Gorka Kobeaga Urriolabeitia: “Jardunaldi hauek aukera polita dira datu ireki eta espazio datuen inguruan Euskal Herrian sortzen ari diren proiektu eta baliabideak ezagutu eta partekatzeko”

Gislan kooperatibak eta UEUk antolatutako “Geomatika eta inteligentzia espaziala 2017” jardunaldiaren barruan hainbat kasu praktikoren aurkezpena egingo dute. Tartean, BIlbao Data Labeko Gorka Kobeaga Urriolabeitiak “UDALMAPeko datuen bisualizazioa mapa dinamikoen bide” aurkeztuko du.

Zergatik da hain garrantzitsua era honetako jardunaldia antolatzea?
Jardunaldi hauek aukera polita dira datu ireki eta espazio datuen inguruan Euskal Herrian sortzen ari diren proiektu eta baliabideak ezagutu eta partekatzeko. Nire ustez oso garrantzitsuak dira era honetako jardunaldiak: gai zehatz baten inguruan lanean ari den jendea ezagutzeko, honetarako dauden tresnen eta baliabideen ikuspuntu orokorrago bat izateko; baina batez ere, etorkizuneko kolaborazioei bidea leuntzeko.

Zein da aurkeztuko duzun proiektua?
Udalmap datu-biltegiko datuak dinamikoki bistaratu eta aztertzeko software bat aurkeztuko dut. Helburua datu publiko irekiak bistaratu eta aztertzeko lana erraztea da. Proiektuak 2016ean Bilbao Data Lab-en egindako tailer baten osteko eztabaidan du abiapuntua. Konturatu ginen gehiengo batek nekez erabiliko zuela programazio lengoaia bat datuak aztertzeko, eta hau errazteko datuak web bidez dinamikoki bistaratzea eta aztertzea komeni dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude