Ez iezaguzue armarik eskaini

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-05-09 12:30

 

Ez iezaguzue armarik eskaini, luza iezaguzue eskua miseriaren zulo beltzetik atera gaitezen. Ez ezazue gure giza-bihotz ahuletan amorrazioaren, eta gorrotoaren hazirik erein, urezta itzazue gure eskubideak, askatasuna, eta itxaropena.

Ez iezaguzue bidali gerrarako, gerratik, gerraren morroi arma-gizon, soldadu gehiago, eman iezaguzue besarkada bero bat.

Ez itzazue zuen arteko gatazka gorriak, anbizio ustelak, apeta asegaitzak gure artean kitatu. Ez ezazue asmatu duzuen zuen gizarte hotz horri darion bakardadea, eta tristura gure artean hedatu... egin ezazue dantzan gurekin, goza dezagun te baten eztiaz, sutondoan.

Ez iezaguzue armarik eskuetan jarri, lagun iezaguzue gizarte hobeago bat eraikitzen, etorkizun benetako baterantz bidea marrazten.

Ez gaitzazue gure lur, etxola, etxe... kanpamentuetatik, arratoien antzera arrapaladan atera. Ez gaitzazue itsaso arrotz batean itota hiltzera kondenatu.

Ez itzazue zuen zaborra, eta zikina gure ibai, eta itsasertz gardenetara ekarri, ez iezaguzue oka egin, nahastu zaitezte gurekin.

Jar gaitezen elkarren ondoan, bat bera dugun zeru zabaleko izarrei so, gure haurrena baino ez den etorkizunari begira.

 

 

 


Utzi iruzkina: