Kike Amonarriz: “Errealitatea zertan den bere horretan ematen saiatu gara, baina beti jarrera baikorra eta motibagarria erakutsiz”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Tribuaren berbak” sekuentzia didaktikoak gelan erabiltzeko jarraibideak izeneko ikastaroa emango du Kike Amonarriz Gorria telebistako aurkezle eta soziolinguistak. Tribuaren berbak telebista saioan oinarrituriko “Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz” sekuentzia didaktikoak iaztik daude sarean edozeinen eskuragarri.

Zeintzuk dira “Tribuaren berbak”-en arrakastaren gakoak?
Hori behar bada hobeto erantzungo lukete ikusleek nik neuk baino, askotan ez baita erraza izaten programa batek zehazki zergatik izan duen arrakasta jakiten, baina bai esan dezaket, programa diseinatzen ari ginela oso garbi ikusi genuela zer nolako ezaugarriak izan behar zituen eta horiek ziurrenik eragin zuzena izan dutela ikusleen harrera on horretan.

Euskararen inguruko saio interesgarri, dibertigarri eta motibagarria egin izan nahi genuen, horretarako edukiak bezainbeste zainduz irudia. Argi genuen ideia nagusiak bisualki azaldu behar genituela eta erabiliko genuen hizkera ezin zitekeela espezializatua izan, ikusle guztiek ulertzeko modukoa baizik. Bestalde, hizkuntzaren gaia denok ukitzen eta hunkitzen gaituenez, adituak bai, baina batez ere arituak eta beren bizipenak hobetsi genituen.

Askori atentzioa eman zion hasieratik, erabilitako tonu alai eta baikorrak. Askotan esan izan dugu, gu errealitatea zertan den bere horretan ematen saiatu garela, batere makilatu gabe, baina errealitate horren aurrean beti jarrera baikorra eta motibagarria erakutsiz.

Programari, bestalde, “airea” eman nahi izan genion: batez ere kalean grabatu genuen, umore ukitu ugari sartu genizkion, eta kale-inkestez eta “pilula” edo azalpen bisualez osatzen genuen.

Eta beste elementu giltzarria, lantalde profesional eta inplikatua izan da.

Ia urtebeteko ibilbidea egin dute saioan oinarritutako “hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz” sekuentzia didaktikoek. Zein harrera izan dute orain arte?
Iaz kaleratu genituen sekuentziak, eta berauek hainbat lekutan aurkeztu genituen. Irakasle askok agertu izan digu interesa eta badakigu leku batzuetan, iaz bertan, aplikazio partzialen batzuk bederen egin dituztela. Baina materiala sarean edozeinen eskuragarri dagoenez, datu zehatzik ere ez dugu.

Pentsatzen dut, interesatuta daudenek gehienek, aurtengo ikasturtean jarriko dituztela praktikan sekuentziak , eta horregatik UEUtik ikastaro hau antolatzeko aukera eskaini zidatenean, berehala eman nuen baiezkoa, oso interesgarria iruditzen zaidalako, sekuentziak praktikan jartzeko asmotan direnekin harreman zuzen hori eduki ahal izatea.

Zein da material didaktiko horren helburua? Zein da oinarrian dagoen filosofia?
Saioak eskaintzen ari ginela, batetik eta besterik iristen zitzaigun, “Tribuaren berbak” material gisa ari zirela erabiltzen hainbat ikastetxe, euskaltegi eta unibertsitatetan. Eta garbi neukan, era batera edo bestera, material hori ikastetxeen esku eta erabiltzeko moduan jarri behar genuela.

Ideia hori buruan, Asmoz Fundazioarekin sekuentzia didaktiko hauek egiteko aukera sortu zen. EIMA deialdira aurkeztu genuen proiektua, ontzat eman zuten eta horrela sortu ziren.

Oinarrian dagoen filosofia da, ikasleek, teknika kooperatiboak erabiliz eta ikuspegi komunikatiboa landuz, hizkuntzen eta euskararen mundua deskubrituz joan daitezen, gaiaren inguruko beren ezagutza osatuz eta euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrera baikorra hartuz; baina hori guztia beren kabuz.

Zer lantzeko dira aproposak?
Sekuentziek, inguratzen gaituen errealitate linguistikoa hobeto ulertzen lagunduko diete ikasleei. Baita hizkuntzak maitatzen, beren biografia linguistikoak deskubritzen, euskara munduan kokatzen eta euskararen alde egiten ari garen lanari arrazoiak bilatzen. Bestalde, espero dut hizkuntzaren aldeko jarrerak eta jokaerak lantzeko ere aproposak eta eraginkorrak izatea.

DBHra begira sortutako sekuentzia didaktikoak izan arren, euskaltegietan zein unibertsitatean erabilgarri dira, besteak beste.
Bai. Kasu batzuetan, jarduera batzuk edo helburu komunikatibo batzuk egokitu beharko dituzte, baina orokorrean, erabilgarriak gertatuko zaizkie.

Ikastaroaren helburua materiala erabiltzeko jarraibideak ematea baino gehiago da. Zein izango da metodologia? Zer lortu nahi zenuke ikastaroarekin?
Batetik jarraibideak landuko ditugu eta bestetik, era honetako sekuentziak sortzeko bidean barneratuko gara, eskueran ditugun sekuentziak aztertuz eta berriak sortuz.

Ikastaroak aurrez-aurreko bi saio izango ditu, eta gainerako lanketa on-line bidez egingo da, garrantzi handia emango diogularik, norberaren esperientziak, iritziak eta ekarpenak partekatzeari.

Helburua litzateke, ikastaroaren amaieran, parte hartuko dutenak sekuentzia didaktiko berriak sortzeko gai izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude