Bakartxo Arrizabalaga: “Hizkuntza joria dugu, guk falta dugu joritasun hori, eta horren bila gabiltza”

Baionako Udako Ikastaroen barruan “Iturri zaharretik edanez” izeneko itzulpengintza ikastaroa ere izan da, Bakartxo Arrizabalaga Labrousse itzultzailearen eskutik.

Iturri zaharretik edatea bai idazle bai itzultzaileentzako zergatik da garrantzitsua?
Iturri zaharrek ur garbia dakartelako. Batez ere horregatik. Ur garbia eta ur handia ere bai. Gure egunerokoan arazo zaizkigun gauza asko bete-betean konplitzen direlako. Konpontzen dira arazo asko iturri honetatik edanez.

Uste duzu nahikoa edaten dela iturri horretatik?
Ez. Oso gutxi. Oso-oso gutxi. Kloratutako urarekin ohituak gara eta ur zahar horiek, goiko iturrietako ur horiek, ez ditugu eskura egunerokoan. Beraz, pausa bat egin, eta haietara joatea oso interesgarria iruditzen zait. Batez ere egunerokoan baliagarri anitz ematen digutelako iturri horiek. Idazle zaharren emana aberatsa da oso.

Eta ikastaro honetan zein eratako testuak landu dituzue?
Nire ideia ez zen testu mota jakin bat besterik ez lantzea. Batez ere egun baliagarri gerta dakizkigukeen gauzak dakartzaten testuen bila joan naiz. Eta, beraz, oso testu pragmatikoak. Testu pragmatikoekin lanean ari den jendeari testu pragmatikoak hurbiltzen saiatu naiz. Erabili dugu gida bat. Itsasoko nabigazioko gida zahar bat. Orain prediku batzuekin gabiltza. Eta hor dugu “Gero” eta gerorako utzi gabe, baina gero erabiliko dugu. Beraz, garai desberdinetako gauzak. Gero gauza txikiago batzuk ere baditut. Duvoisin, eta Etxepare… Beste batzuk ere baditut, baina batez ere hiru horiekin gabiltza. Ez horrenbeste haien estiloa lantzen edota haietaz ikasten. Guretzat baliagarri gerta daitezkeen gauzak handik ateratzen, haien gauzen xerka, eta horretan gabiltza, gauza oso praktiko batean.

Azken batean lantegi gisa antolatu duzu ikastaro hau.
Bai. Ari gara adibidez berezi diren molde interesgarri batzuk eta bereziki interesgarri gerta dakizkigukeen molde batzuk hartu eta horiekin jolasean, kopiatzen, itxuratzen; haien pareko molde horiek erabiliz gauzak idazten, eta baita maiz euskarazko zatitxoak erdaratzen. Alderantziz egiteko ohituran nola bizi garen, maiz jatorrizkoaren moldeetara egokitzen dugu geure hizkera eta geure idazmoldea. Alderantziz egiteak erakusten digu euskarak badituela beste hizkuntzek ez dituzten moldeak eta molde horiek beste hizkuntzetan diren beste molde batzuen pareko direla; eta horrek distantzia bat eskaintzen digu jatorrizko testu horiek ikusterakoan. Non gauden ongi dakigularik. Haiengana sobera lerratzeko arriskuan erori gabe.

Zein da ikastaroaren helburua? Zein zen zure helburua ikastaroa antolatzerakoan?
Jendeari tresnak eskaintzea. Baliabideak eskaintzea. Eta beste hizkuntzetako testuei aurre egiterakoan, non dauden jakinda eta ongi horniturik daudela, segur ekin diezaieten. Hori da asmoa. Aberastea, euskarak eskain diezaguken guztia ezagutzea, eta hortik gure ahalak ere handitzea. Batez ere hori da ideia. Hizkuntza joria dugu, guk falta dugu joritasun hori, eta horren bila gabiltza hemen. Badira gauza interesgarri asko halere bazter utziak, ez direlako bereziki gure zerbitzurako. Interesgarri da jakitea, baina oso helburu praktikoarekin ari gara lanean.

Ezer nabarmenduko zenuke ikastarotik?
Interesgarri gertatu zait bi aldeetako jendea dagoela, erdaldun mota bi daudela, frantsesezkoak eta espainolezkoak. Interesgarria da. Oso polita gertatzen ari da. Hiru hizkuntzatan ari garela lanean eta erruz aberasten du horrek mintegia. Batek ekartzen duena, besteak ekartzen duena; frantsesezko aukerak eta espainolezko aukerak ez dira beti berdinak. Orduan euskararekiko harremana ere ez dute berdina. Oso aberats gertatzen ari da hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude