Anartz Ormaza: “Arnasguneen garapen jasangarrirako argi apur bat eman nahiko genuke”

Datorren urriaren 10ko “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” izeneko jardunaldietan, besteak beste, hizkuntza korridoreak izango dituzte mintzagai. Batetik Ekoguneako Itsaso Olaizola Azurmendik ekologiaren begiradatik aztertuko du gaia eta bestetik, Iurdana Txintxurreta Rotaetxe arkitektoak arkitekturaren ikuspegitik. Anartz Ormaza Ugalde Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan Unibertsitate Adituak eta UEUko arkitektura sailburuak gidatuko du aipatu saioa. Izena eman jardunaldian.

“Hizkuntza korridoreak” aztertuko dituzue. Zertaz ari gara hizkuntza korridoreez ari garenean?
Hizkuntzarekin gertatzen zaigu askotan, beste arlo batzuetan oso barneratuta ditugun kontzeptuak eta ondo ulertzen ditugunak, hizkuntzara ekartzean arrotz edo arraro egiten zaizkigula. Seguruena oraindik ere gai honetan lanketak bide luzea egiteko duelako izango da. Lurraldea eta Hizkuntza lantzen ditugunean, sarritan gertatzen zaigu tresna faltan topatzen dugula gure burua, eta beste zientzia edo esparru batzuetara jotzen dugu, hango adibide edo baliabideak erabilgarri izango ditugulakoan. Horrela geratzen da ingurumen edo ekologiarekin. ELE tresna (Eragin Linguistikoaren Eragina) garatu zenean gertatu zen moduan, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioa erreferentzi moduan izan zela, ba korridoreen gaia berdin. Edonork ulertzen du, errez, zer den korridore ekologiko bat. Hau da, balio ekologiko zehatz batzuk edo aberatsak dituen eremu bi (edo gehiago) lotzen dituen lotura, ezaugarri ekologiko hauek dituena, jakina, eremuen arteko jarraikortasuna bermatzen duena. Ba hizkuntza korridoreekin antzera. Hizkuntza ezaugarri bereziak dituzten eremuak lotzen dituzten loturak lirateke hizkuntza korridoreak, euskararen arnasguneak lotuko dituztenak, kasu honetan.

Ekologiaren eta arkitekturaren begiradatik aztertuko duzue gaia. Zer da landuko dena? Zein helbururekin?
Korridoreen gaiari hurbilketa bat egingo zaio. Eta hurbilketa bi eremuetatik egitea da asmoa: alde batetik arkitekturatik, hau da, lurraldetasunaren esparru fisiokoagotik, espazialenetik. Eta bestetik, ekologiatik, hizkuntza ekologiatik hain zuzen ere (ekologiaren esparrua erreferentzia moduan hartuta). Bi alde hauetatik hurbilketa eginez, bien arteko paralelismoa aztertuz, arnasguneen garapen jasangarrirako argi apur bat eman nahiko genuke; hau lortzeko hizkuntza korridoreek (bai fisikoak, bai beste era batekoak, kulturalak…) izango duten garrantzian fokua jarriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude