Hiru lasterketaren kontakizuna

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2015-04-24 18:40

Hiru baten

Ia hilabete joan da azken artikulotxoa argitaratu nuenetik. Baina ez pentsa oporretan izan naizenez, liaturik ibili naiz, besterik ez.

 

Durango: 2015-04-02

Durango, Euskal Herria torneoaren lehena. Aritz eta biok joan ginen, baina semea ere ikusle, oraindik Debako karreraren ondorioak soinean zituen-eta. Durango galdu zuen, Agurain galdu zuen, eta entrenatzeko eguraldi oneko 10 egun ere bai.

Baina tira, Durango.  Barruko kontakizunaren erreferentziarik ez dudanez, labur-labur, puntuka.

1) Antolakuntza: eskas samarra, Axpeko lehen igoeran lasterketa ixten duen ohiko erratz-autorik ez zen pasa. Beharbada akats bakarra izango zen, baina larria da.

2) Ibilbidea: ikusleontzat eta argazkiak egiteko bikaina; txirrindularientzat gehiegizkoa. Bukaerako horma soberan zegoen nire ustez. Neska-mutilak ezinean ikusita, bultzaka aritu behar izan genuen, bestela asko izango ziren igo ezinik geratuko zirenak. Iritzi nahiko zabaldua zen aldapan geundenon artean, baita profesionalen artean ere.

3) Ikusleak: Jendetza, ikaragarria!!!

4) Irabazlea: Elosegi, apartekoa; aldapan larri ikusi genuen, baina kirol honetan sufritzen jakitea ezinbestekoa da. Eta badaki.

5) Irabazleak: helmugara iritsi ziren guztiak.

Argazkiak, hemen:https://www.dropbox.com/sh/yd5ig9qyv2297la/AACirUlPrMdbGGda7wCpOx36a?dl=0

 

Elgoibar, 2015-04-12

Eguraldi bikaina egiten dugu. Hori dela-eta, anaiak eta biok ama eraman dugu errepide-ertzera, ilobaren lasterketa ikusteko aukera izan dezan.

Gurpildun aulkia bultzatuz gerturatu gara Kalbario gaineko ermitaraino, denbora egite aldera. Ikusmira bikaineko talaia ezin hobea da ermita-ingurua; itzalean aurkitu diogu tokia eta minutu batzuk eman ditugu itsasoari begira. Seguru urtebete baino denbora gehiago daramala amak itsasoa ikusi barik!

Poliki-poliki egin dugu mendate ingurura arteko ibilbidetxoa, bazterrak behatuz. Kalbario gainera iritsi garenerako, ez da denbora asko geratzen lasterketa iritsi dadin. Bazterrean tokia hartuta itxarongo diogu.

Laster iritsi da ohiko zalaparta, eta ez ohiko zalaparta sortu da. Izan ere, ermitatik behera etorri den todoterreno batek irteteko imintzioa egin du. Errepidea itxita egon arren, bidegurutzean ez zegoen inor eta parean pasa den ertzainak todoterrenoa gerarazi du eta sekulako errieta egin dio. Todoterrenokoa ere haserretu egin da eta lasterketa laguntzen ibiltzen den motoetako bat gerarazi du: ea zer antolaketa-klase den hori, berak ez duela ezer txarrik egin, irteteko saiakera egin badu bidegurutzean inor ez zegoelako izan dela, ziklismoan zerbait gaizki egiten ari dela eta horren froga Antigua gainean gertatu zena izan dela... moto-gidaria, jakina, flipatzen. Horrelako batean, mendateko pasoa hartu behar duen epailea iritsi da. Une hori aprobetxatu du moto-gidariak hanka egiteko. Epaileak entzun behar izan ditu epelak, gu geu, 30en bat metrora, oihuka hasi garen arte. "Nahi duzun dena esan, baina bazterretik, bide-erditik alde". Nonbait baretu da gizona eta bazterrerantz jo du. Eskerrak, lasterketa bertan delako.

Mutil bat dator bakar-bakarrik, baina oso gertu dauka Jokin Aranburu zarauztarra, eta atzetik Aratz Olaizola beste taldetxo baten buruan. Banaka pasatu dira txirrindulariak; tartean Ander Teran, esanez Aritz atzerago datorrela. Eta halaxe da, azkenetakoa. Gaur ere, giharretako arazoekin. Ez da harritzekoa, erori zenetik bi karrera galdu ditu, ez du entrenamendurik egin, eskumuturrean oraindik min du, eta antibiotikoak hartzen ari da. Etorriko dira garai hobeak!!

Etxean izan dugu lasterketako sailkapenaren berri. Jokin Aranburu lehenengo, Aratz Olaizola bigarren, eta Gontzal Garcia hirugarren. Talde bateko esprinta irabazi dute zarauztarrek. Idatziko dudana irakurri ondoren bateren batek esango du: después de visto todo el mundo listo. Hala ere esango dut: Kalbarioan zarauztar biak aurrean ikusi ditudanean, nire apustua beraiek ziren.

Kalbario gaineko argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/gizh21rz284mm83/AADOxjGmFRzJv2NkyeaoMLZWa?dl=0

Urretxu: 2015-04-19

Berez eta aldez aurretik, gaurkoak ez dirudi oso lasterketa gogorra; txirrindularitzan, ordea, zerbait gogor bihurtzen duten hiru aldagai nagusi daude: ibilbidea, txirrindularien grina, eta eguraldia. Ibilbidea, berez, ez da gogorra, baina, jakina, martxak baldintza dezake, eta gazte hauek geldirik egoteko ez daudenez, fijo gogor bihurtzen dutela. Eta eguraldia? Lasterketa hasi aurretik dagoena bikaina kirol honetarako: haizerik ez dabil, lainotua dago, eta ez du ez berorik ez eta hotzik egiten ere.

Ibilbidea oso gogorra ez denez, ikuslearentzat ez da bereziki erakargarria, bizkorregi pasatzen direlako. Abiatu ere horrela egin dira, ziztu bizian. Legazpiko joan-etorrian lehen ihesaldi saiakerak. Gure parean pasa direnean, dagoeneko Azkoitirantz bideratuta, talde txiki bat metro batzuk hartuta pasa da, baina bertan dauka pelotoi oso. Bueno, oso-osoa ere ez, haren martxa jarraitu ezinda atzean geratutako taldeak badatoz, eta baita eskoba-autoaren atzean ere; kanporatuak, beraz.

Azkoititik buelta eginda, ez dago aldaketarik, egurrean jarraitzen dute. Saiakera ugari izan dira, baina ez dute lasterketa apurtzea lortu. Urretxuko plazan ikusi ditugu pasatzen, lehen euri-tantak erortzen hasi direnean. Gero eta gogorrago ari du, baina Eitzagako biribilguneraino joan gara, majo bustita baina joan gara!. Tropela ere horrela dator, busti-busti eginda, eta gerora jakin dugu sekulako txingor-erauntsiak harrapatu duela. Tropeleko bi antzuolarrak aurrealdean datoz, eta Teran ere multzoan da. Eitzaga jaisten seiko batek ihes egin du, tartean daude Aritz eta Arregi. Elkarrekin ondo konponduz, lana eginez, Atagoitiko igoeraren hasieraraino iristea lortu dute. Igotzen hasi, eta Aritzi bolak igo zaizkio. Atzean geratu da, beste bostek aurrerantz egin duten bitartean. Boskoteak gehiago iraun duen arren, tropelak laster irentsi ei du.

Horrela, Urretxuko igerilekuko aldapara elkarrekin iritsi dira gehienak. Sprint gogor-gogorrean Iñigo Elosegi izan da lehena, erraz gailenduz; bigarren eta hirugarren Aranburu eta Olaizola zarauztarrak. Arregi multzo nagusiaren atzealdean sartu da, Teran zazpi minutura sartu da eta Aritz, azkena, zortzira. Leher eginda, jota eta haserre iritsi da; bere buruarekin, eta, batez ere, ertzain batekin. Baina hori beste istorio bat da. Zorionak guztiei, bota dietena bota ondoren sufritu eta iristeko gai izan direlako.

Argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/st5ie79c4lliz8j/AACpiBb-BHcy_8pAoT6jUUxHa?dl=0

 


Utzi iruzkina: