Itziar Alkorta eta Roldan Jimeno: “Zein da familia zuzenbideak euskal gizarteari eman behar dion erantzuna? Hori da gure kezka”

UEUren 45. Udako Ikastaroen barruan “Egitatezko bikoteak eta umeen zaintza euskal Zuzenbide Zibilean” izeneko ikastaroa izango da gaur Iruñean. Iazko Udako Ikastaroetan hasitako Euskal Zuzenbide Zibilaren gaineko azterketa konparatuari segida ematera dator gaurkoa. Roldan Jimeno Historian doktorea eta Zuzenbidearen Historian irakaslea (NUP) eta Itziar Alkorta Zuzenbide Zibileko irakasle titularra (UPV/EHU) dira ikastaroko arduradunak.

Itziar Alkorta eta Roldan Jimeno txikia
Itziar Alkorta eta Roman Jimeno, ikastaroaren arduradunak.

EAEko eta Nafarroako familia zuzenbideko legeen edukiak aztertu eta alderatuko dituzue. Gaia bera izan arren, aukera desberdinak eskaintzen dituzte batak eta besteak.
 Kontuan izan behar dugu sustrai historiko berak izan arren, Nafarroako eta EAEko zuzenbide pribatuak –alegia, familia, oinordetza, jabetza eta horrelakoak arautzen dituzten legeak eta ohiturak- bakoitzak bere ibilbide propioa hartu zutela aspaldi. Nafarroak, Erreinu zen neurrian, bere egitura juridiko guztiak zituen, eta baita, zuzenbide pribatu oso bat ere. EAEn, Bizkaiko foru idatzia zegoen, mugatuagoa izan arren, oso aberatsa eta modernoa zena, eta gainerako lurraldeetan ohiturazko zuzenbidea. XIX. mendetik aurrera, Kode Zibila egin zenetik, zuzenbide horiek baztertzera jo izan du Estatuak, harik eta 1978ko Espainiako Konstituzioarekin Erkidego biei bere erakunde pribatuak eguneratzeko aukera eman zien arte. Aukera horretaz baliatu izan da Eusko Legebiltzarra EAE osorako oinordetza eta familia zuzenbiderako arau berriak ezartzeko, egungo gizarteari egokituak, esaterako, oinordetza askatasuna edo eta gurasoen banantzea gertatzen denean, umeen zaintza partekatua… Aldiz Nafarroan, Frankoren garaiko lege batek arautzen du oraindik orain familia zuzenbidea. Zaharkiturik eta egungo gizarteak dituen beharretatik oso urruti dagoen Konpilazio bat ez da egokia nafarrei beren bizimodu arrunteko hainbat gaietan erantzuna emateko.

Partekatutako zaintzaz, krisiak familian izan duen eraginaz, babesik gabeko haurrez…. Puri-purian dauden gaiak landuko dituzue. 
Hain zuzen ere, hori da gure kezka, familia arazoak aztertzea eta euskal gizarte moderno eta ireki batek behar dituen erantzunak nondik norakoak izan behar diren hausnarketa egitea. Egitatezko bikoteen arauketa, banandu ondorengo umeen zaintza, familia bizi den etxea nori esleitu, eta abar… Interes handiko gaiak dira, eta gure kezka da Nafarroako eta EAEko gizarteek araudia oso desberdinak dituztela gai horiek konpontzeko. Aurreratuagoak EAEn, Nafarroan baino.

Errealitatean dauden beharrak ere aztertuko dituzue eta zein arloetan egiten duten legeek huts
. Bai, hori da asmoa. Familietan dauden beharrak aztertu eta horiei zein erantzun ematen ari garen ikusi lehenik, eta ondoren, legeek nondik nora joan beharko luketen aztertzea.

Gaia bere osotasunean jorratu nahi duzue, ez bakarrik ikuspegi juridikotik
. Gaiari ikuspegi integral batetik heltzea da gure helburua. Batetik, abokatuak, unibertsitateko irakasleak, soziologoak, historiagileak, eta abar, bildu nahi izan ditugu, gaiaren ikuspegi zabal bat emateko. Eta bestetik, Nafarroako eta EAEko espezialistak, ikuspegi desberdinak alderatzeko. Zein da familia zuzenbideak euskal gizarteari eman behar dion erantzuna? Hori da gure kezka.

Iazko Udako Ikastaroetan abiatutako Euskal Zuzenbide Zibilaren gaineko azterketa konparatuaren jarraipena da aurtengoa. 
Elkarri bizkar emanda arautu izan ditugu zuzenbide pribatuko erakundeak Nafarroan eta EAEn. Aldiz, erro beretik datozen erakundeak partekatzen ditugu, eta hori baino garrantzitsuago dena: EAEko eta Nafarroako gizarteak familia zuzenbidean behar oso antzekoak dituzte. Zergatik ez elkarri begira jarri eta bakoitzak egiten duena kontuan hartu? Zentzurik badu arauak egiteko orduan elkarren arteko “dibortzioak”?

Zer lortu nahi duzue ikastaro honekin? 
Une honetan, Nafarroako Konpilazioa eguneratzeko ponentzia bat antolatu da Nafarroako Parlamentuan, eta agian, lagungarri izan daitezke hemen landutakoak legetasmoa bideratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude