Enpresa eta lan munduan euskararen bazterketa zenbaterainokoa den agertzen duen inkesta

euskarazhostia 1456132571948 Euskaraz ostia! | 2012-09-20 14:33

Langune elkarteak EAEko enpresatako hizkuntzen erabilerari, kudeaketari eta trebakuntzari buruzko azterketa bat aurkeztu du duela egun gutxi. Lan hori "negozio-aukerei" loturik eta hizkuntzak "lehia-abantaila" ikuspegi batetik jorratuz agertu dute, baina datuak oso adierazgarriak dira euskarak enpresa eta lan munduan bizi duen bazterketa agertzeko.
Azterturiko arloetako bat enpresen webguneei buruzkoa izan da eta inkestan parte hartu duten 437 enpresen artean hauek izan dira emaitzak:
-%28 soilik dira webgunea euskaraz dutenak, %72 erdara hutsez dutenak.
-Webguneetan erabilitako hizkuntzen artean bertako hizkuntza 4.tokian ageri da, askoz gehiago izanez gazteleraz gain bere webgunea ingelesez eta baita frantsesez duten enpresak euskaraz dutenak baino. Hizkuntza erabiliena espainola da eta bere portzentairik ez dute agertu ere egin (erabatekoa denaren seinale).%62,7k ingelesa darabilte webgunean, %34k frantsesa eta esan bezala %28k euskara.

Datu oso esanguratsuak dira, kontuan hartuz gainera aztertu ez dituzten Euskal Herriko beste lurraldeetako enpresetan emaitzak are eta ilunagoak izango liratekeela eta webguneena bazterketa orokor baten arlo bat bakarrik dela.

Euskaltzaleon indar eta aktibazioz eremu hori astintzearen garrantzia azpimarratuko dugu beste behin ere!


Utzi iruzkina: