Rakel Gamito:”Offline bizitzan gure hitz eta ekintzak bi aldiz pentsatzen baditugu, onlinean, gutxienez, lau aldiz pentsatu beharko genituzke”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan Adingabeak eta internet: arriskuak eta nortasun digitala ikastaroa izango da Eibarren. Rakel Gamito informatikaria eta Haur Hezkuntzako irakaslea izango da arduraduna. ”Adingabeak, Interneteko arriskuak eta nortasun digitala”ren inguruan doktore-tesia egiten dabil Gamito eta UEUko ikasgela birtualaren arduraduna ere bada.

rakelgamito2

Interneteko aroan jaio direnek ikusten al dituzte euren eguneroko jardunak ekar ditzakeen arriskuak?
Adingabeen kasuan, agerikoak dira Interneteko arriskuen inguruko ezagutzaren eta praktikaren arteko kontraesanak. Interneteko aroan jaio direnek sarean bizi ditzakegun egoera gatazkatsuak eta horien ondorioak ondo ezagutzen dituzte. Hala ere, nerabeak ez dira sareko arriskuez kontziente eta ez dituzte euren erabilera pertsonalean hauteman. Adibidez, teoria-mailan arriskutsua dela adierazi arren, euren erabilera-ohituren inguruan hitz egiterakoan, ez dituzte arriskutsutzat ulertzen ezezagunekin kontaktua izatea edota datu pribatuak sare sozialen bitartez zabaltzea bezalako praktikak.

Zein arrisku mota landuko dira ikastaroan?
Ikastaroan adingabeek Interneten bizi dituzten esperientzia negatibo nagusiak landuko dira: grooming, sexting, ziberbullying, eduki ezegokiak eta menpekotasuna. Era berean, pribatutasunaren eta nortasun digitalaren kudeaketaren garrantzia ere landuko da.

Ez esan Interneten herriko plazan esango ez zenukeen ezer.
Ez esan eta ez egin, bizitza pribatua norberaren altxor bezala ulertu eta zaindu beharko genuke. Offline bizitzan gure hitz eta ekintzak bi aldiz pentsatzen baditugu, onlinean, gutxienez, lau aldiz pentsatu beharko genituzke. Gaur egun informazioa kontrolik gabe zabaltzen da eta, ondorioz, klik sinple batek norberaren bizitza hankaz gora jarri dezake. Hala ere, gero eta hedatuagoa dago segunduero gure bizitzaren xehetasun guztiak partekatzearen ohitura (kasu batzuetan, beharra).

Nortasun digitala, erreputazio digitala. Badago zer zaindu
Noski. Gaur egun norberaren nortasun digitala eraikitzeari eta zaintzeari denbora eskaintzea ez da aukera bat, ardura-ekintza bat baizik. Azken finean, nortasun digitala norberaren erreputazioarekin erabat lotuta dago.

Hezkuntza sistema barruan lantzen al da gaia?
Ez bereziki. 2006an, Europako Parlamentuak, hezkuntza iraunkorrerako oinarrizko gaitasunen artean, gaitasun digitala jaso zuen. Dokumentu horretan aipatzen da, besteak beste IKTak erabiltzean jarrera kritiko, burutsu, arduratsu eta etikoa gaitasun digitalaren ezinbesteko ezaugarriak direla.

Hala ere, aipatutakoak orain arte indarrean egon diren hezkuntza-legeetatik kanpo egon dira eta, ondorioz, hezkuntza-plan gehienetan ez dira aintzat hartzen Interneteko arriskuak, pribatutasuna edota nortasun digitalari lotutako gaitasun eta edukiak.

Horretaz gain, irakasle gehienek gaia eskolan lantzearen beharra aldarrikatzen duten arren, gaia lantzeko edota gaiari lotutako egoerei aurre egiteko formakuntza falta dutela salatzen dute. Hezkuntza-sistemaren helburua herritar digital arduratsuak heztea bada, irakasleei hori lortu ahal izateko erremintak eskaintzea funtsezkoa da.

Gurasoen, familiaren kasuan. Zein paper jokatu beharko lukete?
Familiaren inplikazioa gakoa da adingabeek Interneteko erabilera arduratsua egin dezaten. Edozein kasutan, familiek bitartekaritza aktiboa burutu behar dute, aholku eta laguntzaren bitartez adingabeen erabilera-ohitura seguru eta osasungarriak eraikiz. Bi dira adingabe baten Interneteko erabilera baldintzatzen duten faktoreak: Interneteko arriskuen inguruan duen ezagutza eta bere familiak betetzen duen erreferente-papera.

Zer lortu nahi da ikastaroarekin?
Lehendabizi, adingabeen errealitate digitala ezagutzera emango da, bertako biztanleriaren datuak eskainiz. Jarraian, adingabeek Interneten bizi dituzten egoera gatazkatsu nagusiak azaldu eta norberaren egunerokotasuneko ekintzen inguruko gogoeta indartuko da. Era berean, adingabeak eta Interneteko erabilerari buruzko ardurak taldean partekatu, hausnartu eta erantzuteko aukera izango dugu. Azkenik, eskola zein familia adingabeen Interneteko erabilera seguru eta kritikoa lantzeko eta ziurtatzeko funtsezko agenteak direnez, garapen digital geldiezinean adingabeen bide-lagun izateko gakoak ezarriko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude