, baina dudarik ez dago oso baliagarria dela adi jarraitzea:

  • Diru-iturri gisa, publizitatea saltzeko modua da: AEBetan egindako ikerketa baten arabera, telebistari buruzko txioen %90ek arreta gehiago jartzea eragiten du, akzioren bat egitera eramaten baitu ikuslea (Elena Neira, “El espectador social” liburuaren egilea). Hala, ohikoa izaten da telebista saioek traolak proposatzea saioari buruz iritziak zabaltzeko sare sozialetan, Twitterren bereziki. (Ikusi bideo honetan, marka zehatz bati buruz egindako komentarioen garapena; ikusgarria! https://youtu.be/ZSa5mHyA8xw).
  • Audientzia ezagutzea: Telebista-saioaz ikusleak duen iritzia ezagutzeko aukera ematen du, unean bertan. Enrique Martinek (Tuitele) dioenez, telebista-kateei eta ekoizleei engagement maila hobetzen laguntzen die, eta audimetriaren ratingean islatuko da; Nielsen hasi ei da horretan.
Iturria: tuitele.tv

Iturria: tuitele.tv

Grafikoak erakusten duenez, era guztietako saioei buruz aritzen dira ikus-entzuleak sarean. 2013an, esaterako, Espainiar estatuan, 4,5 milioi Twitter-erabiltzailek txiokatu zuten telebista-saioren bati buruz; Twitter-erabiltzaileen %78, Tuiteleren datuen arabera.

Zein da, beraz, betiko audientziaren eta audientzia sozialaren neurketen aldea? Kuantitatibotik kualitatibora, iritzia sortzen duen audientziara igaro garela. Sare sozialetan iritzia ematen ari den audientziak bere burua bakarrik islatzen du, baina iritzia-sortzailea da, eragin egin dezake. Horregatik komeni da balioan jartzea. Arazoa? Kasu honetan ere kuantitatiboa litzateke, hau da, zenbat iritzi-emaile behar ditu telebista-saio batek kopurua adierazgarria dela esateko?

#Tumatxak saioaren azkeneko emanaldia eskaini du ETB1ek asteon. Audientzia-datuak ez dira “onak” izan:

Hala ere, sarean, izan du oihartzunik. Kontuan izan Tweetbider-ek ematen duen debaldeko aukerak neurketa mugatuak egiten dituela eta ez duela, ordaindu ezean, alderaketarik egiten uzten:

Iturria: https://www.tweetbinder.com/rs/VRmcLpUH4MO

Iturria: https://www.tweetbinder.com/rs/VRmcLpUH4MO

Umap-ek egiten du euskal txiolarien jarraipena: “azken 3 urteotako datuak aintzat hartuta, 20.000 txiolari inguru aritu gara denbora-tarte horretan euskaraz Twitterren”. 2015eko urrian 6.939 erabiltzaileri egin zitzaion jarraipena, eta 387.126 txiotatik  euskaraz izan ziren %54,30; eguneko, 6.781.

#Tumatxak saiora itzulita, ez daukagu zehazterik zenbat jende aritu zen sarean saioaz hizketan emisioa izan zen bitartean, baina Umap-en zerrendan lehenengo joera izan zen; euskal txiolariok ETB1 ikusi eta komentatu genuen, alegia. Hortaz, “zenbat” galderari erantzuterik egon ez arren –ez du inork behar bezalako jarraipenik egin horretaz–, azpimarratu egin beharko da duen balio erantsia, ohiko audientziaren aldean: preskriptore naturala da; ikusmina eta iritzia sortzeko agenterik onenak dira ikusle horiek. Gainera, fideltasuna neurtzeko ere balio du audientzia sozialak, baita fan-klubak gehitzen joateko ere; baina horretarako saioek denboran iraun egin beharko lukete: ETBn ohiko bihurtzen ari den 3 edo 4 aste baino gehiago, behintzat!

KantarMedia audimetria-enpresa 2014ko abenduan hasi zen audientzia soziala neurtzen. Bi hilabete eta erdian 1,3 Twitter-erabiltzailek gutxienez behin telebistaz txiokatu zutela neurtu zuen: %42 emakumezkoak, %58 gizonezkoak. Guztien artean, denbora horretan 15,5 milioi txio egin zituzten telebistari buruz. Musikari buruzko saioek –eta kultura saioek– daukate ehuneko baxuena: %2.

Iturria: Kantar Twitter TV Ratings

Iturria: Kantar Twitter TV Ratings

#txumatxak musika ardatz hartzen duen kultura saioa izanik, eta ahaztu barik saioaren ikusle askok eta askok ETB1 ikusteko ohiturarik ez daukagula –urteetan gustuko programazio faltaren ondorio; (bestelako iritziak onartzen dira)–, ez lirateke baztergarriak izan beharko Twitterren saioak eragin dituen elkarrizketak. Target eta programazio-antolatua zehazten joateko esperimentu gisa hartuta ere, kontuan izan beharrekoak direlakoan nago.

SocialTVri buruzko aurreko artikulua 2013ko uztailean egin nuen.

Kategoria: sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude