Koldo Garcia: “Jendearen zergei esker egin dezakegu egiten duguna eta eskertzeko modu bat da egiten ditugunak azaltzea”

UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan eta IkerGazte Kongresuetan irekitako bideari jarraituz, Ikertzaile Euskaldunei zuzendutako tailerrak ere badira; beraien intereseko gaiak landu eta sarea mantentzeko helburuarekin. Tartean “Dibulgazioan hasten eta hazten” izenekoa. Uxune Martinez Mazaga, Koldo Garcia Etxebarria eta Josu Lopez Gazpio dira ikastaroko arduradunak.

Uxune Martinez Mazaga.

Azken urteetan zientziaren dibulgazioa indarra hartzen ari da. Nola ikusten duzu egoera?
Uxune Martinez: Zientziaren dibulgazioa kazetaritza zientifikoak edota kazetaritzak dituen hutsuneak betetzera dator. Alde batetik hedabideak ez direlako ailegatzen toki guztietara. Egunerokotasunaren menpe daude. Beste aldetik zientziari buruz jarduteko kazetariak adituak izan behar direlako edo nolabaiteko jakinduria edo ezagutzak izan behar dituztelako. Orduan hor dago hutsune bat eta hutsune hori betetzera dator dibulgazioa. Dibulgazioaren esparrua azkenengo urteetan indartu egin da. Eragile gehiago daude. Alde batetik bai ikertzaileak eta bai zientzialariak ere hasi dira dibulgatzen euren lana, askotariko edukiak plazaratzen. Bai artikuluak, bai youtubeko bideoak, bai podcastak, bai argazkiak, infografiak… Hori dena teknologia berriek ematen digutenagatik. Eta gehitu egin dira eragileak; eta interes bat sortzen du. Interes bat sortzen du gizartean zientziaren dibulgazioak egunerokotasuneko gaiekin lotuta dagoelako. Adibidez, alarma sortzen duten gaiak badaude, sendagai baten eragin ona edo kaltegarria dela eta ez dela, haragien intoxikazioa edo janarien intoxikazioa dela, txertoak direla… Eta bestelako terapiak eta. Eta jakin-min hori badago eta badaude horren inguruan erantzuna emateko edo irizpideak edo informazioa zabaltzeko lanean ari diren hainbat eragile.

Eta euskaraz?
U.M: Euskaraz nabarmena da. Nabarmena da beste gai batzuk, beste alor batzuk lantzen zituzten medioak edo erakundeak dibulgaziora etorri direlako. Hor adibidez esanguratsua da unibertsitatea.net-en barruan dauden blogariena. Beste alde batetik Sustatu edo ZuZeu bezalako agerkari digitalak daude, non zientzia gaiak eta lantzen diren. Argiak ere baditu ateak zabalik blogarientzako eta hainbatek zientzia gaiak lantzen dituzte…

Une honetan euskaraz ikusten dut badagoela hazkunde bat batez ere talde jakin batetik. Zientzialari eta ikertzaile talde jakin batetik. Eta beste batetik hedabide edo beste proiektuetako arduradunen aldetik eta zaletuen aldetik.

Koldo Garcia Etxebarria.

Denok izan behar dugu dibulgatzaile?
Koldo Garcia: Ez. Ez dugu denok dibulgatzaile izan beharrik. Azken finean dibulgazioa egitea norberaren beharretara doitu behar da. Guztiok ez gara gai zientzia saltzeko, ezta erregistro berdinetan aritzeko gai ere. Ez da gauza bera testu bat idaztea zientzian interesa dutenentzat edo publiko orokorrarentzat. Beharbada hedabide orokor batean. Irratian aritzea. Eta askoz ere gutxiago aurkezpen bat egitea jendearen aurrean. Edo bideo bat grabatzea. Ez da gauza bera youtuben aritzea edo podcast bat egitea. Ez da gauza bera Instagram bidez dibulgatzen saiatzea edo artikulu bat idaztea egunkari batetarako. Norbera eroso sentituko da leku batean edo gehiagotan, baina ez dugu zertan guztietan eroso sentitu behar. Eta gainera iruditzen zait, eta onartu behar dugula, guztiok ez garela gai komunikatzeko, guztiok ez garela komunikatzaile onak. Badira komunikatzaile onak espresuki edo ikasi dezaketenak ondo komunikatzen, baina gero badaudela beste pertsona batzuk ezin dutenak. Eta ez dugula zertan behartu behar. Azken finean dibulgatzeko gakoa eroso sentitzea da. Zeren ez bazaude eroso publikoak nabarituko du. Edo testua ez da ulertuko. Eta kontatzen duzuna ez da ondo ulertuko. Eta horrek justu kontrako emaitza lortuko du; Jendea zientziara hurbildu beharrean, urruntzea. Ikusten dutelako ez direla saiatzen edo oso zaila dela hori irakurtzea edo ulertzea. Eta orduan eroso sentitu behar da pertsona. Nik uste dut behintzat saiatu, saiatu behar dela; proba egin, baietz esan lehenengokoan. Ez da gauza bera hitzaldi bat ematea erretiratuei edo nerabeei. Beharbada nerabeekin ez zara sentitzen gustura, baina erretiratuekin bai. Orduan hortik jarraitu dezakezu. Denok egin dezakegu. Kontua da, eta azkenean hori da garrantzitsuena, denok pixka bat dibulgatzea, gutxi batzuk dena ez dibulgatzeko.

Eta dena dibulgatu behar da?
K.G:Nik uste dut gai guztiak dibulgatu daitezkeela, baina batzuk beste batzuk baino errazago dibulgatzen dira. Beharbada edukia zailagoa da, baina interesa piztea errazagoa da. Adibidez osasunarekin lotutako gaiek oso errez harrapatzen dute jendea. Beharbada azaltzea zailagoa da, baina arreta badaukazu. Dena dibulgatu daiteke, baina gai batzuk zailagoak dira interesa pizteko, baina gero errazak dira kontatzen. Metaforen bidez edo istorioak kontatuta. Eta alderantziz gerta daiteke. Oso interesgarria izan daitekeen gai bat oso zaila izatea dibulgatzen. Baina saiatu, saiatu behar gara.

Baina komeni da dena dibulgatzea?
K.G: Behintzat gai bazara ondo egiteko. Ez baduzu zure burua ikusten ondo hori egiteko, hobe ez egin.

Zergatik da hain garrantzitsua?
K.G: Azken finean hor bi kontu nagusi daude. Alde batetik benetan nahi badugu jendeak zientzian konfiantza izatea edo behintzat ulertzea, egin behar dugu. Ezin dezakeguna da pentsatu jendeak esango duela, “bai, zuentzat dirua, zuentzat laginak, odola emango dizuet” eta ez diegu esaten zertan ari garen. Ez bakarrik gerora, baizik eta aurretik. Gero ez ditugu odol laginak lortzen, zergatik? Jendeak ez dakielako zertan ari garen. Hori inbertsio bat da zientziaren hedapenean. Beste alde batetik nik uste pribilegiatu batzuk garela zientzian lan egiten dugunok. Aukera dugula gauza oso abstraktuak eta lantzeko, baina baita ere oso politak direnak. Eta pribilegio hori banatu behar dugula jendearekin. Jendeak egiten duen lanari esker eta bere zergei esker guk egin dezakegu egiten duguna; eta eskertzeko modu bat da guk egiten ditugun gauza polit horiek jendeari azaltzea. Jendeak bere partea jartzen du eta bere bizitza uzten du hori aurrera atera ahal izateko.

Josu Lopez Gazpio.

Aipatutako hori guztia nola landu duzue ikastaroan?
J. L.G: Saiatu gara azaltzen zergatik den garrantzitsua dibulgazioa ikertzaile batentzat, zer ikasten duen, zein abantaila ematen dizkion… Zergatik den garrantzitsua dibulgazio hori, gainera ,euskaraz egitea. Eta lehenengo zatian horretaz aritu gara. Gero non dibulgatu azaltzen saiatu gara. Idatzizko dibulgazioarekin aritu gara lehen zatian. Testu formalak, testu informalak. Ikus-entzunezkoa ere landuko dugu, irratiari begira edo youtubeko kanalak, adibidez. Egun Internetek ematen dituen baliabideak asko dira eta guzti horiek zatika saiatu gara azaltzen gure esperientziatik.

Orain arte zein eratako kezkak izan dira mahai gainean?
J. L.G: Alde batetik dibulgatzen hasteko beldurra izaten da lehen puntu hori. Batzuk badira jadanik hasiak direnak dibulgatzen, baina orokorrean ikertzaileei kosta egiten zaie dibulgatzen hastea. Beldurragatik edo lehen pausoa emateko zaila ikusten dutelako. Horretarako tresnak emateko saioa egin dugu. Behin hasita errazagoa da jarraitzea, baina… Hor, adibidez Interneten dibulgatzean edonork irakurri ahal izango du eta iruzkinak egongo ote diren beldurrez… Baina hori ez da horrela eta gero ikusten da oso gozagarria dela zientziaz hitz egitea.

Gaur gehienak ikertzaile gazteak izan dira ikastaroan. Dibulgazioak saretzeko ere balio du?
J. L.G: Bai, azken batean dibulgazioak ematen duen abantailetako bat horixe da, harremanak egitea, beste zientzialariak ezagutzea, beste dibulgatzaileak, sare sozialetan aritzen direnak, edo blogak dituztenak.. Eta harremanak egiten dira eta proiektu komunak ere ateratzen dira.

Askotan ez dakigulako ondokoa ere zertan dabilen…
J. L. G: Hori da. Ikerkuntza gaudenean laborategietan bakoitza bere arloan espezializatzen da eta askotan ez dakigu ez ondoko laborategian, baizik laborategian bertan lankidea zer egiten ari den. Beraz, modu bat da hau ezagutzera emateko, bai beste zientzialarioi edo gizarteari orokorrean. Zein lan egiten den eta zer egiten dugun laborategietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude