Gora euskararen patrimonializazioa!

        Eusko Jaurlaritza euskararen alde egon? Euskararen alde egin!!! Lelo horrekin erakutsi zuen pankarta EHEk 19. Korrika Gasteiztik igarotzerakoan.

19. Korrika Gasteiztik igarotzean (www.elcorreo.com)

     Pankartaren aldarriak min egin zien arineketan ziharduten Jaurlaritzako arduradunei eta jarrera patrimonializatzailea salatu zuten iritzi artikuluan. Jaurlaritzako hizkuntza politikako arduradunak oso minberak izan ohi dira egiten zaizkien kritikekiko. Oharkabean pasa zitekeen pankartarena, berez, egindako kritikak, egotetik egitera eskatzeak, ez baitu horrenbesteko kargarik adierazten.

     Inorena ez eta guztiona dena norberarentzat gorde nahi izatea leporatzen diote Euskal Herrian Euskaraz elkarteari. Hori esateko, ordea, zorigaiztoko mailegua aukeratu dute: patrimonializazioa. Patrimonio sarrera jasota dago Orotariko Hiztegian baina Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan ez da jasotzen. Zehazki gaztelania-euskara hiztegian (EHU) patrimonio, euskaraz, ondare edo ondasun jartzen dute.

     Kontua da, guk irakurritako antropologiako zenbait lanetan patrimonializatzea ondare komunari eranstearen edo zabaltzearen adiera egozten zaiola. Hau da, horren adieran, euskara herritar ororen ondare komuna izatea, euskara patrimonializatzea izango litzateke. Beste era batera, euskarak gizarte osoaren beharra du: abertzaleena eta ez abertzaleena, ezkertiarrena eta eskuindarrena, era batera nahiz bestera pentsatzen dutenena; hori ere, euskara patrimonializatzea izango litzateke.

     Gure ustez, hori da EHEren asmoa: euskara patrimonializatzea, euskara herritar ororen ondarea bilakatzea, alegia. Bat gatoz. Dena den, badakigu Jaurlaritzaren arduradunaren asmoa iritzi artikuluari datxekiona oso bestelakoa dela. Badagokio, bai, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren defentsa egitea, 33 urteotan izandako lorpenak, aurrerabideak eta hazkuntzak azaltzea, nola ez. Soberan da, berriz, kritikak iraintzat hartzea, kritikatzailea gutxiestea eta kritikagileari izaera baztertzailea leporatzea. Jarrera baztertzailea itsusia da, oro har, eta onartezina administrazio publikoaren arduradunengan. Euskararen normalizazioa lortuko badugu, denok gara beharrezkoak eta denok dugu zer ekarria.

     Indarrean dagoen hizkuntza politika diseinatzen eta ezartzen duenaren ekarpena eta hizkuntza politika hori berori salatzen duenaren ekarpena, biak ahal biak aintzat hartzekoak dira. Jaurlaritza ez da orojakile, ez da ahalguztiduna, baina adostasuna bilatzearen ardura berari dagokio eremu publikoaren antolaketa eta kudeaketa berez dagokiolako. Indarrak batzeko garaia omen da, elkartzeko, errespetatzeko, osatzeko, gehitzeko eta euskara patrimonializatzeko. Saiatuko gara.

 

Iruzkinak (1)

  • Oro har ados esandakoarekin, Xabier.

    Hala ere, uste dut EHEren aldetik itsusikeria izan zela kritika hori une eta toki horretan egitea, Jaurlaritzako ordezkariak lekukoa eramaten ari zirela. Pankartaren mezua ez zen denontzat mezua (Kontseiluaren manifan bezala), Eusko Jaurlaritzari bakarrik egiten zitzaion eskaera.

    Antolatzaileek ohar hau banatzen dute taldeen artean: “lekuko­eramaile guztiei behar den begirunea erakutsiko zaie”. Nik uste EHEk ez duela hori bete. Korrikaren antolatzaileei kalte galanta egiten diete horrelakoek, hurrena diru-laguntza eta babes eske joan behar dutenerako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude