Egoitz Urrutikoetxea: “Inportantea da bizipen ezberdinak mahai baten inguruan jartzea. Partikularretik ondorio orokorrak ateratzeko”

Baionako UEUren Udako Ikastaroen barruan eta Iratzar fundazioarekin elkarlanean “Ipar Euskal Herria paradigma berriaren inspirazio iturri? Lurraldea: sujeto politiko berria” ikastaroa izango da gaur eta bihar. Argitxu Etxandi, Txomin Poveda eta Egoitz Urrutikoetxea dira ikastaroaren arduradunak.

Jose Ramon Etxebarriak aspaldian behin baino gehiagotan aipatu du. Gauzarik interesgarrienak Ipar Euskal Herrian gertatu izan direla. Azken urteotako mugimendu ezberdinei erreferentzia eginez edota euskararen kasuan UEUren sorrera edo Baiona Euskal Idazkuntza aipatuz, besteak beste. Zer diozue?
Egoitz Urrutikoetxea: Nik uste dut ez dela idealizatu behar. Hori lehen gauza inportantea izan ere anitzetan badugu horretarako joera. Gero uste dut egia dela ikastaroen helburua hori da, azken urteetan izan den ibilbideak agertoki berri bat sortu duela. Eta agertoki berri hori bai izan daitekeela, eta hori da ikastaroaren izenburua; paradigma berri baten abiatzea; baina paradigma berri horretan ez dut uste deus berria asmatu denik Ipar Euskal Herrian. Agian asmatu da unean uneko aldagaiak profitatzen, baina batez ere asmatu da herri mugimenduaren eta instituziogintzaren artikulazioan. Nik uste dut hori dela agian ondorio, elementu interesgarria preseski, idealizatu gabe, azpimarratzekoa.

Ikastaroan azken urteotan gertatzen ari diren aldaketen ibilbidea aztertzen ari zarete, baina gaur egunera nondik iritsi garen aztertuta hasteko.
E.U: Ez dut uste gureari lotua denik, Euskal Herriari lotua denik, baina, jendartean bada banaketarako, zatiketarako jarrera bat. Lehen aipatu da Ipar Euskal Herrian ikusi dela aldaketak gertatu direla eta nahi duguna egin da, eta horretan ari gara, mahai baten inguruan biltzea esperientzia ibilbide ezberdinak. Partikularretik ondorio orokorrak ateratzeko.

Izan ere garrantzitsuak dira bizipenak, bakoitzaren esperientzia…
Txomin Poveda: Gero bizipenetatik ere badira analisia ardatz batzuk. Preseski bizipenak ematearen garrantzia da ere ulertzea zein testuingurutan garatu diren praktika horiek. Ulertuta testuingurua aldatu dela, noski, eta, beraz, hori berriz pentsatzeko, ulertzeko zein mekanismo izan den testuinguru horretan. Ulertuta zein testuingurutan gauden gaur egun. Ikusteko berriz aplikagarria den ala ez.

E.U: Ikastaroaren aurkezpen testu horretan aipatzen genuen bezala helburu nagusia da azken urteotan agian intuitiboki egin den hori sistematizatzea. Eta, beraz, hortik ateratzea baliogarri zaizkigun ondorioak eta, agian, zuzendu beharrekoak. Horretarako da inportantea bizipen ezberdinak izan dituztenak mahai baten inguruan jartzea eta egunerokotasunaren gurpil zorotik ateratzea. Beste gune batzuetan aipatzen den nasaitasun estrategiko hori berreskuratzea. Bestenaz egunerokotasunak itotzen gaitu eta hor ez dugu aurrera egiten.

Eta lurraldetasunak, lurralde egitura… Hortaz ere arituko zarete.
T.P : Bai. Ideia da begiratzea lurraldetik ateratzen ahal diren ondorioak. Ikusteko zein ekarpen egiten ahal zaien beste lurralde batzuei. Jakina beste lurraldeetan beste testuinguru batzuk direla, indar politikoen posizionamenduak ezberdinak direla. Kulturak ezberdinak direla. Kultura militanteak ezberdinak direla. Indar sozialak ere. Egituraketa instituzionala ezberdina da. Hori da nagusitu den zerbait. Ipar Euskal Herrian egitura instituzionalik gabe bortxaz eraman gaitu zerbaiten asmatzera. Hor ere ikusi beharko da egitura instituzional bat lortu eta gero zein erronka berri izaten ahal diren eta zein efektu ukaiten ahal duten horiek preseski horretara eraman gaituzten indarrekiko. Hori izanen da biharko lana.

E.U: Bai, lantegien bidez landuko duguna. Saiatuko gara lantegi desberdinetan agian geroari buruz gehiago proiektatzen. Eta gaurko testuinguruaren iturburuan diren aldagai ezberdin horiek hobeki aztertzen.

Batez ere gaur zein eratako kezkak agertu dira eta zer den batez ere nabarmendu dena?
Argitxu Etxandi: Izan dira lekukotasun oso ezberdinak, azkenean. Batetik Batera-ren ibilbidea aztertu da. Eta Laborantza Ganbararena ere bai. Eta ikusten ziren alde batzuetan gurutzatzen zirela haien kezkak. Sortu dute tresna bat, oinarrizko tresna bat, gainera ez dute instituzio deitzen ez kasu batean ez bestean. Eta orain nola egin berriro asmatzeko indar harreman joko hori. Hori da kezka partekatua.

Ikastarotik zerekin atera nahiko zenukete edo zein da ikastaroaren azken helburua?
T.P: Garaipenaren errezeta [barreak].
E.U: Garaipenaren errezeta ez dakit, baina errango nuke Ipar Euskal Herrian diharduten eragile ezberdinei egin dutenaz jabetzeko gogoeta bat egitea. Hori lehen gauza. Eta aitzina begira, lehen memento batean Jean Claudek [Iriart] erran duen bezala, 30 urte behar izan dira egoera honetara heltzeko eta berak egiten zuen galdera zen nola ateratzen ditugun ondorioak ziklo honetara heltzeko egin dugun ibilbideaz hurrengo zikloa askoz ere laburragoa izan dadin. Hori da, denbora irabazi dezagun. Eta nik uste dut hori dela, ondorioak ateratzea horretarako baliagarri izan daitezkeenak. Egunerokoan lanean diharduten egiturentzat eta agian egunerokotasunak horretarako gogoeta tarterik eskaintzen ez dien eragile horientzat. Ekarpen bat egitea Ipar Euskal Herriari eta agian Ipar Euskal Herritik Euskal Herri guztiari. Hemen eman diren urratsek badute zentzua eta balukete bertutea zazpi herrialdeetan elkarrekin eman beharreko urratsetan. Uste dut goiz honetan parte hartu duten lekukoek beren bizipenak adierazteak aurrera begirako proposamenak egitera eraman dituela.
A.E: Hori zen helburua.
E:U: Eta maila horretan goizekoarekin bakarrik ari gara betetzen.

Amaitzeko, ikastaroaz gain, UEUk barnetegia berreskuratzea nola ikusten duzue?
A.E: Galdera garrantzitsua da.
T.P: Ez dugu oraindik gaua pasa. [barreak]
E.U: Guk bederen ez.
T.P: Ikusiko dugu bihar goizean zein ondorio ateratzen ditugun hortik. Horrek eskaintzen duena da gaualdian sozializazio memento batzuk antolatzea, ikastaro ezberdinetako jendea gurutzatzea.
E.U: Eta eztabaidari jarraipena ematea ere. Gela batean jarriak gara eta askotan ez da erreza hitza eskatzea; eta agian gero afal denboran, afalostean izango dugu parada berriro hartzeko aipatu direnak eta jarraipena emateko. Bederen uste dut ongi dela gune finko batean egotea eta hor egotea bai jateko lekua, gelak eta gero heldu den urteari begira gehiago landu beharko litzateke gaueko memento hori. Sozializazio tarte hori. Oraindik ez dugu gaurkoa dastatu, baina ongi litzateke bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude