Edurne Etxeberria: “Oso barneratua dugu oraindik adimen logiko-matematikoaren garrantzia”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Adimen Anizkunen teoria: begirada aldaketa” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Edurne Etxeberria Telletxea izango da bertako irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Zer da adimen anizkunen teoria? Howard Gardnerrek 1983an plazaratutako teoria da, gutxienez 8 adimen edo ahalmen mota ditugula dioena. Adimena, kultura batean edo gehiagotan balioa duten arazoak konpontzeko edo produktu berriak sortzeko ahalmen biopsikologikoa dela dio egile honek. Berak eta Zero Proiektuko bere taldeak aurrera eramandako Ikerketa luze batetik ondorioztatu dituzten gutxienezko 8 adimenak honako hauek dira: adimen linguistikoa, adimen logiko-matematikoa, adimen intrapertsonala, adimen interpertsonala, adimen ikus-espaziala, adimen kinestesikoa, adimen musikala eta adimen naturalista.   

Zer nolako eragina dute haurrengan adimen hauek? Eragin zuzena. Jakinda jaiotzetik gure garunean 8 adimenak ditugula, guraso nahiz hezitzaileok, haurraren adimenak ezagutu behar ditugu, eta haien garapenean lagundu, beharrezko baliabideak eskainiz.   

Gaur egun oraindik adimen logiko-matematikoari ematen zaio balio handiena. Zergatik? Oso barneratua dugulako oraindik adimen logiko-matematikoaren garrantzia. Prestigio edo balio izugarri horren bultzatzaile nagusi, orain arte, eta oraindik ere, adimena ebaluatzeko erabili izan diren test edo galdetegi ezagun batzuk direla esan daiteke, aspektu linguistiko eta logiko-matematikoak soilik kontuan hartzen dituztenak. Ikastetxeetan aurrera eramaten dugun ebaluazioak ere honen eragin zuzena du, oraindik ere.   

Zein da ikastaroaren helburua? Helburu nagusia, ikastaroaren izenburuak adierazten duen bezala, Adimen Anizkunen teoria ezagutzearekin batera, norbanakoarekiko begirada aldatzea da, betaurreko berriak ipiniz.   

Zein da erabiliko duzun metodologia? Ikastaroaren metodologia aktiboa eta parte-hartzailea izango da, alderdi teorikoa praktikara eramanez eta hausnarketarako tarteak eskainiz.    

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Haurren heziketan parte-hartze zuzena duen edonori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude