Aitzole Araneta, Iñaki Goñi eta Beatriz Sever: “Transexualitatea kultura guztietan eta aro historiko guztietan eman den errealitatea bada ere, hauxe da txikitatik entzun eta lagunduta izan den lehen belaunaldia”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Aitzole Araneta Zinkunegi, Iñaki Goñi Garatea eta Beatriz Sever Egaña izango dira bertako irakasleak. Matrikula zabalik dago.

Aitzole Araneta Zinkunegi

Nondik sortu da ikastaro hau antolatzeko beharra? 2017an UEUn antzeko ikastaro bat antolatu zen eta arrakasta handia izan zuen, beraz, gaiarekiko interesa eta jakintza hutsunea badaudela agerian geratu zen. Adin txikikoen transexualitateari buruz duela oso urte gutxi hasi gara hizketan eta oraindik ere ezjakintasuna handia da gizartean, hortaz, esperientziak zabaltzeko beharra ikusi dugu.

Zein izango da helburua? Orokorrean, transexualitatea aniztasunaren isla baino ez dela gizarteratzea. Zehatzago, adin txikikoak bidean lagunduz ikasi duguna partekatzea. Haur eta nerabe hauek zer adierazten duten, zer behar edo eskari dituzten eta guk zelan lagundu ahal ditugun mahai gainean jarriko dugu. Iñakik hezkuntza mailan egindako lana oinarritzat hartuta, Aitzolek esperientzia propioa eta eurekin egindako lana abiapuntu izanda eta Beak familien ikuspuntutik.

Iñaki Goñi Garatea

Zeintzuk dira une honetan alor honetan dauden erronka handienak? Transexualitatea kultura guztietan eta aro historiko guztietan eman den errealitatea bada ere, hauxe da txikitatik entzun eta lagunduta izan den lehen belaunaldia. Horrek asko irakatsi digu. Adibidez, hasieran, familian eta eskolan jarri genituen indarrak eta haur txikiekin oso emaitza onak ikusi genituen. Baina nerabeen kasuan hori ez zela nahikoa ikusi genuen, gorputzarekiko harremana, maitasuna, lagunekin sozializazioa beste faktore batzuk agertzen dira adin honetan eta hor jarri behar ditugu indarrak. Gaia gero eta gehiago eta hobeto ezagutu, orduan eta errazagoa izango da dena gaztetxo hauentzat, beraz, eurekin egiten dugun lanaz aparte, gaia ezagutaraztea dugu helburu.

Bea Sever Egaña

Zein da erabiliko duzuen metodologia? Hirurak abiatuko gara esperientzia pertsonaletik. Nafarroan Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza protokoloa Transexualitate kasuetarako azaltzera emanen da, bertan zehazturiko puntuak azalduz. Berarekin batera protokoloaren arrazoiaren abiapuntua eta oinarria eman da azaltzera, orain arteko esperientziak eta ondorioak partekatuz. Bukatzeko bertan partaideek izan ditzaketen zalantzak, hausnarketak, e.a. plazaratzeko astia eta aukera izanen da.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalentzat bereziki interesgarria da, baina edozeinentzat da interesgarri, izan ere, zenbait ikerketen arabera mila jaiotzatatik batean jaioberriari esleitutako sexua ez da bat etorriko benetako sexuarekin. Horrek esan nahi du, edonork topatuko duela egoera horretan dagoen pertsonaren bat bere bizitzan zehar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude