Euskararen … estrategikoa

     Jaurlaritzak aurkeztu berri du Euskararen Agenda Estrategikoa 2013-2016 Bizikidetzarako hizkuntza bizia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskararen ezer estrategikoa izan daiteke? Euskararen hiztun elkarte osoari begira diseinaturik izan balitz, agian, bai. Baina ez da kasua. Jaurlaritzak hizkuntza politikaren eremuan gogoratu behar diren gauzen zerrenda aurkeztu digu. Bestera esanda, plangintza aurrera ateratzeko garrantzi berezia duena zerrendatu eta aurkeztu zigun. Adiera hertsian Agenda zorigaizto horren esanahia legealdiko sailburuordetzaren egitasmoa besterik ez da.

Euskararen Agendak ileak laztu dizkigu.

     Agenda dokumentu itxia da, ez du aukerarik eskaintzen aldaketarako. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako dokumentua da, Jaurlaritzak bere egin du. Horrek badu bere garrantzia, noski. Baina ez du ahalbidetu herritarren parte hartzea eta ez die herritarrei aukerarik ematen parte hartzeko. Jaurlaritzak, txostenak honela dio, zehar lerro modura kudeatu nahi du elebitasuna, hau da, bi hizkuntza ofizialen trataera eta erabilera. Zergatik ez dio esaten Elebitasunaren Agenda? Antza denez, hizkuntza politika da eremu bakarra non Jaurlaritzak estatuaren ordezkari gisa diharduen.

     Aurkeztutako txostena Jaurlaritzaren alor jakineko legealdiko agenda da, aurreko legealdiari jarraipena ematen diona, gobernuak berak egina eta gobernuaren programaren zatia da. Aurreko gobernuaren hizkuntza politikaren jarraipena bada ere, bada berrikuntzarik. Jaurlaritzak sortu ditu Euskara Atalak bere sail guztietan. Ondo dago hori. Halere, hizkuntza politika sailburuordetza  mailakoa da, horrek, bistan da, euskararen zeharkakotasuna zailtzen du.

     Agendaren kudeaketa organoei dagokienez, Jaurlaritzaren erakundeez osoturik daude, ez dago herri-administraziotik kanpoko inor. Eurek sortu, eurek mugatu eta eurek kudeatu. Egia da, Agendak “aurreikusten duela” eragile instituzionalen eta sozialen “lankidetza” baina baztertzen ditu euskalgintzako eragile esanguratsuenak.

         Agendak esaten du hizkuntza politikaren inguruan akordioa  (3.12 atala) behar dela; bai, Jaurlaritzak bere politikaren inguruan akordioa ehundu nahi du. Kontua da, legealdi honetako aurreneko bi urteotan ez du horrelako akordiorik bilatu, ezta proposatu ere.

     Euskarak eta, batez ere, euskararen hiztun elkarteak hizkuntza politika eraginkorragoa eta zuzenagoa behar du. Politika horren xedetik hasita. Elebitasunari lehentasuna ematen zaion hori ezin izan daiteke euskararena ezer, izatekotan dagokion proportzioan izango litzateke. Egoera soziolinguistikoa zorrotz aztertu behar dugu. Behar digu, diagnostikoa konpartitu eduki. Hortik abiatu beharko luke hizkuntza politikak, euskararen normalizazioa xedea duen hizkuntza politikak, alegia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude