Iker Villanueva eta Loitzun Izaola: “Ikastaroaren helburua ikasleek tendinopatien diagnostiko eta tratamenduaren inguruan azken urteotan eman diren aldaketei buruzko informazioa eskuratzea da”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Beheko gorputz-adarretako tendinopatien diagnostiko eta tratamendua” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Loitzun Izaola Azcona eta Iker Villanueva Ruiz izango dira bertako irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Loitzun Izaola eta Iker Villanueva

Zein da ikastaroaren helburua? Ikastaroaren helburua ikasleek tendinopatien diagnostiko eta tratamenduaren inguruan azken urteotan eman diren aldaketei buruzko informazioa eskuratzea da. Diagnostiko eta tratamendu egoki bat bideratzeko ezinbestekoa da azken froga zientifikoen berri izatea eta hauek eskaintzen diguten informazioa aplikatzen jakitea.    

Azken urteetako ikerketek arlo honetako paradigma goitik behera aldatu omen dute. Zergatik? Besteak beste, Cook, Purdam eta Malliaras-ek azken urteotan burututako ikerketek tendinopatien paradigman aldaketa sakonak eragin dituzte. Ikerketa hauek hanturaren rola, kargaren garrantzia eta froga osagarrien baliagarritasunari buruzko ikuspuntua aldatu egin dute eta honek tendinopatien diagnostiko eta tratamenduan eragin zuzena izan du.   

Zein gai landuko dituzue? Hain zuzen ere, aldaketa sakonenak jasan dituzten gaiak landuko ditugu: tendinopatien fisiopatologia, kargaren kontrola eta ariketen erabilgarritasuna.   

Zein da erabiliko duzun metodologia? Teoria eta praktika uztartuko ditugu. Multimedia-baliabideen bitartez oinarri teorikoak azalduko ditugu eta hortik praktikara egingo dugu salto. Bereziki, tendinopatien diagnostiko eta tratamendurako erabilgarriak diren ariketak praktikatuko ditugu.   

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Ikastaroa tendinopatiei buruzko informazio eguneratua eskuratu nahi duten osasun arloko profesionalei zuzenduta dago, hala nola: fisioterapeutak, erizainak, medikuak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude