Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza: “Egiletzaz teorizatu izan denean, genero neutroa hartu izan da ardatz gisa: autorea=gizona”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Egiletasuna eszenaratzeko moduak: hurbilketa bat literatur kritika feministatik” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza izango dira irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza

Zer dira egiletasunaren inguruko teoriak? Literatur testura hurbiltzeko eta literatur interpretazioak garatzeko ikuspegi bat sortzen dute egiletasunaren inguruko teoriek. Literatur komunikazioa nola ulertu, halakoa izango da egileari komunikazio-modu horretan egokitzen zaion lekua edo funtzioa, eta baita eskainiko zaion arreta ere. Esate baterako, mendetan zehar egilearen azterketa funtsezko urratsa izan da literatur obraren azterketa egiteko. Ikuspegi horren arabera, literatur lana egileak bere bizitzan bereganaturiko esperientzia eta gaitasunaren ekoizpena zen, eta literatur obraren zentzua egilearen egitasmoen emaitza zen, eta hartara, obra ulertzeko gakoak eskuratzeko funtsezkotzat zuten egilearen ibilbide biografikoa ezagutzea. Interpretazio-bide horretan egilea zen literatur komunikazioan osagai garrantzitsuena, testuko ahotsak egilearen esperientzia biografikoaren arabera interpretatzen zirelako, edo esperientzia biografiko horren oihartzuntzat hartzen zirelako.
1960ko hamarkadatik aurrera egilearen ikuspegi hori irauli zen, besteak beste, Roland Barthesen egilearen heriotza aldarrikatu zuenetik, 1968. urtean. Formalismoaren eta estrukturalismoaren aroan, egilearen itzalari edo oihartzunari iskin egin zitzaion, eta testuko ahots- eta diskurtso-sareak aztertzeari ekin zitzaion, egilearen ibilbidean, ezaugarrietan edo kokapenean arreta kasik jarri gabe.
Baina, garai hartan ere, 1960ko hamarkadan zehar, Ikerketa kulturalek bidea egiterakoan, egiletasuna ulertzeko beste ikuspegi batzuk garatu ziren, ikuspegi biografiko horretatik urruntzen zirenak, eta egiletasunaren zein testuaren arteko bestelako harremanak proposatzen zituztenak. Batez ere azken aldiko teoria soziologikoetan jarriko dugu arreta. Adibidez, Michel Foucaulten (1969) egile-funtzioaren teoria izango dugu aipagai, edo Pierre Bourdieuren (1992) esparru literarioaren teoriak aipatuko ditugu, egiletzaren ikuspegi sistemikoak jorratzeko, edo Juan Manuel Zapataren (2011) egile-proiektuaren teoria izango dugu hizpide.

Modu zehatzean aztertuko duzue gai hau genero ikuspegitik. Zergatik? Egiletasunaren inguruko teoria horiei ere hainbat kritika egin zaizkie genero-ikuspegitik, edo berrirakurri egin dira feminismotik (besteak beste, Nattie Golubov eta Meri Torràs ikertzaileek). Azken batean, egiletzaz teorizatu izan denean, genero neutroa hartu izan da ardatz gisa: alegia, autorea=gizona. Horregatik, ikertzaile feministek egiletasunaren teoria klasikoak auzitan jarri dituzte, ez bakarrik ikuspegi soziologiko batetik berrikusi nahi izan dituztelako, baizik eta egileen genero-posizioa aintzat hartzen ez zutelako (eta jakina, ez beste edozein posizio soziopolitiko ere). Hartara, egiletzaren funtzioak edo ikuspegiak jorratzerakoan genero-ikuspegira hurbiltzea interesgarria dela pentsatu dugu, azken batean autoritate literarioak eraikitzeko prozesuak ere aztertzen dituztelako egiletasunaren teoriek: izan egilearen kapital sinbolikoa aztertzean, izan egiletzaren testu-oihartzunak aztertzean, izan egile-posizioak harreran duen eraginean. Egiletasunaren teoriak genero-ikuspegitik aztertzeak bi aukera zabalduko dizkigu: batetik, testuen interpretazioak egiteko literatur kritika feministaren bide berri batean sakontzeko aukera emango digu (egiletasunaren teoria feministak); bestetik, euskal literaturan egiletza edo autoritate literarioa eraikitzeko modu eta ibilbide zenbait aztertzeko aukera emango digu, eta autoritate-eraikuntza horretan genero-logika zenbait azaleratzeko aukera eman ere.

Zeintzuk dira landuko dituzuen gaiak? Esan berri dugun bezala, generoak gizarteko arlo guztiak zeharkatzen ditu; kultur sorkuntza ere bai. Zentzu horretan, ikastaroaren egituran ikusten den bezala, egoki iritzi genion lehendabizi ikuspegi feministatik egiletasunaren teoriari buruzko oinarrizko ezagutzak transmititzeari.
Irakurlea ikuspegi berri horretatik irakurtzen trebatzea izango litzateke hurrengo urratsa, komunikazio literarioaren ardatz gisa testua hartuz, baina bertan gorpuzten diren genero-irudikapenak identifikatuz, egilea testuan kokatzeko ahalegina eginez, testua bere testuinguruan kokatuz, etab. Testuak komunikazio literarioko beste alderdiekin lotuta irakurtzeko ahalegina egingo dugu, eta interpretazio horiek, era berean, euskal sistema literarioko zenbait joera ulertzeko gakoak emango dizkigute.
Halaber, zenbait euskal idazlek bere egiletasuna eszenaratzeko harturiko bideez jardun nahi dugu. Horretarako, egokia iruditu zaigu, alde batetik, Xabier Montoia bezalako musikari eta idazle batez eta haren obretako diskurtsoez hitz egitea. Bi adierazpide artistikoetan duen jarrera ezberdina izanik, bakoitzean bere egiletasuna nola eraikitzen duen ikusteaz gain, Golgota (2008) eleberrian zer-nolako diskurtsoak sortzen diren aztertuko dugu, eta gizarteko bestelako diskurtsoekin harremanetan jarriko. Liburuaren sozializazioa (idazlearen ahots publikorik eza) eta testuaren kanpoko eta barneko errelatoen arteko tentsioak izango dira aztergai, besteak beste.
Bestetik, emakumezkoak eta haien gorputzak literatur sisteman non eta nola kokatzen diren aztertzeak berebiziko garrantzia du, aipatu dugun bezala, egilearen genero neutrotzat gizonezkoa dela pentsatuz jokatu baita. Emakumezkoen kokagunea ikertzeko, emakumezko idazle batek hitz egingo du, teoria, praktika eta esperientzia bilduko dituen azterketan.
Azkenik, egiletasun gorpuztuak izango ditugu. Alegia, egiletasuna modu ezberdinean eta bestelako diziplinekin harremanetan bizi duten idazleak izango dira mahai-inguruan. Horrela, belaunaldi, kokapen geografiko eta genero literario ezberdinetan aritutako idazleek aurretik aipatutako teoriak haien kasuan nola gauzatu diren entzuteko aukera izango dugu.
Ikastaroa ixteko, egiletasuna bere ibilbide osoan zehar modu ezberdinetan bizi izan duen idazle batek emango du hitzaldia. Harkaitz Cano hainbat genero literariotan aritua izan arren, euskal sistema literarioan ez ezik, beste sistema batzuetan ere ezagun egin da, bai hainbat diziplina artistikotan egin duen ekarpenengatik (zinema, musika, komikia…), bai gizarte-auzi batzuetan hartu duen posizioagatik, batez ere haren Twist eleberriak izandako oihartzunaren ondotik.

Gaian eskarmentua duten irakasleak izango ditu ikastaroak. Ibon Egañak egiletasunaren inguruko teorietan ikertzen jardun du azken urteotan, eta Harkaitz Canoren Twist (2011) eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (2013) lanetan ikuspegi hori nola jorratzen den aztertu du. Kanpo- eta barne-diskurtsoen arteko erlazioetan arakatu eta teoria praktikarekin uztartu izan du. Euskal literatur kritikan aritua eta aditua, idazlearen posizioaz eta ahotsaz gogoetak aspalditik planteatu ditu, eta hari horri tiraka lortutako ondorioetan zein galdera berrietan oinarrituta, bere hitzaldiak ikastaro osorako zimendua jarriko du.
Nik neuk [Iratxek] azken urteotan Emakumeen Etxeetako eta Jabekuntza Eskoletako irakurketa talde zenbait gidatu ditut, eta esperientzia horren bidetik, irakurketa kolektiboari ere lekua emango diogu ikastaroan: testu laburrak taldean irakurri, eta iritziak zein susmoak partekatuko ditugu, egiletasunaren teorien oinarri zenbait ardatz hartuta, eta genero-ikuspegia zehar-lerrotzat hartuz une oro. Modu horretara, hautatutako testu batzuen bidez irakurlea ikuspegi berri honek testuan duen eraginaz jabearazi ez ezik, gogoeta-ildo berriak iradokiko ditu.
Bestalde, ni [Amaia] Memoria Ikerketetan espezializatu naiz, 36ko Gerraren irudikapena euskal eleberrigintzan nola eraiki den aztertzen ari bainaiz duela zenbait urte. Azterketa horretan genero-ikuspegia txertatu dut, eta iraganeko gertakari historikoak hautatu izan dituen Xabier Montoiaren egiletasuna eszenaratzeko modu berezia hautatu dut diskurtso literario, sozial eta politikoen arteko zubiak eraikitzeko.
Eider Rodrigezek Harrera Teoriaren bidez aztertu du Joseba Sarrionandiaren lana. Esan beharrik ez da ausentzia baten presentzia handi baten lana ardatz hartuta, euskal gizarteak iheslari baten egiletasuna gorpuzteko moduaz gogoeta egin izan duela. Alabaina, oraingoan bestelako kezka batetik abiatutako ikerlanaz arituko zaigu, emakumearen gorputza askotan euskal literatur sisteman ikusezina izan baita, eta ikusgarri bihurtu denetan nola egin den azalduko du.

Zein da erabiliko duzuen metodologia? Lehenago esan bezala, metodologia bi eratakoa izango da: alde batetik, hitzaldi formatuan jasoko da informazioa, eta, bestetik, testu-tailerrak egingo dira, non entzundakoa bereganatu eta praktikara eramanda, irakurketan trebatzeko gakoak emango diren. Azkenik, idazleen ahotsetatik jasoko dugu teorian ikusitakoaren esperientzia pertsonala. Ikastaroaren amaieran gogoeta teoriko-praktikoa jasoko dugu idazle baten eskutik. Beraz, ikastaroa teoriko-praktikoa izango da, bertaratuko direnek guri sortutako galderen inguruan hausnartuko dute, eta haien parte-hartzearen bidez, guk ere gogoeta eta lan-ildo berriak proposatuko ditugu. Halako ikastaroetan ikasketa bi norabidekoa izaten da, irakurketa konpartituak diren kasu guztietan bezala.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Irakurzale orori, irakasleei, literatur teorietan sakondu nahi dutenei eta, oro har, irakurketan trebatu nahi duen edonori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude