UEUko Talde Eragilea: Nor da nor?

UEUko bazkideen Batzar Orokorrak hautatzen ditu Talde Eragileko kideak (bi urtean behin) lau urtetarako, zuzendariarekin batera elkartearen ildo nagusien jarraipena egiteko. Unibertsitateko eta euskalgintzako kideak dira, bolondres gisa UEUri beren denbora librea eskaintzeko prest daudenak.

 

 

IÑAKI ALEGRIA LOINAZ (Donostia, 1957)

Ogibidez EHUko irakasle/ikerlaria. IXA taldeko fundatzailetako bat. 1982n ezagutu nuen UEU Kepa Sarasolaren eskutik. Euskaldun berria nintzen eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Informatika sailean urte luzetan, Talde eragilean bi aldiz, eta ustekabean, zuzendari 2014tik 2017ra. UEUk hainbat proiektu interesgarri martxan jartzeko aukera emateaz gain, lagun jakintsuak ezagutzeko aukera ere eman dit!

Harremanetarako

 

 

MILA AMURRIO VÉLEZ  (Gernika-Lumo, 1964)

EHUko Soziologia irakaslea eta ikerlaria naiz. UEUra hurbildu nintzen 1990ko Larraonako Udako Ikastaroetan. Urte hartan, doktoregaia nintzela, eman nuen nire lehen hitzaldia euskaraz: Genero Soziologia. Oinarri teorikoak. Handik urte gutxira argitaratu nuen UZTAROn lehen artikulua euskaraz, horren ostean beste batzuk etorri ziren. 2004-2007 urte bitartean EHUko Euskal Herria XXI: euskaldunak marko politiko, kultural eta linguistiko berriei begira doktoretza programa zuzendu nuen UEUrekin lankidetzan. Ilusioz hartu nuen UEUren etengabeko prestakuntzako proiektuetan parte hartzeko egin zidaten gonbitea, hurrengo urteetan horretan arituko naiz, nire onena emanez.

Harremanetarako

 

 

OSKAR ARANTZABAL IRAETA  (Eibar, 1967)

Ekonomia saileko Sailburua

Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziatua naiz (Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herria) eta Nazioarteko marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland). Esportazio lanetan jardunean nabil, sektore industrialean. EITBn ekonomia gaietan kolaboratzaile eta estatu txikietan espezializatua. Juan Zelaia saria irabazi nuen 2013an, honako saiakeragatik: “Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari” Inguma datu-basean zazpi erreferentzia ditut, UEUrekin izandako lehen harremanetik: “Estatu txikien ekonomia handiak” (2008) eta UEUn argitaratu nuen 2012. urtean “Lurraldearen dimentsioa estatuaren eraketan” liburua. 2017an, koordinatzaile gisa aritu naiz “Ikasgai sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik” liburuan.

Harremanetarako

 

ABEL CAMACHO ROMERO (Santurtzi, 1966)

Urte luzez euskara-irakaslea izan naiz eta gaur egun Santurtziko Udaleko prestakuntza-teknikaria. 1991n joan nintzen lehenengoz  Larraonako Udako Ikastaroetara. Harrez geroztik, Glotodidaktika sailburu izan naiz, hainbat jardunaldiren antolatzaile, profesionalen etengabeko prestakuntzako ikastaroetan irakasle, #HEZikt berezko tituluko zuzendaritzakide eta UEUren online eredu pedagogikoaren egileetako bat.

Harremanetarako

 

 

INES CASTIELLA IMAZ (Iruñea, 1974)

Injeniari industriala naiz, elektronikan espezialdua. Herritar euskaldun iruindar eta nafar modura, UEUn bazkidetu nintzen 2012an, euskalgintza, ahal bazen, pixka bat gehiago hauspotzeko asmoarekin; ikusita Nafarroan arlo formala euskaraz lantzeko aukerarik ez dagoela, UEU bezalako proiektu bat beharrezkoa ikusten baitut. Nafarroatik ere, ekarpen interesgarri eta baliozko asko egin ditzakegula uste dut, eta gaur gaurkoz, ekarpen horiek jasotzeko gunea UEU dela iruditzen zait. 2018. urtetik UEUko Itzulpengintza sailburu ere banaiz.

 

Harremanetarako

 

KOLDO GARCIA ETXEBARRIA (Basauri, 1982)

Biodonostia OIIko ikertzailea naiz. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea, biologia konputazionala erabiltzen dut ikerkuntza burutzeko. Ikertzaileaz gain dibulgatzailea ere banaiz. UEUra bazkidetu nintzenetik (2012) hamaika kontutan parte hartu dut: ikastaroetara joan, hitzaldiak eman, elkarrizketak egin, udako ikastaroren bat antolatu, etab. luze bat. Hori posible da etxeko lanak egiten duen eta etxea primeran gobernatzen duen jendea dagoelako. UEUk eman didan guzti hori eskertzeko modua iruditu zitzaidan talde eragilera batzea, etxeko lan horietan ere laguntzeko.

Harremanetarako

 

 

PAULINE GUELLE  (Paue, 1992)

Zuzenbide publikoan doktore-tesia prestatzen ari da Paue eta Aturrialdeko unibertsitatean (UPPA). Nire tesia gaiak zerikusia du Euskal Herriarekin zerikusia duen tesia da, torturaren problematika jorratzen baitu. Bordeleko Zientzia-politikoetako eskolan (unibertsitatea) ari da Zuzenbide publikoa irakasten. Iruñean egin zen Ikergazte (2017) saioan parte hartu nuelarik UEUrekin lehen harreman zuzena ukan nuen. Gero, erabaki zelarik Baionan (2019) ekimen hau antolatzea, xumeki lagundu nuen egun horien eraikitzean. Hortik goiti egiazki ezagutu nuen UEU, eta horrek enbeia eman zidan taldeaz gehiago hurbiltzeko. UEUren ekimenak Ipar Euskal Herriari hedatzea izango dut helburuetako bat.

Harremanetarako

 

ANJELES IZTUETA TOLOSA  (Tolosa, 1954)

Matematikaria naiz eta unibertsitatean ( EHU- Sarriko, Donostiako Elizaren Magisteritza Eskolan, Deustu-ESTE, UNED), Emakunde-n zein Eustat-en egin dut lan, beti ere ikerketa eta estatistika-matematikoaren arloan. 70ko hamarkadan UEUk Larraonan (Iruñean) antolatu zuen lehen hamabostaldian parte hartu nuen, Matematika Sailean. Garai hartan Valladoliden nintzen matematika ikasle. Gerora ere urtero parte hartzen nuen Larraonan. Sarrikon irakasle nintzela matematika euskaraz emateko lehen saiakera egin genuen 1977an. UEUko Matematika Saila izan zen gure lan taldea eta matematika hiztegia ere elkarrekin landu genuen, UEUren babesean. Larraonan landutako UEUkideen sarea beti izan dut oso presente nire ibilbide profesional edo politikoan. Nire esperientzia ekartzeko gogoz nago, eta, batez ere, nire gogoa eta ilusioa.

 

 

 

XABIER LANDABIDEA URRESTI (Bilbo, 1981)

UEU Miarritzen ezagutu nuen lehen aldiz, Ikus-entzunezko komunikazioaren bigarren urtean nengoela. Erromantikotasun eta profesionaltasunaren arteko oreka transmititu zidan orduan, eta oreka zail hori gordetzen jakin du gerora ere, IkerGazte kongresuaren Batzorde Dinamizatzailean eta Batzorde Zientifikoan parte hartzerakoan ikusi ahal izan dudan bezala. UEUko Komunikazio Sailburua naiz, eta Talde Eragileko kidea 2017tik. Euskal Herriak bizi duen aro zirraragarri honetan UEU lehen mailako eragile intelektual eta soziala izateaz gain, euskarak behar eta merezi duen statusa lortu dezan lanean dabilen edozeinentzat ezinbesteko aliatua dela uste dut.

Harremanetan jartzeko

 

KEPA SARASOLA GABIOLA (Begoña, 1958)

UEUko Zuzendaria

1980tik Larraonakumea. UEUko Joserra Etxebarria, Mikel Alkorta eta Xabier Artolak irakatsi zidaten informatikaz euskaraz idazten eta azaltzen. 1984an informatika euskaraz irakasten hasi ginen Iñaki Alegria eta biok. UEUko informatika sailean irakasle berriak eta materialak prestatuta… 1998an EHUko Informatika ingeniaritza osoa euskaraz egin zitekeen.  Ezina ‘ueuekinez’ egina. 2002an UEU-IXA lankidetzan HIZTEK masterra abiatu genuen Hizkuntza Teknologiaz, gero 2006tik HAP masterra bihurtu zena; 130 aditu atera dira hortik :-). 2012tik Itzulpengintza eta Teknologia on-line graduondoan itzulpen automatikoaz irakasten dut Gorka Labaka, eta Nora Aranberrirekin. 40 aditu atera dira hortik 🙂
EHUko Informatika Fakultatean irakaslea naiz, bertan IXA taldeko ikerlari ere bai.

Harremanetan jartzeko

 

ANE SARASUA ARANBERRI (Eibar, 1971)

Idazkari Nagusia

1997. urtetik, UEUko langilea da eta 2000. urtetik, Idazkari Nagusia. Idazkaritza profesionalaren burua da. UEUren proiektuaren bideragarritasunaz arduratzen da. Kudeaketa, finantzak eta giza baliabideen gidaritza uztartzen ditu bere egunerokotasunean, lantaldeak ahalik eta eraginkorren helburuak lor ditzan. Berari dagokio, lantaldearen eta zuzendaritzaren arteko zubilanak egitea.  Zuzendariaren konfidantzazko kargua da.

Harremanetarako

 

ISUSKO VIVAS ZIARRUSTA (Bilbo, 1975)

Bilboko hiritarra. Hogei urtez hirigintzan eta hiri-paisaian eragin fisikoa nahiz sinbolikoa duten elementuei buruzko ikerketan aritu izan naiz. Hala nola, monumentuak, eskultura publikoak, hiri-altzariak eta arteari zein kultura-materialari dagozkion objektu erabilgarriak edota tokian tokiko izaeraren agerkari legez oroimenari atxikitzen zaizkionak. Bai ikuspegi artistikoetatik bideraturiko begiradarekin, bai egitura soziokulturalen oratze-leku heterogeneoetatik ere. Duela kasik hamabost urte Karmele Artetxeren eskutik heldu nintzen UEUrekin aktiboki kolaboratzera. Lehenik eta behin Uztaro: Giza eta Gizarte Zientzietako Aldizkarian eta handik gutxira Unibertsitatea.net atariko Blog Komunitatean, han zuzen ere Hiritartea: hiria eta artea uztartzen dituen gunearen ardurarekin, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikerlaria naiz Arte Ederren Fakultatean eta aipaturiko lan-ildoez gain, azken boladan goi-mailako arte-hezkuntzaren eta transmisioaren inguruan gogoetak plazaratu ditut, artearen praxia heziketan nola txertatu daitekeen asmatzen diharduten hausnarketen bidean. 2020an, urte biribila, UEUko talde eragileko kide izendatu naute. Beraz, erronka horri eustea izango da etorkizun hurbileko asmoa eta proiekzioa, UEUk gaur egun darabiltzan ekimenetan lagunduz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude