Euskal pizkundea gogoratuz

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 20a, 17:01

Euskal pizkundearen inguruko hiru hitzaldi antolatu ditu Tolosako Udalak; urriaren 24, 26 eta 27an izango dira.

Tolosa izan zen euskal pizkundearen bihotza». Horrela adierazi du Olatz Peon Tolosako alkateak euskal pizkundearen astea aurkezteko prentsaurrekoan: «XX. mendearen lehen hamarkadetan, Euskal Herriak ordura arte ezagutu zuen gizarte mugimendu bizi eta eraginkorrena izan zen Tolosan». Euskal pizkunde horren garrantzia azpimarratu du Peonek: «Benetako premiei egin zieten aurre; herrigintzan, gizartegintzan eta aberrigintzan aritu ziren ekintzaile sozialak eta kulturalak izan ziren. Gizartea, ikuspegi sozialetik eta nazionaletik berritu zuten eta Euskal Herria artikulatu zuten».

Euskal pizkunde horretan parte hartu zuten emakumeen eta gizonen lana nabarmendu du Tolosako alkateak: «Erakunde horiek izan zuten kemen eta erantzunaren ondorioz, euskal pizkundeak eragindako izpiritua bizirik mantendu da». Era berean, adierazi du lotura «zuzena» dagoela euskal berpizkundeak gerra aurretik izan zuen ibilbide historikoaren eta gaur egungo euskal kulturaren artean: «Egun, euskara, euskal kultura eta gizartea bera, ezin dira ulertu euskal pizkundea gauzatu zuten gizon-emakume horiek gabe, eta belaunaldiz belaunaldi egin dena kontuan hartu gabe».

Hitzaldi sorta

Euskal pizkundearen inguruko hausnarketa egiteko hiru hitzaldi antolatu dituzte: urriaren 24an, 26an eta 27an izango dira, 19:30ean, udaletxeko areto nagusian. Mikel Aizpuru EHUko irakaslea arduratu da hitzaldiak antolatzeaz. Lehenengo hitzaldian XX. mendearen hasierako euskararen inguruko jarrera sozialak izango ditu hizpide Aritz Farwellek. XX. mendean euskara defendatzeko zabaldu ziren hainbat jarrera landuko ditu Karmele Artetxek, eta Mikel Aizpuruk aztertuko du tolosarrek izan zuten eragina euskararen eta abertzaletasunaren arteko harremanean. Euskal pizkundearen inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera paregabea izango da, beraz, Tolosan.

HITZALDI SORTA

URRIAK 24, ASTELEHENA: «Euskara modernitatearen atarian: XX. mendearen hasierako ikuspegiak». Aritz Farwell, Historian doktorea. 

URRIAK 26, ASTEAZKENA: «Tolosarren eragina euskara eta abertzaletasunaren arteko harremanetan». Mikel Aizpuru EHUko irakaslea eta UEUko kidea.

URRIAK 27, OSTEGUNA: «Euskara menditik hirira: Euskal Esnalearen hitzaldi zikloak». Karmele Artetxe Sanchez, EHUko irakaslea eta UEUko Historia Saileko kidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!