Elisabete Alberdi Celaya: “Matematikaren edertasunaz jabetzeak lana suposatzen du”

UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan Matematikari Euskaldunen III. Topaketa eta Geogebra Erabiltzaileen II. Topaketa ere izan dira Eibarren uztailaren 4an. Elisabete Alberdi Celaya UEUko Matematika Saileko kidearekin hitz egin dugu matematikarien topaketaz.

Matematikari Euskaldunen III. topaketa

Matematikari Euskaldunen III. Topaketa da aurtengoa. Zein da jardunaldi
hauen helburua eta zer nolako esperientzia izan da aurreko bi topaketena?
Bai, aurtengoa III. topaketa izan da, 2013an antolatu genuen lehenengoa.
Matematikari euskaldunak asko gara eta eremu ezberdinetan dihardugu lanean.
Gainera aurten, GeoGebra erabiltzaileen II. Topaketa ere egun berean egin
dugu. Elkarren berri izateko, esperientziak partekatzeko, gure arteko sarea
antolatzen jarraitzeko eta posible bada elkarlanari bide emateko helburuaz
dator hirugarren topaketa. Parte hartzera animatzen den orok bere jardunari
lotutako edozein gai aurkezteko aukera izaten du; hau da, besteei zertan
dabilen azaltzeko aukera izaten du.

Judith Rivasek  “Matematikaren erritmora dantzan” gaia ekarri du. Zer dela eta
hautatu duzue? Nola egiten da matematikarekin dantza?
Matematikariok askotan esaten dugu matematika toki guztietan dagoela eta
horren adibide gisa, dantzan ere matematika dagoela erakutsi nahi genuen.
Matematika eta dantza elkarrengandik urrun dauden bi diziplina izan arren,
bien arteko loturak agerian uztea zen helburua. Dantza mugimendu bat izanik,
dantzariek kurbak deskribatzen dituzte beraien hankak eta besoak erabilita.
Irudi geometriko horien propietateak aztertzea, dantzariek agertokian
duten mugitzeko era aztertzea, eta espazioan eta denboran egiten dituzten
mugimenduetan simetriak badaudela ikustea izan da helburua.

Aberatsa izango da matematikan alor ezberdinetan diharduen jendea
elkartzea… Zein profiletako parte-hartzaileak gerturatu dira gehienbat?
Bai, oso aberatsa da matematikaren alor ezberdinetako jendea elkartzea.
Profilari dagokionez askotariko profilekoak izan dira: gehienbat
matematikariak, eta ingeniariren batzuk ere bai. Eta alor askotako lanak
aurkeztu dira: estatistikakoak, didaktikoak, zenbakizko analisikoak,
ikerkuntza operatibokoak, matematika aplikatukoak, matematika
industrialekoak, e.a.

Mitoak apurtuz (edo ez), matematika zailtzat hartzen du gure gizarteak.
Irudi hori zergatik duela uste duzu?
Eskolan txikitan matematika kostatzen zaizu, ala ez. Zaila dela diotenek,
uste dut, garai horretan (edo beharbada geroago) matematikekin izan duten
esperientziaren arabera esaten dutela zaila dela ala ez dela. Egia da
matematikek zorroztasun bat eskatzen dutela, metodo bat, lan egiteko era
bat, eta gainera, prozesua ondo burutzeaz gain, emaitza zuzenera heldu behar
zarela. Eta bide hau ez da izaten normalean nabaria, esfortzu bat suposatzen
du. Baina beste diziplina batzuetan berdina gertatzen da.

Nola gerturatu matematika zaila dela uste duen horri?
Kontatzaileak, matematika kontatzen dizun horrek, irakasleak, badauka
zerikusia. Baina nik uste dut barne-motibazio bat ere behar dela. Eta gero,
beste gauza batzuekin gertatzen zaigun bezalaxe, lan horretan ona bazara,
normalean gehiago gustatzen zaizu; eta gehiago gustatzen zaizunez, horretan
denbora gehiago ematen duzu, e.a. Zirkulu bat da. Jendea matematikara
gerturatzeko aukera bat, jendeari matematikak eskaintzen dituen aukerak
erakustea da, beraien edertasuna agerian uztea. Baina noski, edertasun
horretaz jabetzeak lana suposatzen du: pentsatzea, hipotesiak egitea, eta
abar. Ez da begietatik sartzen den edertasuna.

Eta matematikariok elkar ulertzen al duzue?
Hizkuntza berdina darabilgun arren, batzuetan ez da izaten erraza elkar
guztiz ulertzea. Norberak lan egiten duen lan-eremutik gertu dauden lanak
hobeto ulertzen ditugu, eta norbere eremutik urruntzen garen heinean,
behintzat ideia bat hartzen dugu normalean. Mundu zabala da matematikena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude