« Itzuli albistegira

Bernardo Atxagak zuzentzen duen "Erlea" aldizkariaren 8. zenbakia aurkeztu dute

2015-04-13  ¦  Argitalpenak

Naziek Euskal Herrian utzitako arrastoa aztertu du Erlea aldizkariak bere azken zenbaki honetan. Aldizkariarekin XXI. mendeko euskal kulturaren "urrezko lagin bat" bildu nahi duela azaldu du Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariaren zuzendariak.

Bernardo Atxagak zuzentzen duen

Martxoaren 26an aurkeztu zen Euskaltzaindiak sustatzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria. Erlea aldizkariaren 8. zenbakia da eta, besteak beste, Iparraldeko sortzaileak, Nafarroako koloreak, erleak edota autore berri-berriak ekarri dizkigu esku artera.

Naziek Euskal Herrian utzitako arrastoa da ale honen gai nagusia, eta dokumentu historiko berezi bat ere ekarri du gogora: Adolf Hitlerrek 1942an Eskualduna aldizkarian euskaraz argitaratutako artikulua. Garai hartako euskara ederrean, 1942ko abenduaren 11ko Eskualduna aldizkarian dator eskutitza, eta testu bukaeran ageri da egilearen sinadura: Adolf HITLER. Kepa Altonagak berreskuratu du eskutitza artxibotik, eta balio dezake Euskaltzaindiak kaleratzen duen Erlea aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren nondik norakoa laburtzeko.

Izan ere, hori da Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariaren koordinatzaileak azken zenbakirako hautatu duen gai nagusia: Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian. Haren hitzak dira: "Agian batzuetan ez gara gogoratzen, baina ez da gure Hegoaldeko historia Iparraldeko historia izan. Iparraldean esate baterako naziek beste arrasto bat utzi zuten".

Erlea-8 honetan parte hartzen duten egileak honako hauek dira: Iñigo Astiz, Arantxa Iturbe, Miel A. Elustondo, Joxemari Iturralde, Josu Chueca, Eneko Bidegain, Jabier Kaltzakorta, Janbattitt Dirassar, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Julian Zabalbeascoa, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Grégoire Joannateguy, Jon Kortazar, Uxue Apaolaza, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Joseba Luzuriaga, Irati Elorrieta, Amaia Oleaga eta Xabier Kintana. Bestalde, argazkiak eta ilustrazioak Miel A. Elustondok, J.A. Azpilikuetak eta Jose Ramón Urtasunek egin dituzte.

Bernardo Atxagak aitortu duenez, Euskaltzaindiaren asmoa hamar zenbaki ateratzea da. Beraz, bide luzearen zati handia eginda dago. Idazlearen hitzetan, hamar aleak ditugunean, 1.300 orrialde inguru izango ditugu; horiek lagin bat izango dira, urrezko lagin bat, XXI. mendearen hasieran euskal literatura zertan den erakutsiko duena. Hamar ale horiek, denak batera ikusten ditut nik, liburu bat balira bezala, eta etorkizunean irakurriko dutenak harro sentituko dira.

Artikulu, ipuin eta olerkiak idazten dituzten autoreez gain, aldizkariaren orrietan hizpide diren beste hainbat sortzaile eta eragile aipatu ditu Atxagak: Gabriel Aresti; Florentino Goikoetxea, "heroi bat", Comète Sarean laguntzen aritu zen mugalari hernaniarra; Jean Elissalde; Gerhard Bahr; Leopoldo Maria Panero; Lewis Carroll eta bere Alice, 150 urte bete dituen pertsonaia unibertsala... hori guztia eskaintzen baitu Erlearen zenbaki berriak.

Hurrengo zenbakia (azken aurrekoa) azaroan argitaratuko dela agindu du Atxagak. Eta gai nagusiak ere aurreratu ditu: frontoiak eta astronautak.

Erlea-ren 8. zenbakia erosi nahi baduzu, jo hona.

Informazio gehiago prentsan: