Larraona, hura eskola!

Larraona1993, 1994 eta 1995. urteetan izan zela esango nuke; UEU Udako Euskal Unibertsitateko prentsa bulegoko kidea izateko aukera (eta ohorea!) izan nuen Iruñean, Larraonan…. Hogei urte bete berri, modua izan nuen imajinatu ere ezin nituen pertsonak (nire burua Krutwig elkarrizketatzen oroitzen dudan bakoitzean lotsagorritu egiten naiz oraindik) ezagutzeko, eta gai zinez interesgarriak jorratzeko… Gazteegia izaki, segur aski ez nuen baloratu behar adina hura guztia. Ez nuen behar bezala hartu aintzakotzat UEUko kideek erakutsitako konfiantza eta eskuzabaltasuna… Mila esker! Jexux Mari Zalakain EHUko irakasleari ere esker mila, haren eskutik izan bainuen UEUren berri.

Kepa Altonaga zen garai hartan zuzendaria, eta Iñaki Irazabalbeitia haren albokoa. Joseba Zinkunegiren ondoan egin nuen lehen urtea behintzat prentsa bulegoan. Ondorengoak lausoago ditut gogoan; ezin dut ahaztu, hori bai, lanerako ilusioa… Ez nuen imajinatzen udako bi aste pasatzeko leku hoberik. Ondo gogoan ditut alboan izandako hainbat taldekide ere. Hain memoria lausokoa naiz, izenik ez aipatzea nahiago; baten bat ahaztuko zait, eta zenbaitekin harreman estua izan nuen. Miresten nuen jendea bazen tartean. Mari Karmen Meñika ezinbestean aipatu behar dut; dena kontrolatzeko gai zen lemazain trebe bat iruditzen zitzaidan emakume hura.

Eta aipatutako horien guztien alboan Garesera joatea… Beste luxu bat. Jakina.

Arantxa Iraola (UEUko Kazetaritza Saila) / Argazkia: Rufino Lasaosa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude