21472, ni 21462 nintzen

Sailkapen ofizialaren arabera 21472 partehartzailek bukatu zuten igande
honetako Behobia-Donostia lasterketa arrakastatsua. Nik ere egin nuen,
21462 dortsal zenbakiarekin, baina ez nauzue sailkapen ofizialeko
zerrendetan aurkituko, txipa etxean ahaztuta joan bainintzen Behobiako
irteerara. Beraz 21473 partehartzailek behintzat bukatu genuen
lasterketa.

Euria goitik behera Behobiako irteeran, aterpetxo guztiak
leporaino beteta, luzaketak, beroketak, nerbioak, hidratazioa (edaten
genuena eta goitik jasotzen genuena),…
Festa
bat iruditu zitzaidan bertan bizitakoa, niretzako 2. aldia izan da
lasterketa honetan, lehenengoa duela 5 urte izan zen, apustu bat
tarteko, eta aurtengo bukatzean hurrengorako motibazioarekin geratu
naiz.
10:30ak aurretik irten zuten patinatzaile eta
ezinduek, 10:30etan berriz irabazteko hautagaiak, eta poliki-poliki
gainontzeko guztiok. Bitartean, busti, beroketak egin, aterpea bilatu,
eta zerura begira, atertuko zuen esperantzarekin.
Iritsi zitzaigun irtetzeko ordua, gure irteera
taldera bildu, eta pankartapean irteera puntura gerturatzen joan ginen,
gainean jantzitako pontxoa kendu, zerura begiratu berriz, tregua apurtxo
bat daukagula ematen du, 10, 9, 8,… 2, 1, 0! Denok aurrera egiteko
gogotsu!
Irun zeharkatu arte jende artean pilatuta, ikusleak
ere ugari, gero lasaiago, Gaintzurizketako maldetan patxadaz, euria
goitik behera, eta ikusleak aterkipean, tartean ezagun batzuk, Lezora
bidean eguzkia ere ikusi genuen, eskertu ere bai, Pasaiako portua,
zelako luzea, Mirakruz gaina, hau ere patxadaz, eta behera, ezagunak
publiko artean, familia tartekoak ere bai, animo guztien indarrak batu,
eta Kursaaletik, azkenengo zuzengunea, helmuga ikusten, eta iristea
nahi, zirraragarria benetan, azkenean helmugara iritsi, kronometroa
gelditu, eta zelako poza, duela 5 urte baino 5 minutu gutxiago, adinaren
arabera hobetzen?
Egiten zuen eguraldiarekin, behintzat korrika
egiteko hotzik ez zen, izugarrizko jendetza pilatu zen ibilbideak dituen
ia 20 kilometroetan, ura eskaintzen ere fin jende pila, horretarako
gertatutako postuetan, musika ere ez zen falta, hasieran, tartean,
amaieran, eta 21473 pertsona (behintzat) korrika. Guztioi eskerrak eta
zorionak noski!!
Hurrengo urtean ea denbora ofiziala egiten dudan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude