Maider Itoiz: “Etxeko teilatua hain garrantzitsua dela dirudienez, oinarritik hastea ahazten zaigu”

 “Psikomotrizitatea, mugimendu eta jolas librea” ikastaroa izango da Iruñean udazken honetan. Maider Itoiz Tximeleta eskola libreko bidelagunak eman digu ikastaroaren nondik norakoen berri. Izena emateko epea irekita dago.

Psiko

Garrantzi nahikoa ematen al zaie jolas libreari eta psikomotrizitateari?
Orokorrean helduok ez diogu ematen behar duen garrantzia. Haurren jolasa bizitza da: beraien bizitzeko eta mundua ikasteko modua da eta ez dakite ‘jolasten’ dutela. Helduok, aldiz, badakigu haurrek jolasten ikasten dutela eta horregatik jolasaz baliatu gara gure helburuak lortzeko. Helduok gure jolasteko jarrera berreskuratu behar dugu: horrela, errazagoa izango da haurren munduarekin -eta ez bakarrik beren ideiarekin- bat egitea.

Psikomotrizitate-gela daukaten eskoletan badakite egun berezi bat dagoela haurrentzat: ‘psiko’ dagoen eguna! Zer dauka psiko-gelak, haurrak beti etorri nahi duen leku berezia eta ia magikoa izateko?

Gure gizartean haurrentzat gero eta zailagoa da subjektu aktiboak, trebeak eta etikoki errespetatuak izatea posible egiten duen posizioa bereganatzea.

Behar besteko lekua eta denbora al ditu hezkuntzan?
Haurrek gaur egun ez daukate izateko eta bere bizitzan orientatzeko denborarik; presagatik, hamaika jardueratan parte hartzera behartuak dira eta helduen mundua haurren munduari nagusitzen zaio. Eskola gizartearen ispilua da.

Denbora aipatzean galdera anitz datoz nire burura. Gaur egun nolako erritmoa darama gure gizarteak? Gizakiok geure erritmo propioa errespetatzen al dugu? Haurren mundua errespetatzen al dugu? Benetako garrantzia ematen al diogu haurren munduari?

Haurren munduari garrantzirik ematen ez badiogu, nola emango diote haurrek garrantzia helduen munduari? Haurrei entzuten ez badiegu, zergatik entzun behar digute? Non gelditzen da gorputza eta gorputzarekin zerikusia daukan guztia?

Ezagutza kognitiboari garrantzi handiagoa ematen zaio gaur egun.
Bai, eta egia da ezagutza kognitiboak garrantzia daukala, baina gure adimenaren garapena ezin da azeleratu. Bestela, saltoka gabiltza. Etxeko teilatua hain garrantzitsua dela dirudienez, oinarritik hastea ahazten zaigu.

Maila guztietako erritmoak azeleratzen, bultzaka gabiltza. Haurraren garapenean ez dago ezer banandurik: prozesu guztiek hurrengo prozesuak prestatzen dituzte. Prozesu batean arazoak edo zailtasunak badaude, aurreko prozesuetan zer gertatu den ikusi beharko da.

Adibidez: zutik jartzearen konkista aurretik gertatu diren eta guztiz beharrezkoak diren prozesuak dauzka bere baitan: herrestan eta lauoinka ibiltzea, esertzea…

Haurraren garapen prozesuak eta erritmoak errespetatzen baditugu, haurrak naturaltasunez harantzago joateko gozamena dauka. Hau da bere motorra: gozamena. Gogoratu behar dugu konplexuagoa den horren lorpenean gozamena dagoela. Erritmoak eta garapena errespetatzen ez baditugu, konturatu gabe haiei tiraka, bultzaka eta presaka gabiltza.

Beste adibide bat: legeak dio lehen hezkuntzako lehenengo bi urteetan idazten eta irakurtzen ikasi behar dela. Orduan, zergatik hasten gara aurre-hezkuntzan?

Gure gazteei eta nerabeei arretaz begiratzen badiegu beren arazoak, harremanak eta motibazio falta zintzotasunez kontuan hartuz, nahitaezkoa da aurreko garaietan zer eta nola gertatu den hausnartzea.

Psikomotrizitate praktikak haurra bere osotasunean hartzen du.
Gure eskoletako programetan psikomotrizitate-praktikari garrantzia eman behar zaio. Haurrek gure errespetu osoa eta gure begirada sakona behar dute. Gaur egungo eskolen planteamendutik abiatuta, praktika honek hezkuntza mailan eta prebentzio mailan ematen dizkigun errekurtsoen eta tresnen balioa agerian jarri behar da; baldin eta haurren heltze-prozesuaren aldeko lanean hobekuntzak izan nahi baditugu. Praktika honek haurra bere osotasunean hartzen du: hau da, bere garapen psikologiko, motor, sentsorial eta emozionala kontuan hartzen ditu.

Eta gainera haurraren gorputzak informazio asko ematen digu.
Erraz esanda, mugimenduaren eta psikismoaren arteko erlazioa azaltzen duen terminoa da psikomotrizitatea. Ikuspuntu honetatik, giza portaera gehienak psikomotrizitatearen esparruan kokatzen dira; azken finean, giza jarduera guztiak psikomotorrak baitira. Saioen behaketen bidez, hezitzaileak informazio sakona lortzen du haurrak egiten duenari eta nola egiten duenari buruz. Akaso pentsa genezake haurrak saioetan lortzen dituen konkistak eta garapenak maila motorrean eta sentsorialean bakarrik gertatzen direla eta ez garapen psikologikoan edo emozionalean, baina hauetan ere gertatzen dira.

Psikomotrizitateak jokamoldeen zentzua antzematera gonbidatzen gaitu. Hezkuntzan eta prebentzioan kokatzen den praktika psikomotorra haurrak beren jolas-jardueretan laguntzeko jarduna da; eta egiteko plazeretik pentsatzeko plazerera igarotzeko bidea errazten duen heltze-ibilbide gisa pentsatuta dago. Praktika honek haurrari bere estualdiei aurre egin eta segurtasuna lortzeko aukera ematen dio.

Hezitzailearen edo bidelagunaren jarrera bera ere garrantzitsua da. Zein funtzio izan behar lituzke?
Psikomotrizista ez da proposatzen duena, jolaskide sinbolikoa baizik. Haurren sorkuntzak eta produkzioak laguntzen eta haiek ekintza-subjektutzat hartzen ditu: haurra inguratzen duen munduarekiko harremanetan mugimenduaren eta gorputzaren bidez bizkortzeko eta emozioak izateko aukera ematen dion ekintza-subjektutzat, hain zuzen. Horrela bere imajinarioa eta barne mundua aktibatzen dira eta haurra aitortua, hartua eta ulertua sentitzen da.

Gero eta landuagoak diren -eta askotan sorkuntza intelektualera daramaten- sortze lanetan mugikortasun emozionala inbestitzen laguntzea da hau. Inbestitzea zentzua ematea da, haurrari ulertzen laguntzea. Sortze-lanak jolas sinbolikoaren emoziotik hasi eta sorkuntza intelektualaren eta arazoen konponketaren bidean jarraitzen du. Haurrari bere emozioetatik eta gorputz-imajinariotik aldentzen laguntzea da, haiek hobeto ulertu ahal izateko.

Azken batean, zein da ikastaroaren helburua?
Jolasaren eta mugimendu librearen benetako balioa integratzea, baina dinamiken bitartez gorputzarekin biziz eta gero buruarekin ulertuz (hausnarketa bibentzialetik teoriara).

Gure barne-haurrarekin konektatzea oso garrantzitsua da, gero saioetan ditugun haurrekin oso-osorik konektatuta egoteko.

Bidelagunaren jarrera ulertu eta tresna eta baliabide zehatzak eta erabilgarriak integratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude