Nerea Mendizabal: “Guraso eta hezitzaileak, nahi edo ez nahi, erlazioan gauden unetik haurren autoestimua elikatzen goaz, modu baikor edo ezkorrean”

UEUren udaberriko eskaintzaren barnean “Haurren autoestimua ezagutu eta garatzeko erremintak” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Nerea Mendizabal Etxebarria psikopedagogoa eta ikastaroaren arduradunarekin hitz egin dugu. Matrikula zabalik dago!

Nerea-Mendizabal-11
Zer landuko duzue ikastaroan? Haurren eta geure autoestimua zaintzearen inguruan sakondu nahi dugu. Pertsona bakoitzak dugun geure irudi edo estimua gizakion bizitzaren oinarria da, honekin bizitzan egoteko eta izateko modu bat azaltzen baitugu. Autoestimua, bakoitzak geure irudiaren inguruan dugun balorazio, estimu eta onarpena da. Denok nahi dugu maitatuak sentitzea eta garen bezala onartuak eta ikusiak izatea. Orokorrean, jaso dugun onespena egin ditugun jokabide eta lorpenen araberakoa izan da. Hau da, uste zen bezain ondo portatzen baginan eta espero zen lorpenak izaten banituen, pertsona baliotsu eta maitatuaren mezua jasoko nuen. Eta ez bazen horrela, alderantziz. Hau da orain, gure haurrekin erabili ohi dugun parametroa. Guraso edo hezitzaile bezala geure autoestimuarekin elikatu beharra sentitu dezakegu eta aldi berean, haurrek autoestimu ederra izatea eta hau benetan den gizakiarekin bat eginda izatea nahi dugu. Ez dago zalantzarik, gizaki bezala, jokaera, jarrera eta lorpenak ez badira gustukoak ere, pertsona bezela ditugun ezaugarriak bereziak eta ederrak direla eta hauek berreskuratzea, egoera konpontzea bezain garrantzitsua izan daitekeela. Are gehiago, egoera modu eraginkor batean kudeatzeko osagai beharrezkoa.

Zoriontasun eta ongizate emozionalerako giltzak garatzea da helburuetako bat. Zeintzuk izan daitezke giltza hauek?
Haurra jaiotzen denean ez daki bera nor den, nolakoa den eta bere buruaz jasotzen duen informazioari esker bere irudi propioa egiten joango da. Hasiera batean, gurasoak izango dira, bere lehendabiziko erreferenteak, bere buruaz izango duen begirada mugatuko dutenak. Ondoren, haurrarekin kontaktuan izango diren pertsonek elikatuko dute txikien autoestimurako osagaiak. Berari buruz esango duguna (zuzeneko hitzak edo gure jarrera edo keinu sutilenak ere) bere jokamolde eta jarrerak interpretatzen ditugunarekin, bera nolakoa ikusten dugun informatzen diote eta horrela aurkituko du bera zein den. Informazio hau gordeko du bere disko gogorrean, eta ideia hau onartuko du zalantzan jarri gabe, gero horren arabera jokatzeko. Hau dela eta, beraien autoestimua beraiek diren bezala baloratuz forjatzearen garrantzia eta ez beraien jokaerak guk interpretatzen ditugunaren menpe. Helburua ez da ez epaitzea, ez kritikatzea ezta modu modu baikor edo ezkorrean indartzean ere. Agertzen dituen jokaera eta jarrera horien atzean dagoen gizakia ezagutu eta ulertzean datza, honekin eskaini eta lagundu baitiezaiokegu gertatzen zaion horretan behar duen beharrezko ekarpena eginaz hezten eta garatzen joan dadin bere jokaeretan ere. Garbi dago, aurrerago berekiko informazio hau bere berdinekin, lagunekin ere etorriko zaiola. Baina, bere autokontzeptuaren oinarri sendo eta tinko batekin, etorriko zaionari aurre egiteko argitasun eta gaitasun gehiago izango dituela ez da zaila irudikatzea.

Nola adieraz daiteke haur bati baliotsua dela? Nola sustatu daiteke ideia hau? Modu asko daude: jaio aurretik eta ondoren eraikiko dugun atxikimendu seguruarekin. Haurraren beharrak asetzen ditugunean, behar duen adina eta behar duen denboran, oinarri sendoak jartzen lagunduko diogu bera pertsona baliotsu eta merezi duena dela jakinaraziz. Bere beharrak errespetatuz eta bere erritmo kontuan hartuz. Ulertuz. Bere jokaera eta jarrera gustukoak ez direnean ere egin duena egitera bultzatu duena ulertzen dugula jakinarazten diogunean, ase nahi izan duen beharra ulertzen saiatzen garenean. Ulertzea eta ados egotea eta horrela jarraitu dezakeela baieztatzea ez da berdina. Bere benetako balioa ikusi eta estimatuz, bere jokaerengatik baldintzatu gabe.

Helduek duten eragina prozesu honetan nolakoa da? Nola daki haur batek baliotsua dela? Haurren autoestimua ez da zerutik erortzen den edo genetikaz etortzen den zerbait. Guraso eta hezitzaileak, nahi edo ez nahi, erlazioan gauden mementotik haurren autoestimua elikatzen goaz, modu baikor edo ezkorrean. Norberaren autokontzeptu honek ikasketa prozesuan, erabakiak hartzeko garaian, norberarekin eta gainerakoekin erlazionatzeko eta bizitzak aurkeztuko dizkigun egoera desberdinetan aurre egiterakoan eragin zuzena izango du. Eta nola ez, gure zoriontasunean ere.

Nola lagundu diezaioke heldu batek bere umeari honek konfiantzarik agertzen ez badu? Guk ez badugu haurraren diamantea ikusten eta berataz fidatzen ez bagara, haur batek ezin du berak bakarrik beregan dagoen balioa aurkitu eta gizaki berezi eta bakar bat bezala ikusi bere burua. Bi une kritiko izango dira: gustatzen ez zaizkigun jokaera eta jarrerak dituenean eta gustoko ditugun jokaerak dituenean.

Jokaera eta jarrera gustukoak ez direnean nola mantendu bere autoestimuari? Nire haurra ez dela egiten duena/egiten ez duena barneratuz, adibidez. Desberdindu egin behar dut nik dudan begirada eta benetan gertatzen dena. Laguntzeko beste modu bat egiten duen edo jarrera horrek esan nahi duenarekin enpatizatzea litzateke. Egoera horretan guztian dagoen altxorraz liluratuz ere mantendu dezakegu bere autoestimua, eta baita haurraren beharrak zaindu eta babesteko izan ditzakeen bere moduak aurkitzen lagunduz.

Eta jokaera eta jarrera gustukoak dituenean? Errefortzu baikor, sari eta goraipatzeen aukerak erabiliz: ikusten eta entzuten duguna deskribatu epaiketa, ebaluazio eta interpretaziorik gabe; egin duenarekin bera nola sentitzen den galdetu edo guk nola ikusi dugun partekatuz; bere ezaugarrietan dagoen balioa erreskatatuz eta egin duenak niregan duen eragina adieraziz. Gustukoa izan den hori egin izanak ez du esan nahi beti egin behar duenik (ni gustura egoteko). Egiteari uzten badio, aukera polita izan daiteke ez egitera eraman duen hori ulertzeko eta horretan laguntzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude