Iñigo Retolaza Eguren: “Aurreiritzi, epaiketa eta baieztapen gutxiago eta galdera gehiago behar dira”

Iruñeko Udako Ikastaroen barruan “Euskara eta etorkinak. Nola lagun dezake euskarak bizikidetza hobetzen?” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Topagunearekin elkarlanean. Gaur izan dute bigarren eguna eta Iñigo Retolaza Eguren (Eibar, 1968) da arduraduna. Parte hartze, Boterea eta Eraldaketa Sozialean maisua (University of Sussex, Ingalaterra), Topaguneko kolaboratzailea (Zubideiak ekimenean) eta nazioarteko aholkularia/dinamizatzailea eraldaketa sozialean, gatazka politiko eta sozialetako jokalari anitzen arteko elkarrizketetan, erakunde publiko eta herritarren arteko zubigintza sustatzeko prozesuetan, aniztasunaren kudeaketan zein kultura-arteko elkarrizketetan.

IñigoRetolaza

Aniztasun soziokultural eta linguistikoa gero eta nabariagoa da. Galdera asko sortzen dituen egoera da. 
Bai. Eta aniztasuna non? Barne aniztasuna, norbanakoak daukana barruan, marjinatu egiten duguna. Alde hegemonikoa bakarrik agertzen da. Eta beste aniztasun horiek baztertzen ditugu. Euskararen barruan dagoen barne aniztasuna ere bai. Ikusi dugu batzuetan ez garela gai euskara bertan dagoen aniztasun hori “ondo” kudeatzeko, era sortzaile, eraikitzaile baten. Beharbada guk ere badaukagulako hor laborategi sozial bat. Guk ere gure barne aniztasuna hobeto kudeatzen ikasten badugu, beharbada besteekin daukagun aniztasun harremanak hobeto kudeatu ditzakegu. Hori zeharo garbi gelditu da. Eta hor atera den metatrebetasun bat, jarrera bat edo era bat, malgutasunarena izan da. Aniztasunarekin eta etorkinekin lan egiteak sormen handia eskatzen du.

Zein eratako esperientzia izan da orain arte izan duzuena?
 Taldea era batera anitza da. Ez daude etorkinak, hori beti zaila da. Deialdiak askoz ere sakonagoak izan behar dira eurak erakartzeko. Baina era batean badago aniztasuna. Udaleko euskara teknikariak, aniztasun teknikariak, Euskarabideko lagun bat daukagu, Seaskako lagun bat ere badago. Herrigintzan dabiltzan batzuk ere bai. Talde txikia izan da ere sekulako aniztasuna daukagu. Esperientzia guzti horiek eta erabiltzen ari garen metodologia laguntzen ari dira esperientzia horiek elkar banatzen eta azaleratzen. Interesgarria izaten ari da.

Galdera zuk bota duzu eta nik zuri botako dizut. Nola lagun dezake euskarak bizikidetza hobetzen, etorkinen kasuan? 
Hizkuntzan oinarritzen gara asko, baina beharbada hizkuntza baino lehenago eta euskara ikasi baino lehenago, gehien bat harremanen bitartez. Harremanak askoz gehiago landu behar ditugu. Euskarak ematen digu bide bat. Izan ere, euskaraz harremana har eta eman da. Hor dago dena. Nola erabiltzen ari garen euskara. Zer ematen ari gara eta zer hartzen ari gara. Nola hobetu? Ba egunerokotasunetik. Auzoetan. Harreman fisikoak landuz. Euskararekiko aurreiritziak landuz. Aurreiritzi asko daude. Gatazkarekin lotura handia du. Denek sartu dute eskua hor. Hori ere agertu da ikastaroan. Gatazkaren eragina euskararekiko oro har.

Eta alderantziz ere badira estereotipoak.
Estereotipo itsaso batean murgilduta gaude. Alde batetik eta bestetik. Gaur goizean agertu da ikastaroan, “aurreiritziekin bukatu behar dugu”. Nire ustez lehenengo besarkatu egin beharko ditugu aurreiritziak eta azaleratu, “Hau da nire sinesmen sistema”. Eraldaketarako lehenengo pausoa da nik neuk neure ispilura begiratzea. Zein da nire sinesmen sistema? Nola erreproduzitzen dut hor kanpoan landatu nahi dudana.

Hori hori guztia lantzeko zein eratako metodologiak erabili dituzue?
Etorkinekin lan egiteko, euskara dela medio, askoz sortzaileagoak izan behar dugula konturatu gara. Eta askoz malguagoak ere bai. Euskararekin eta bizitzako beste arloetan. Nola lortu malgutasun hori eta nola bilakatu, garatu sormen hori? Metodologia berriak erabilita eta deseroso egonda. Gure barnean ere bai. Deserosotasun hori ondo dator. Laborategi metodologia bat erabiltzen ari gara. Laborategi sozial horretan gizarte osoa dago eta batzuetan jendea deseroso egoten da eta beste batzuetan oso intentsoa den esperientzia izaten ari da. Eta hori babestuta dago eta azaleratuta. Nik esaten dudana da, deseroso bazaude egon zaitez pixka batean hor, hor da orain egon behar duzun lekua. Orain prototipoak sortzen ari gara, baita objektu plastikoak ere bai, egunerokotasunean erabiltzen diren elementuak eta objektuak erabiltzen ari gara, arte plastikoetatik datozenak. Konstelazioak ere landu ditugu, bisualizazioak ere bai. Baita euren arteko elkar ikasketa ere. Coaching saioak. Aholkularitza express saioak. Hor dagoen esperientzia gorputz hori mugitzeko. Mahai gabe, aulkiekin. Neurri batean espazioari beste esanahi bat ematen. Testuinguru “akademiko” batean gaude, baina ikasteko eta desikasteko beste era batzuk erabili ditzakegu. Akademikoak ez direnak. Gorputza ere erabiltzen ari gara. Hor barruan dagoena azaleratzeko. Normalean oso kognitiboak izaten dira ikasketa prozesuak eta gorputza ontzi bat bezala erabiltzen dugu. Eta gu ere gorputza gara. Body learning erabiltzen ari gara.

Zer lortu nahi zenuen edo zer lortu nahi duzu ikastaro honekin? Zein da helburua?
Bi helburu daude. Itzalean dagoen helburu bat, orain azaleratuko dudana, bakoitzak bere burua ikustea da. Bakoitzak bere barne hausnarketa egitea. Ni non kokatzen naiz. Teoria U ere erabili dugu metodologia bezala. Metamodelo bat, eraldaketa metamodelo bat. Galdera batzuek egituratu dute prozesu osoa. Lehenengo galdera ni non nago. Euskara eta etorkinen testuinguru honetan. Bigarren galdera gu non gaude. Euskara eta etorkinen sistema hori konstelazio baten bitartez hausnartu dugu. Hirugarren galdera zertaz konturatu naiz. Laugarren galdera zein oztopo ditut. Eta bosgarrena zer egin dezaket edo zer egin dezakegu. Parte hori, zein oztopo ditut eta zer egin dezaket edo zer egin dezakegu, prototipoen bitartez lantzen ari gara.

Eta bigarren helburua… Lehenengo egunean hausnarketa orokor bat izan dugu. Nola dagoen sistema hau, zer dago hor, zeintzuk dira titular handiak… Eta gaur eurak beraien kasuak ekarri dituzte, euren lan arlotik. Kasu horiek ikusten hasi gara, prototipoaren lehenengo fasean gaude, eta nahi duguna da eurak hemendik ekintza proposamen bat, protodiseinu bat ateratzea. Eta hurrengo hiru pausuak zeintzuk izan daitezkeen ere bai.

Zenbat etxeko lan dugu euskaldunok?
Gure etxeko lanena oso konplexua da. Nik gatazkarekin lotzen dut hau. Gatazkak eragina izan du euskararengan, baina baita hiritar guztiengan. Tinkotasun hori. Zurea edo nirea. Hau edo bestea. Lehenengo etxeko lana da printzipio horretatik osagarritasun printzipiora pasatzea. Hau, eta bestea ere bai. Hori aniztasuna eta konplexutasuna kudeatzeko askoz hobea da. Malgutasuna behar da. Gure artean barne aniztasun hori hobeto lantzea. Aurreiritzi, epaiketa eta baieztapen gutxiago eta galdera gehiago behar dira. Erronka berriak dira eta, beraz, galderek berriak izan behar dute. Elkarrizketa askoz gehiago sustatu behar da. Anitzen arteko eta jokalari ezberdinen arteko elkarrizketarako fisikoki guneak sortu. Deabruak uxatzeko. Eta guk gure burua eguneratzeko herri bezala. Gure gizartearen zati bat biktimismoan dago oraindik. Nik uste dut aurrera jo behar dugula. Era sortzaileago baten eta askoz ere eraikitzaileago baten. Ispilu bat izango dugu, denbora guztian atzean zer dagoen ikusteko, baina aurrera jo behar dugu. Hor daukagun motxila hori askatu. Konplexu barik. Beste etxeko lan zehatz bat, zure auzoko etorkinekin beste harreman bat hastea. Oso erreza eta oso zaila da. Ez diogu zertan itxaron behar politika publiko bati, holako ikastaro bati, norbaitek zerbait egiteari… Adibidez, dendan dagoen pakistandarrari bere bizitzaz galdetu. Horrekin sekulakoa egin dugu. Oso erreza da, baina oso zaila da. Gure mugak gainditu behar ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude