Uxoa Iñurrieta eta Elizabete Manterola: “Itzultzaileak gai izan behar du, sorburu-hizkuntzako ideiak ondo ulertzeko ez ezik, ideia horiek xede-hizkuntzan zuzen eta egoki emateko”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Itzulpengintzaren hasi-masiak irakasleentzat: hainbat baliabide eta gako” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Uxoa Iñurrieta Urmeneta eta Elizabete Manterola Agirrezabalaga izango dira irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Uxoa Iñurrieta
Elizabete Manterola

Zein da ikastaroaren helburua? Irakasleek sarritan euskaratu behar izaten dute euren eskoletarako ikasmateriala beste hizkuntza batzuetatik. Ikastaro honetan, hainbat gako emango ditugu halako itzulpenak ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko. Sarean eskuragarri dauden hizkuntza-baliabideez jardungo dugu batez ere, parte-hartzaileek jakin dezaten nora jo zalantzak sortzen zaizkienean.

Zein dira itzultzean egiten ditugun akats arruntenak? Akatsik ohikoenak, gure ustez, hizkuntza batean pentsatu eta bestean idazteagatik (edo hitz egiteagatik) sortzen dira. Euskal hiztunoi, hizkuntza handiagoetako hiztunak ere bagarenez, oso sarri gertatzen zaigu hori: konturatu gabe, euskarazko hitzak erdarazko egituretara moldatzen ditugu, eta horrek testu traketsak sorrarazten dizkigu askotan. Itzulpenak egitea oso ariketa ona da horretaz ohartzeko, agerian jartzen baitu zehazki zer kopiatzen ari garen. Gainera, bi hizkuntza hitz egiteak itzulpenak egiteko gaitasuna bermatzen duela pentsatzen du jende askok, baina hori baino ezagutza sakonagoa behar da: itzultzaileak gai izan behar du, sorburu-hizkuntzako ideiak ondo ulertzeko ez ezik, ideia horiek xede-hizkuntzan zuzen eta egoki emateko. Bi hizkuntzen komunikazio-mekanismoak eta haien arteko aldeak ezagutu behar ditu, azken finean.

Sareko hizkuntza-baliabideak ezagutuko dituzue. Zeintzuk, adibidez? Erabiliko dugun tresnetako bat Euskalbar da, nabigatzailean integratzen den bilaketa-barra bat, euskaraz idazteko eta euskarara itzultzeko interesgarriak diren hainbat baliabide biltzen baititu: askotariko hiztegiak, corpusak, eta abar. Gero, baliabide horietako batzuk xeheago landuko ditugu, parte-hartzaileei gure ustez erabilgarrien gertatuko zaizkienak.

Zein gomendio emango zenukete testuak euskaratzeko? Zer lantzea komeni da? Gure gomendio nagusia da, testuren bat itzultzean, irakurlearen lekuan jartzea. Komunikazioa eraginkorra izan dadin, testuek argiak izan behar dute, irakurleek erraz irakurtzeko modukoak (edukia gorabehera). Hori normalean baino are garrantzitsuagoa da testu didaktikoez ari garenean, ezinbestekoa baita, ikasleek edukiak ondo ulertuko badituzte, oinarritzat darabilten materiala argia izatea. Bestetik, ikastaroa irakaskuntza-materiala itzultzera bideratuta dagoen heinean, garrantzitsua da parte-hartzaileek ondo identifikatzea halako testuetan nolako hizkera erabiltzen den: zer erregistro erabili ohi den, zer-nolako hiztegia, zer-nolako egitura sintaktikoak, eta abar. Eredu onei arretaz begiratzea oso lagungarria da geuk testuak itzuli edo sortu behar ditugunerako. Eta, jakina, horretarako guztirako, oinarri-oinarrizkoa da xede-hizkuntzan oso maila ona izatea, bai eta ondo komunikatzeko gogoa izatea ere, zalantzak sortzen direnean erantzunen bila hasteko eta ez idazteko edonola.

Zein izango da erabiliko duzuen metodologia? Ikastaroa oso praktikoa izango da. Batetik, ariketak proposatuko ditugu hizkuntza-baliabideak ezagutzeko eta erabiltzen ikasteko. Eta bestetik, parte-hartzaileek testu laburrak itzuli beharko dituzte, eta haietatik abiatuta azalduko dugu arreta zeri jartzea komeni den.

Nori zuzenduta dago ikastaroa? Itzultzaile profesionala izan gabe euskararako itzulpenak egin behar dituen edonori. Ikastaroa euskarazko eskolak ematen dituzten irakasleei zuzenduta dago batez ere, baina interesa duen edonork eman dezake izena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude