Itziar Aduriz eta Ruben Urizar: “Helburu nagusia disziplina arteko lana, gure arteko komunikazio hori lortzea da”

Zer Berri? Galdera horri erantzuteko antolatu dute Hizkuntzalari Euskaldunen III. Topaketa Baionako UEUren Udako Ikastaroen barruan. Egun osoko jarduna izan da eta Itziar Aduriz eta Ruben Urizar UEUko hizkuntzalaritza sailburuak ibili dira antolaketa lanetan.

IKUSI BIDEOA

Ruben eta Itziar txikia
Ruben Urizar eta Itziar Aduriz.

 

III. Topaketetan berriro ere hasierara bueltatu zarete. Hizkuntza ardatz duten lanak aurkezteko izango da. Zer berri dagoen jakitea da helburua. Euskal Herrian hizkuntzaren inguruko ikerketa zertan den. Beharra zegoen?
 2013an egin genuen hizkuntzalari euskaldunen lehenengo topaketa. Orduko topaketaren helburua oraingo berdintsua zen. Alegia, euskara aztergai zutenak zertan ari ziren ikustea. Eta hartara ikertzaileok ere elkarren berri izatea. Ikerketa munduan orohar atomizazio handia gertatzen da. Geure ikerketa eremu txikian zentratuta gaude eta askotan ez dakigu ondoko ikertzaileak zertan ari diren. Euskarari buruzko ikerkuntzan ere antzekoa gertatzen da sarritan. Hutsune hori bete nahi lukete topaketa hauek.

Helburua da gelditu eta ikerketa hori nola doan ikustea da. Diagnosi txiki bat egitea tarteka. Bi urtez behin edo. Hemen aurkezten dena ez da dagoen ikerketa guztia, zati bat da, baina horrekin mapa bat egiten dugu, diagnosi txiki bat. Zalantza izan genuen, izan ere, bigarren urtean IkerGazte kongresua hai zen. Zalantza izan genuen hizkuntzalaritzakoa egiteak merezi zuen ala ez eta aldatu behar genuela pentsatu genuen hasieran. Orain urte bikoa desberdina izan zen, baina berriro bueltatu gara topaketa orokor horretara. Hain zuzen ere, ikusten dugulako helburu horrek badaukala garrantzia.

Izan ere, eremu zabala hartzen du hizkuntzalaritzak. 
Bai eta komunikazioen aniztasuna nabarmenduko genuke. Badira komunikazioak kriminologiaz, soziolinguistikaz, dialektologiaz, itzulpengintzaz, psikolinguistikaz, hizkuntzaren prozesamendu automatikoaz, bigarren hizkuntzaren irakaskuntzaz…

Hizkuntza izakion ahalmena da, euskara kasu honetan, modu transbersalean agertzen dena alor guztietan, ekintza guztietan. Horregatik dugu inpresio hori, eremu zabala hartzen duela. Azken batean, hizkuntza zientziak dira, hainbat alorrekin du zerikusia. Hizkuntzalaritza barrukoetan: fonetikan, fonologian, gramatikan, pragamatikan, diskurtsoan… Denak aurkeztuko dira gaurko egunean. Baita fraseologiakoak, lexikologiakoak, terminologiakoak.. Eta gero hizkuntzalaritza aplikatuko eremukoak ere badira.

Lehenengo topaketan ez bezala, komunikazio aurkezpenez gain, poster saioak ere izango dira oraingo honetan. Komunikazio gutxiago izanik ere lehenengo topaketa hartan konturatu ginen eztabaidarako tarte labur samarra gelditu zela. Eta halaxe adierazi ziguten bertaratutakoek ere. Hori dela eta oraingoan nahiago izan dugu komunikazioetan tarte handixeagoa utzi galde erantzunetarako, eztabaidarako. Eta horretarako beste ekarpen batzuk poster saio baterako utzi ditugu.

Horretaz gain, Kike Amonarriz izan da hizlari gonbidatua.
Hiruetan izan dugu hasierako hitzaldia. Lehenengoan izan zen Iñaki Segurola, bigarrenean Itziar Laka eta oraingoan Kike Amonarriz izan da. Kike Amonarriz gehienek telebistako showmantzat badute ere luzaroan aritu da soziolinguistika arloan, euskara aztertzen; eta, beraz, ezagutzen du euskararen ikerketa mundua, bere hitzaldian ikusi dugun moduan. Oso diagnosi interesgarria egin du. Iruditu zitzaigun euskararen inguruko ikerketari ikutu umorezko eta baikorra emango ziola eta halaxe izan da.

Hizkuntzalaritza-saila biziberritzeko asmoarekin antolatu zen lehendabiziko topaketa. Diziplinarteko elkarlanari ateak zabaltzea ere bazen helburua. Hirugarren honekin zer lortu nahi duzue? Zein da helburu nagusia?
Lehenengo helburua gaindituta dagoela esango genuke. Hizkuntzalaritza saila bere lozorrotik atera dugu. Hori zen hasieratik genuen helburua, zuzendaritza hartu genuenetik. Bere garaian egon arren, urte batzuetan zuzendaritzarik gabe egon zen. Hori behintzat lortu genuen. Lozorrotik atera dugu eta apurka apurka erritmoa hartzen joan da. Urtero antolatzen ditugu udako ikastaroak eta urtean zehar ere bestelako saioak, ikastaroak egite ditugu. Euskara ikergai dutenak biltzen dira topaketa hauetan eta beste ikastaroetan ere, eta aurreneko helburua elkarren berri izatea da. Horrek ikertzaileen arteko elkarlanerako bideak zabaldu ditzake, baina hori beti ere zailago izaten da. Lehen aipatu dugun atomizazio horregatik. Oraindik zati txikia egin dugu, baina hasierako komunikazioetan dagoeneko atera da elkarlaneko behar hori. Eta modu natural batean jarri dira harremanetan. Espero dugu disziplina arteko lana, gure arteko komunikazio hori lortzea. Helburu nagusia, behintzat, hori da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude