Iban Thicoipe: “Guk ere bat egiten dugu UEUren ideiekin eta partaidetza naturalki egiten da”

Aurten estreinatu berri den Bernat Etxepare lizeoan egin dira estreinakoz UEUren Baionako Udako Ikastaroak. Bertako zuzendaria da Iban Thicoipe.

Aurten estreinatu duzue Bernat Etxepare lizeoa. Nolako esperientzia izan da?
Lehenengo ikasturtea da eraikuntza berri honetan pasatzen duguna. Egia da, bestalde, lizeoak badituela ibilbidean eta bere historian hogei urte baino gehiago. Ibili dela tokiz toki, Kanbotik hasiz. Gaur egungo Xalbador kolegioan hasi zen lizeoaren ibilbidea. Gero Baionan ere leku ezberdinak ezagutu ditu. Iaz arte eraikuntza zaharkitu batzuetan ginen eta egia da aurten eraikuntza berri berri batetan garela. Esperientzia paregabea, biziki ona. Lanez gainezka ibili gara ikasturte honetan ere bai. Eraikuntzaz gain, Etxepare lizeoak beste berrikuntza batzuk ere ezagutu ditu aurten. Lanbide Heziketa lehen aldiz Iparraldean euskara hutsean eskaintzen baitugu aurtendik; eta hor ere beste eraikuntza mota bat da guk pedagogikoki eraman behar izan duguna, eta eramanen duguna ondoko urteetan. Baina uste dut orokorki emaitza eta bilan biziki positiboa egiten dugula.

Beraz, emaitzarekin pozik
Bai, bai. Biziki pozik.

Nondik lekuz aldatzeko beharra?
Lekualdaketa badu orain kasik hamar urte pentsatua zela Seaska mailan. Leku aldaketa behar beharrezkoa zen bi arrazoiengatik. Seaskan ikasle kopuruaren aldetik garapen bete betean garelako eta bestetik lizeoa iaz arte ginen tokia zaharkitua zelako, ez zelako gehiago egokia ikastetxe moduan segitzeko. Beraz bi arrazoi horiengatik leku berri bat behar genuen, handiagoa, egokiagoa ikasketak segitzeko; eta baita aitzinetik aipatu dudan Lanbide Heziketa garatzeko ere toki berriak behar genituen.

Eta orain lekua handitu beharra duzue?
Gainera hori ere aurreikusia zen proiektu honekin. 400 ikasleko ikastetxe bat eraiki da hastapen batean. Bagenekien aski fite iritsiko ginela 400 ikasleren muga horretara. Beraz, aurreikusia zen bost-sei urte barne lizeoa handitu beharko zela. Azken finean handitzea pentsatu baino azkarrago joaten da eta heldu den urtean hasiko ditugu lanak. Urtebete estreinatu dugula toki berri bat eta jadanik handitzearen beharra sentitzen dugu. Beraz, buruko min asko, baina buruko min onak.

Ikasturtea amaituta UEUren Udako Ikastaroen egoitza bihurtu da. Nondik harremana?
Harremana hasi zen iaz baitezpada ikastaroen harira, baizik eta Lizeo berriaren hornitzeko guk kanpaina bat eman genuenean sagarrondoak salduz. “Hazten dugu, hazten gaitu” deitu genuena. Interesa erakutsi ziguten kanpaina horren kari eta partaidetza bat proposatu ziguten kanpaina horretatik abiatuta. Lizeo berria estreinatu dugu urte hasieran eta geroztik aurten ikasturte honetan, berriz etorri ziren UEUko arduradun batzuk guregana lizeoa bisitatzeko eta ikusteko partaidetza hori nora garatzen ahal genuen ondoko urteetan. Aurten eta uda honetan ikastaroak hemen proposatzen dira eta gure partetik, eta uste dut UEUtik ere intentzioa dela, ondoko urtean partaidetza hori garatzeko ideia dugu. Partaidetza horretan hiru lau eguneko ikastaroez gain ere, beharbada urtean zehar ere partaidetza hori garatzea.

Beraz, UEUrekin elkarlanean jarraitzeko asmoa duzue. Zer da zuentzako UEU bezalako erakunde batekin lan egiteak?
Urte batzuk dira Baionan UEUk ikastaroak proposatzen dituela eta beti urtero ikastaro horiek agertzen direlarik interesa pizten dute. Irakaskuntzarako, eta hezkuntzarako orokorki, gazteekin aritzeko beti urtero badira heziketa lanetarako ikastaro interesgarriak proposatuak direnak, euskaraz egiten direnak, hemen beti ez da ahala edo posibilitate hori sortzen. Ikastaro interesgarriak, euskaraz, euskal ikuspegitik eta betiere heziketa ikuspuntutik aurrerapen batekin. Guk ere bat egiten dugu ideia guzti horiekin eta partaidetza hori naturalki egiten da. Gu oso pozik gaude UEUko ikastaroak hemen eskaintzeagatik, lizeo berria horretarako delako ere bai. Euskalgintzak eta euskarari buruz proposamen desberdinak eta gauza interesgarriak proposatzeko toki egoki bat dugu gaur egun hemen Baionan. Bai barnetegiarekin, bai jangela batekin, klase egoki batzuekin holako ikastaroak eramateko; eta baliatzen ahal baldin badugu toki hori ere elkarte ezberdinen artean, helburua beteko dugu denek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude