Azpeitiarra nagusi Azkoitiko lasterketa harrigarrian!

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-11-17 18:57

2014-08-14, Azkoitia
Ondo pasau
Ondo pasau
Andramaixek!!

Zenbat parranda egin ote dugu Azkoitiko Andramaixetan!! Abuztuko jairik-jaiko ibilbidean, geltoki fijoa izan zen Azkoiti gure gaztetako lehen irteeretan. Zumarragan Urolako trena hartuta joan ginen behin baino gehiagotan, festara!! Dantza eskatu, kalabazak hartu, traguak, hango eta hemengo betirako lagunak egin... eguzkiaren lehen printzek erretiroa hartzera behartzen gintuzten arte. Azkoitiko kale nagusiko adokinek hitz egingo balute...

Gaur, ordea, ez dago dantzarik; pedalen mundua da hau. Andramai-bezpera izanik,hala ere, makina bat jende dabil kalean, dotore-dotore jantzita, eguerdiko meza nagusirako erosketak eta gainerakoak eginda egotea komeni da eta!

Abuztu erdia, epel antza, baina triste samar dago eguraldia. Lasterketa luze samarra da, 92 kilometro. Azkoititik irten Oikiara joan eta Iraeta aldetik bi buelta egiteaz gain, azken itzulian Azkarate igoko dute, bide berritik. Helmugara iritsi aurretik, kilometro bat baino lehenago, Santakutz laburra igo beharko dute. Sprint-a saihesteko jarriko zuten!

Aldez aurretik, ez du ematen bukaera arte ezer apaingarria gerta beharko lukeenik. Seguruen ihesaldiren bati ihes egiten utziko diote, bukaera aldera harrapatu eta lasterketa Azkaraten erabakitzeko. Gehienon ustea da hori.

Irteeran, 91 neska-mutiko. Asko, kontuan hartuta abuztuaren erdian gaudela, baina egia da kadete batzuk ere badirela gaurko tropelean.

Ibilbide ikusita, mugitzerik ez duela merezi erabaki dugu. Bertan pare bat aldiz ikusiko ditugu pasatzen, eta helmuga bukaeran. Irteera eman eta ordubete ingurura agertu da lasterketa irekitzen duen ertzainen autoa. Handik gutxira talde bat dator: 17 lagunez osatua. Horietako bat Aritz.

Pare bat minutura tropela. Eta tropel-buruan Atracciones Sanz taldeko txirrindulariak, Unaio Orbea buru dutela, kontrol-lana egiten. Izan ere, Oier Ibarguren aurreko taldean da, eta badirudi haren alde egingo dutela gaur. Aurrez egindako lanaren ordaina, zenbaitetan, bukaerak piko-pikoak izan direnean, Oierri egokitu zaio-eta Unairen aldeko lana egitea,

Ia beste ordubete beharko dute berriro Azkoititik igarotzeko Azkaratera joan baino lehen. Tartea dugunez, erosketak egiteko baliatu dugu, eguneko ogia, fruta, okela pixka bat... Bazkaria ziurtatu ondoren, hurbildu gara errepide bazterrera.

Ohiko auto eta moto-prozesioaren ondoren dator 17 laguneko taldea. Errentari eutsi badiote, aurrean egongo da lasterketa. Dudarik ez.

Pasatu da minutu bat, bi, baita hiru eta lau ere, eta bat batean eskoba-kotxea agertzen da. Ustekabe galanta jaso dugu lasterketari begira geunden denok, nola leike tropel osoa botatzea! Gero emango dizkigute azalpenak: aurrekoen abantaila 5 minututik gorakoa zela jada, beherantz egin beharrean gorantz egiten zuela... epaileek moztea erabaki dute. Hortaz 72 laguneko tropela lasterketatik kanpo!

Harrituta geratu gara denok! Izan ere, horrelakorik ikusteke geunden orain arte! Kostatuko zaigu gauza harrigarriagorik ikusterik!

Zain gaude Azkoitiko kale nagusian. Itxaron-aldia goxatzeko, Azkoitiko Udal Banda helmugatik igarotzen den lehena. Handik lasterrera, ertzain, loturako motoak, epaileak... eta bi karrerista: Oier Ibarguren eta Diego López. Erraz irabazio dio azpeitiarrak Lizarrakoari; hortaz, azpeitiarra nagusi Azkotin. Hirugarren postua, berriz, Xabi Contrerasentzat, Julen Irigoien eta Aitor Zabaletaren aurretik. Falta direnak banan-banan datoz, lasterketa puskatu egin baita. 11. egin du Lierni Lekuonak, karrera bukatu duen neska bakarrak, eta Aritzek, Jon Ander Unanuerekin batera, azkena gurutzatu du helmugako pankarpatetik, erabat leher eginda, 17garren postuan. 17garren? Ba ez, 19.a izan da! Nola leike? Galde diezaiela Azkarateko jaitsieran bide bazterretik sartu diren bi txirrindulariei. Eta epaileak konturatu ere ez dira egin!

Gauza harrigarriagorik nekez ikusiko genuela nioen lehenxeago. Ba egunean bertan ikusi dugu. Denboraldiko lasterketarik xelebreena izan da, duda barik!

Argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/b7h0o2rgd4cggwg/AABF0rcjJ4GfgE1WcW_TBm4_a?dl=0


Utzi iruzkina: