Anton Borja Alvarez

         Antonen azken agurreko ekitaldian ez zen banderarik ikusi, ez banderarik ezta bestelako ikurrik ere. Lore sortak, lore sorta ugari, besterik ez. Lore sortak eta senideak, lagun minak eta adiskide asko. Jendetza bildu ginen Antonen omenez.

Anton Borja

      Anton Borja Alvarez Iralatik Oroimen Plazara etorri da, gure baitako plazara, alegia. Gerra osteko belaunaldikoa, askatasunaren umezurtz horietakoa, hori zen Anton. Diktadura faxista bizi arren, inoiz eta inor ez zuen makurrarazi. Bere belaunaldiko matxino horietako zen. Matxinoak ez ziren asko baina elkarren artean ezagunak ziren nor-nor zen ez bazekiten ere. Klandestinitatearen arauak.

        Bizitza osoa borrokatzen eta, hala ere, bizi. Elkartasunak bizi gaitu, Anton, justiziak eta askatasunak, zoriontasunak eta berdintasunak, … Gizon lasaia eta tematia. Oroimenaren Plazara mudatu zara, zure kontakizuna memoria ofizialen erregistroan arrastorik utzi gabe joan zara.

     Lasai, Anton, zure kontakizuna gurea baita, borrokatzen jarraitzen dugunon berbera. Baina guk ere ez diegu ezer kontatuko. Ez diegu deus esango klandestinitatean bizi izandako beldurraz eta egonezinaz, ez balukete ulertuko. Ez diegu kontatuko zerk lotu gintzaizkion borrokari eta elkarrekiko engaiamendua nolakoa zen. Ez ziguketen sinetsiko.

    Jarraituko borrokan, Anton. Galdetzen badigute zergatik, esango diegu askatasuna behar dugulako, jendarte justuagoa beharrezkoa eta posiblea delako. Galdetzen badigute, Anton, orduan kontatuko diegu gu baino lehen eta gurekin zu lako matxinoak ibili zirela, ibili ginela. Jakinaraziko diegu zer lan egiten zenuen, zer pentsatzen zenuen, zer nahi zenuen eta nola bizi zinen. Orduan zure ametsa biziberrituko dugu. Oroimenaren Plazan. Besarkada bana, Asun eta Eneko. Agur eta ohore, Anton.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude