Hikuntza-laguntzak eta diru politika

     Gobernuari dagokio diru eta ondasun publikoen kudeaketa. Espainiako agintariek, autonomia elkargoetakoak barne, uste dute dirua, gobernuaren dirua, herritarrena baino eurena dela. Hau da, urteroko aurrekontua banatzen dutenean ez dakit nongo elkarteri edo hango erakunderi mesede egiten dietela diru-laguntzak esleitzerakoan. Ez da horrela, irakurleak dakienez, diru publikoa ez da agintariena eta diru publikoa jasotzen duten elkartek, erakundek edo dena delakoak jasotzeko baldintza jakinak bete behar izateaz gainera xehe-xehe zuritu behar izan ohi ditu diruarekin egindako gastuak, ordainketak eta abarrekoak, azken xentimoraino.

     Apur bat lotsagarria da azaldu behar izatea diru publikoa norena den. Horrela gabiltza, ostera. Euskarazko hedabideei banatutako diru-laguntzen auziaz natorkizue. Jaurlaritzak 2013 urtean 4799282 € banatu zituen 108 onuradunen artean, 2014 urtean, berriz, 115 onuradunen artean, 4836278 € banatu zituen, aurreko urtekoa baino %0,8 gehiago. Urte honetan (2014) zazpi onuradun berriek 77478 € jaso dituzte. Horiek horrela, berriek jasotakoa aparte utzita, 2013 eta 2014 urteetan diru-laguntzak jaso dituzten 108 onuradunentzat, 2014an 4758800 € banatu dira, aurreko urteko baino %0,8 gutxiago.

     Euskarazko egunkari bakarrari ezarritako diru-laguntzaren %14ko murrizketak, 210.000 €ko zigorrak, agerian utzi du, berriro ere, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren lehentasunak ez datozela bat euskararen hiztun elkarteko beharrizanekin. Jaurlaritzak zigortzen ditu Euskal Herri osoan banatzen diren hedabideak, zigortzen ditu zientzia dibulgazioa eta argitalpen zientifikoak eta akademikoak.

     Diru-laguntzen banaketa irizpide berriak izan omen dira murrizketen sorburua. Jaurlaritzak, ordea, bazekien jakin irizpide berriek kaltetzen zutela banaketa zabaleko hedabideak. Bazekien. Bazekin lanerako txosten batean horrela jakinarazi ziotelako:

     Dena dela, hemen aztertu beharra dago Berriaren kasua. Laguntza hauetan sartzearen bideragarritasuna eta sortu dezakeen distortsioa. Demagun irizpide berriekin ez zaiola orain arteko neurriko laguntza egokitzen. Jasangarria al da? Defendagarria? Aldizkari nazionala euskaraz, ez al da berez helburua?

     Aldizkariei dagokienen, laguntzak ez dira euskara hutsez egiten dutenentzat soilik izango. Hau bera aldaketa nabarmena izan daiteke, zeren aurrekontua, gehienez ere, berdina izango da, eta agian eskaeren kopurua aurrerantzean gehitu egingo da eta, beraz, bakoitzarentzat gutxiago. Erne, berriro ere, Berriaren emaitzekin.

     Itxuraz, dauden irizpideek helburu bakarra dute, eta hau “erreklamagarriak” ez izatea, hau da, erabat matematikoak izatea, nolabait esateko.

     Jaurlaritzak, bada, bazekien irizpide aldaketak zer zekarren. Jaurlaritza jakitun zegoela, ondorio bakarra atera daiteke: euskaraz argitaratzen diren hedabide nazionalak zigortu nahi zituela. Nahi eta egin.

     Diru-laguntzak sei eremutan banatu dira: egunerokoak, aldizkari orokor eta espezializatuak, tokiko aldizkariak, irratiak, tokiko telebista eta interneteko argitalpenak. Eremu guztiak dira garrantzitsuak euskararen normalizaziorako, jakina. Baina badira euskararen hiztun elkarte osoari begira sortuak eta tokian tokikoak. Bistan da, euskararen hiztun elkarte osoari begirakoak hedabide eratzaileak eta kohesiogileak direla.

     Badira izaera orokorreko berriak zabaltzen dituzten tokian tokiko hedabideak eta badira hedabide espezializatuak, zientziaren dibulgaziozkoak eta unibertsitate mailakoak. Biak dira garrantzitsuak, jakina, baina azken horiek hizkuntza biziberritzeko emankorragoak eta berritzaileagoak dira. Diru-laguntzen banaketa nolakoa hizkuntza politika halakoa.

     Diru-laguntzaren banaketak ondo islatzen ditu Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren lehentasunak. Gure ustez hizkuntza politikak, aspaldiko partez, segiziozaletasuna sustatzen du, euskalgintza zatitzea, lehenik, eta, ondoren, sakabanatzea bilatzen du. Euskararen normalizazioak, ordea, behar du euskararen hiztun elkartea eratzen duena, kohesio maila areagotzen duena, alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude