Iñaki Goñi: “Emakumezkoak eta gizonezkoak izateko, eta munduan kokatzeko moduak anitzak dira”

Udazkeneko eskaintzaren barruan “Bulba duten mutilak eta zakila duten neskak, haurren eta gazteen artean” ikastaroa izango da Iruñean otsailean. Iñaki Goñi Garatea da ikastaroaren arduraduna. Haur Hezkuntzako irakaslea eta sexologoa da bera, eta (tran)sexualitate egoeran dauden adingabeen kasuetako jarraipen eta aholkuaz ere arduratzen da, Madrilgo Alcalá de Henaresko Unibertsitateko Sexologia Zientzietako Institutuaren (INCISEX) bidez.

InakiGoni

Transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen gizarteratzean erantzunak eta formakuntza eskaintzea da ikastaroaren asmoa.
Ikastaroaren asmoa Transexualitatearen inguruko hausnarketa egitea izango da. Transexualitatea aipatzen dugunean zer aipatu nahi dugun jakitera ematea. Zer dagoen Transexualitatea kontzeptua eta ideiaren atzean. Zer esan nahi dugun. Zer esaten den. Eta horrekin batera haur eta gazteen eguneroko bizitzan aritzen diren arlo ezberdinetako gizon eta emakumeei honen inguruko informazioa helarazi, gutxiengo formakuntza baten bidez. Formakuntza eta informazioa izanen da erantzunak esku artean izateko eta garatzeko tresna, bidea.

Zein helburu ditu ikastaroak?
Gizakiak garen momentutik, emakumezkoak eta gizonezkoak gara. Emakumezkoak eta gizonezkoak gara eta ezinezkoa zaigu ez izatea.

Gizakiak garen horretan, emakumezkoak zein gizonezkoak, norbera bakarra eta errepika-ezina da. Norbera bakarra eta errepika-ezina den gizonezkoa eta emakumezkoa da.

Emakumezkoak eta gizonezkoak izateko eta munduan kokatzeko moduak anitzak dira. Ezaugarri maskulinoen eta femeninoen kantitate eta gradu banaketak egingo du norbera izango den gizonezko eta emakumezko bakarra eta errepika-ezina.

Jaiotzetik hiltzen garen arteko prozesu horretan, uneoro garen emakumezkoa eta gizonezkoa eraikitzen joango gara. Eraikuntza osoa, bakarra eta eraldakorra da aldi berean.

Gizonezkoa eta emakumezkoa izatea, sentitzea eta bizitzea, munduan besteekin elkar harremanean, norberaren jakite bat da; norberarena eta ez besteena. Bakoitzarena da, nahiz eta gainerakoek batzuetan ez duten espero; adibidez, bulba edota zakila izateagatik.

Transexualitate egoeran dauden haurrek eta gazteek ez dute inongo gaixotasunik.

“Bulba duten mutilak eta zakila duten neskak”. Hain sinplea dirudien arren Chrysallis-ek martxan jarri duen kanpaina berriak hautsak harrotu ditu.
Hautsak harrotu ditu, azalera ekarri duelako muinean orain arte horren zuzen gizarteratu ez den errealitate bat. Transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen Chrysallis Eukal Herria Elkarteko kideak haien seme-alaben antzeko bizipenak dituztenen errealitatea  gizarteratzen ari dira hainbat ekimenen bitartez; hitzaldiak, solasaldiak, kanpainak, material sorkuntza, erakundeekin bilerak, e.a. “Sinplea” dirudien arren, “sinplea” haur eta gazte hauen mezu horren azalpena islatzea eta jakitera ematea izango da. Horren “sinplea” ez dena da, behin azalpena ezbaira eramaten den horretan, oraindik ere kontu ugarirako prest ez dagoen gizarte batean bizi garela; nahiz eta orokorrean ere, ulermenerako eta barneratzeko jarrera positiboa izan.

Gero eta gehiago azalarazten den errealitatea da, baina ezjakintasuna nagusi da oraindik.
Zabaltzen eta ondorioz gizarteratzen ari den honako errealitateak gure artean oso oso denbora gutxi darama. Esan bezala, lan ugari egiten ari dira gurasoak, familia kideak, profesionalak, erakundeetatik, alderdi politikoetatik eta LGB mugimendutik. Eta oso oso denbora gutxian burutzen ari den lana izaki, oraindik ere logikaren barruan sar daiteke ezjakintasuna nagusi izatea. Ezjakintasuna nagusi bai, baina ezjakintasuna gainditzeko interesa eta jakin-mina ere handia da. Eta horrek asko esan nahi du; haur eta gazte guztien errealitatea ulertzeko eta onartzeko nahia dagoenaren seinale.

Ikastaroan haur zein nerabeen kasuak landuko dituzue. Oso txikitatik haurrek argi dute zer nahi duten.
Orain arteko esperientziak erakutsi digu, Transexualitate egoeran dagoen haur eta gazte batek, argi duela zer nahi duen bere identitatearen eguneroko garatze eta eraikitze horretan. Beste gainerako haur eta gazteek bezala. Azken batean haurrak eta gazteak,  sentitzen eta munduan bizi duten horretatik, ahalik eta hobekien azaltzen eta adierazten saiatuko dira gizonezko edo emakumezko diren. Eguneroko bizitzan, bere norbere izate horretatik, ahalik eta hobekien egotea bilatuko du eta horretarako beharrezko dituen segurtasun eta babes espazioak aldarrikatuko ditu, baldin eta ez baditu. Eta haur eta gazte bakoitzak bere modura aldarrikatuko ditu. Aldarrikatuko ditu beharrezko dituelako. Eta ez baditu, ezingo da bere horretan behar bezala garatu eta eraiki. Horregatik haur eta gazte hauek norbera den, sentitzen den, bizitzen den eta identifikatzen den gizonezko eta emakumezko horretan garatzea ezinezko dutenean aditzera emango dute. Argi dute zer nahi duten; “utzidazue orain naizen eta dakidan honetan bizitzen, nire modura azaltzen eta adierazten”.

Haurrek argi dute, baina zeintzuk dira eskolan, familian agertzen diren zalantzak?
Orain arteko esperientziak erakutsi didana da bi motatako zalantzak nagusitzen direla: Zer edo zer “gertatzen” ari da eta ez dakigu zer; edo eta “gertatzen” ari den hau eta ez dakiguna zer den, ez da Transexualitate egoera kasu baten aurrean gaudelako. “Kasu” bakoitza ezberdina da. Horregatik zalantzek beraiek ere erantzun ezberdinak eta prozesu ezberdinak izango dituzte.

Zalantzak ugariak dira. Ea “normala” den ematen ari dena, nola garatu eguneroko bizitzan, ikastetxeetan komunen banaketa, gaia gizarteratu bai ala ez, nola landu gaia ikaskideen artean, medikuarenera nola gerturatu, izen aldaketa, sexualitatearen bizipena, e.a.

Zalantzak eta galderak. Haurren ongi-izatea eta beraien zoriontasuna bermatzea gure ardura ere badelako, arduradunak garen heinean. Argi dagoena da haur eta gazte hauek, munduan gainerakoekin duten harreman horretan, diren eta dakiten gizonezko eta emakumezko horietan bizitzen uztea aldarrikatzen dutela. Diren eta dakiten gizonezko eta emakumezko bezala jolastu, hitz egin, haserretu, irri egin, e.a. nahi dutela. Beste edozein neska eta mutiko bezala. Haiek ere neska eta mutikoak baitira. Eta edozein neska eta mutikok behar dutena behar dutelako haiek ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude