Zorion agurrak eta denetariko mezularitza azkarra

Facebook sare soziala salataria dela bagenekien. Hori dela eta, jende askok ez dio bere jaiotza-egunaren berri eman damututa kendu duenik ere ezagutzen dut. Hala ere, bere egunean modu publikoan jarri genuenok Facebooken ari diren gure “lagunak” aktiboak diren neurtzeko tresnatzat erabil genezake. Horixe bururatu zait asteon: urtebetetze eguna era publikoan dudala baliatu, jendeak zoriontzeko erabiltzen duen ikusteko; bestela ez bainaiz batere ibilia Facebooken: oso gutxitan logeatzen naiz, eta oso denbora gutxitu eskaintzen diot denbora lerroari Twitterri ez bezala―.

Zorion agurrak eta idatziko mezuak

Segurutik banitateak bultzatuta ekin diot post honi; bestela zertarako ibili adi ea nor dabilen eta nor ez urtebetetze zorion agurrak idazten? Ondo esan dut, idazten: hori izan da nagusi, niri dagokidanez behinik behin.

Mezu bidez komunikatzen gara

Ikusitakoak ikusita, kortesiazko mezuak (kariñotik hori bai! Ez duk nik dudan jarriko!) nagusitzen dira zorion agurren egunean. Facebook sare sozialari dagokionez, esaterako, hainbat erabiltzaile mota sailkatu daitezke :

    • Profilean idazten dutenak
    • Norberak egindako sarrera baliatzen dutenak “atsegin” dutela adieraztek
    • Messenger mezularitza sistema erabiltzen dutenak.

Azken horrek, era pribatuagoan zoriontzeko aukera ematen du: jasotzaileak baino ez du ikusten mezua; era horretan, mezu pertsonalagoak idazteko baliatzen ditu mezulariak. Baina Facebook salataria bezain efikaza da Whatsapp talderen batean zoriontzen zaituen lehenengo laguna ere! Izan ere, memoria onena duenaren sokari tiraka iristen dira gainerakoen zorion agurrak. Eta, hori dela eta, bakoitzaren ordutegia ezagutzeko aukera ere badago. Mezu mota ere antzerakoa izaten da kasu honetan: taldekide guztiek ikus dezaketenez, mezuak publikoak direla esan genezake; hortaz, kortesiazko testuak nagusitzen dira. Era pertsonalagoan idatzi nahi duenak bakarkako mezuak bidaltzen ditu, taldeetatik aparte.

Gmail! Bai! Sasoi batean Gmaileko txat-adiktoa izan nintzen! Gerora, ordea, jendeak erabiltzeari utzi dio, edo bakarrik utzi naute (hori ere izan daiteke). Hala ere, e-posta ere balekoa da, agendari tiraka, lagunak zoriontzeko. Hau ere testua da, Facebook, Whatsapp edo Messenger mezularitza sistematan legez. Eta, talde aukera ere bai: posta zerrendak. Hemen ere, nahikoa izaten da batek hara mezua idaztea atzetik beste hainbat posta zerrenda kide ere gehitzeko.

SMSak

Bai, badira oraindik Internetera konexiorik ez daukatenak ere. Nik neuk lagun bat daukat. Benetan diotsuet. Oraindik ere Nokia apurtezin horietakoa dauka, eta ez nabil txantxetan! Funtsean Whatsapp edo Facebook mezuen luzera eta hoztasun maila bera transmititzen dute sms mezuek, baina vintage usaia duenez, beste begi batzuekin begiratzen zaie.

Zoriono agurrak guztira

A! Telefonoa!

Eskerrak mugikorrak telefonoak izaten segitzen duen eta batzuek, gutxienekoek, deitzeko darabilten! Horri eskerrak, zorion agurra elkarrizketa luzexeagoa izatera igarotzen da eta eskertzekoa da; batez ere, bestela tarterik ez dugulako hartzen lagunekin, etxekoekin edo ikaskide ohi eta lankide ohiren batekin hizketan egiteko. Horrelakoetan, inoren urtebetetzea aitzakia perfektua izaten da telefonoko agendara jo, laguna lokalizatu eta sorpresa emateko!

Laburbilduz, Twitter ez bezala, Facebook lagun arteko hartu-emanetarako sare sozial gisa erabiltzen dugu. Mezularitza sistemen artean, berriz, Whatsapp dugu jaun eta jabe; Telegram erabiltzeko ohitura ez dago hain zabaldu gure artean.

Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude