Gotzon Carcar: “Ahalik eta naturaltasun, argitasun eta jario handienarekin komunikatzeko teknika erraz eta baliotsuak irakastea dut helburu”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Harreman harmonikoak izateko komunikazio trebetasunak. Zure bizitza aberasteko gakoak”  ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Gotzon Carcar Muertza izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu. Matrikula zabalik dago.

Zein da ikastaroaren helburua? Ahalik eta naturaltasun, argitasun eta jario handienarekin komunikatzeko teknika erraz eta baliotsuak ikastea, besteek hobeki ulertzea ahalbidetuz, lanean denbora eta eraginkortasuna aurreztuz, gatazkak konponduz, autoestimua ere hobetuz eta gainerakoekin ditugun harremanetan kalitate handiagoa lortuz. Horrekin guztiarekin, emaitza hobeak eta bizi kalitate hobea izatea lortu nahi da.

Inoiz baino tresna gehiago ditugu harremanetan egoteko, baina badirudi elkar komunikatzea kosta egiten zaigula. Hau zergatik gertatzen dela uste duzu? Txikitan, bizitzan moldatzeko balio izan digun modu bat, rol bat, komunikatzeko era bat ikasi genuelako (adibidez: lotsatia, liderra, kanporakoi edo barnerakoi, esanekoa, eta abar luze bat). Ikasitako rol hori, nahiz eta ikasitako gauza bat izan besterik ez, identitatea bezala kategorizatu egin genuen. Harremanetan, norberak  bere egoa adierazten du (identitate faltsu hori) eta hori salbu mantendu nahian, talkak, gaizki-ulertuak, zauriak, eta erasoak sortzen ditu.  

Entzutea komunikazioaren zati garrantzitsua da, baina askotan ez diogu arretarik jartzen. Oso bitxia da, hitz egiteko aho bakarra dugu, eta bi belarri entzuteko; hala ere, bikoitza entzun beharrean berba biderkatzen dugu; errespetu falta oso handia da. Berriro norberaren egoaren kontu bat da, arreta gugan dugulako denbora guztian, munduaren zilborra bagina bezala.

Ahotsak ere zeresan handia du, ezta? Bai horixe!! Mezua ondokoaren bidez eta ondokoekin igortzen da:

  • Gorputzarekin: haren mugimendua, gorputzaren jarrera, eskuak, besoak, hankak, keinuak, oreka, aurpegiera.
  • Hitzarekin: edukia
  • Ahotsarekin: bolumena, erritmoa, abiadura, tonua, harmonia, oihartzuna, isiluneak.

Ahotsa gure komunikatzeko gaitasunaren herena da, beraz, oso garrantzitsua.

Edukiari, mezuari ematen diogu garrantzi gehien. Hemen ere zenbait gauza hobetu beharko genituzke... Eta hain zuzen, hori da tailer honetan gehien lantzen dena. Aipatutako hiru ubide horietako bakoitzari dagokion arreta emango diogu.

Zein da erabiliko duzun metodologia? Funtsean, teknika guztiak pertsonaren esperientzietan oinarrituko dira, eta modu praktikoan landuko dugu (eginez ikasi). Parte-hartzaileen artean egindako ariketa anitzek urratsez urrats osatzen dute prozesu guztia. Ariketa guztien aurretik irakasleak demostrazioa egiten du parte-hartzaile batekin edo batzuekin. Ondoren, parte-hartzaile guztiek proposaturiko eta demostraturiko ariketa esperimentatzen dute. Erabilitako teknikak Programazio Neurolinguistikako tekniken corpusekoak dira, eta irakaslearen esperientzia eta trebetasunekin batera aberastu egiten dute trebakuntza-ikaskuntza-irakaskuntza esperientzia.

Norentzat da ikastaro hau? Pertsona-taldeekin eta haien aurrean komunikatu behar duten guztiei zuzenduta dago, esaterako: irakasle eta ikasleei; gaiak, txostenak edo produktuak aurkeztu behar dituztenei; hitzaldiak eman eta lan-taldeak zuzendu behar dituztenei (negozioak, enpresak, salmentak, osasuna, ideiak igortzeko jarduerak, prentsa, irratia, politika, sindikatuak, etab.); aisialdiko, familiako, bikoteko, adiskideen arteko harremanak hobeto nahi dituztenei, etab.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude