Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Liburuak1-III

Liburuak1-III

Jon Etxabe 2016/10/10 11:28
Liburuak 1-III. Zenbait libururi buruz iruzkinak

Liburuak 1-III

Fusilak pizten dituen sua. Felix Guerra - Froilan Escobar.

Galderen geografia. Felipe Juaristi.  Poema-liburua

Gabeziaren Khantoreak. Tere Irastortza. Poema- liburua

Galdu arte. Juan Luis Zabala

Gaupazak. Juanjo Olasagarre

Gizona bere bakardadean. Bernardo Atxaga

Haltzak badu bihotzik. Iñaki Mendiguren

Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandia.

Hautsaren kronika. Inazio Mujika Iraola

Hemen gauak lau ertz ditu. Mikel Ibarguren. Poema-liburua

Hezurrezko xirulak. Joseba Sarrionandia. Poema-liburua

Hnuy illa nyha majah yahoo.  Joseba Sarrionandia. Poema-liburua

Ilargia lagun beti hegoalderantz. Fernando Presa

Intxixuen liburua. Fafael Dieste. Ipuin sorta

Ipuin antzeko. Mikel Zarate. Alegi antzeko ipuinak,

Ipuin berdeak. Ezberdinak, asko.

Ipuin lizunak. Aitor Zabala

Isladak. Unai Iturriaga. Poema-liburua

 

Fusilak pizten dituen sua. Felix Guerra - Froilan Escobar. Itzul.: Fernando Arburua

Puzzle bat da liburua, oso puzzle polita.

Kontaketa ezberdinak.

Berriemate aberatsa.

Zatitxoka azaltzen du gerrilla borroka, garbi azaltzen da nolakoa izan zen Kubako mendiko borroka.

Borroka,  gerrillaria eta herriko jende borrokalaria dira  liburuko protagonista.

Mitoak, gerrilla buruak, ez ditu mitifikatzen, ez dira kontakizun-gune, azaldu azaltzen badira ere noizbehinka.

Batailako sentimenduak, barne egoera, giza barnearen azalpena.

Iraultzaren alderdi ezkutua, gehienetan esaten eta azaltzen ez dena.

Gerrilla borrokaren mundu ezkutu ezezaguna.

Borrokaren anima, arnasa eta hatsa.

Egoera bereziak, esanahi handikoak.

Mila ikuspegi eta iritzi bitxi eta ederrak.

Kontaketa idealizatua, gogorra izanik ere dioena.

Buruzagitxoren batek idatzitakoa dela esango nuke,baina egoki, mitokerietan erori gabe

Kontakizun ezberdina, kontaera ere bai.

Euskara ere ezberdina.

Iparraldeko, agian Nafarroako, ez dakit nongo, euskalkian idatzia.

Baliabide asko dituen euskalkia.

Aberatsa da esaldi eta esateko bitarteko edo baliabideetan.

Baina Euskara betikoa darabil, bitxikeriarik gabekoa: euskalkia edo delakoa da niretzat bitxia.

Ez dakit norena den meritua, egilearena edo euskaratzailearena, baina ze trebe eta argi azaltzen eta askatzen dituen hainbat korapilo literario.

Gauzak esateko era ezberdina: "urez bete nintzen".

Esaldi motxak ditu, biziak.

Badira esaldi eta hitzak, nire iritziz, literalki, oker,  itzulitakoak: zuria "blanco" da, baina tiroaren "blanco"a jo- untu, itu  edo beste zerbait antzerako izan beharko du!. Ferrokarrilaren azpi-gona!.

 

Gabeziaren Khantoreak. Tere Irastortza

Gaurko poesia nahi nuen irakurri eta iraganeko poemen bilduma suertatu zait. Agian hau ere gaurkoa da, azkena ez bada ere.

Oso pesimista dira poemok, dena da gabezia bertan.

Lilura, xarma, barne ukitu poetikoa falta zaio: hotzegia, buruarekin eginak, zerebralegiak, bortxatuak iruditzen zaizkit.

Gustura irakurtzen dut, baina ez nau  asebetetzen, kezkaz edo desorekatuta uzten nau: agian gabeziaren sentipena da eragin nahi duena  Tere berak.

Zailak dira batzuetan literalki ulertzeko ere.

Puzzlearen itxura dute batzuetan, hitzak edo hitz lotuak elkartuz irakuri beharrekoak.

Eguneroko irudiak, arruntasunaren eraginez arraroak.

"bizitzaren koilara, kolore gabeko zuloa", garratza ere bada tarteka.

Bizitzari eguneroko gordinean heltzen dio poemagintza honek.

Egoera konkretuetatik sortuak ere badira batzuk, baina egoera konkretua ezagutzen ez dudanez ezin ditut ulertu eta ez dit bestelako sentipenik sortzen.

83 or.  Sarrera irakurriz jabetzen naiz ez dakidala ezer poesigintzaz.

Mila galdera sortzen zait: zergatik ebaki duen horrela esaldia, edo aukeratu duen izen-izenlagun konkretua, ...

Hitzen eta bukaeren erritmoa aldatzen du, aldatzen zait, eta ez dut asmatzen zergatik.

Hartutako erritmoa, bai hitzena bai iritziena, hautsi egiten du askotan, irakurlea desorekatuta utziz.

23 or.  Aurrezki-atzizkiak ebakiz, zentzu berezia emanez, polito jokatzen du

28 or.  Arraroa egiten zait: polita da sakonean baina ez dut ulertzen zertara datozen parentesi barrukoak, parentesi barruko ideia polita bada ere.

74 or.  Hotzegian pentsatutako irudiak, bortxatuak, takarrak, leuntasunik gabe.

77 or.  Oso orokorra, Tere bera ez da konprometitzen, irakurlea bera da irakurritako interpretatu behar duena.  Nahiago dut bere burua konprometituz  pentsarazten duen poeta.

93 0r.  Erritmo bizia du, hitz-joko eta hitzen antzerakotasuna erabiliz. Ebakerarekin ere trebeki jokatuz.

95 or.  hitz-jokoak eta imajinak ideiak esateko.

96, 98, ... or.  Bizitza bezain tristea eta garratza, bizitza beste zerbait ere bada.

Hitzez, ideiez eta ebakeraz erritmoa sortzen du.

106 or.  Itxaropena du behintzat olerki honek.

123 or. Esaldi bortxatuak, irudiak agian gustatzen zaizkidanak baina ezer esaten ez didatenak edo sentipen berezirik sortzen ez didatenak.

140, 146 or.  oso tragikoa da, tetrikoa, baita terrorifikoa ere.

164 or.  Cortazarrena oso tristea da dena, kamutsa, goibela. Asko sufritu ote du neskato honek. Nik oso ordu goxoak gogoratzen ditut Cortazarrekin Zamorako kartzelan egindakoak. Aldi batetan ordu asko leundu zidan zulo hartan.

193 or.  Osin berde ... zatiaren sarrera polita da.

 

Galderen geografia. Felipe Juaristi. Poema-iburua

Modan jarri da alfabetoaren ilaran idaztea:  Felipek poema gaiak lerrokatu ditu alfabetoaren ordenuan.

Ez dut ulertzen zenbait poemen esanahia: esangura pertsonalak nonbait.

Batzuk politak dira, baditu gauza erakargarriak, mamiz eta esanez.

Ez naute liluratzen, ez zaizkit gustuko, noizbehinka izpi argirik bada ere.

Ez dute hitzen erritmorik, ez  kadentziarik; beste erabateko luzapena, beste nolabaiteko bukaera edo beste nolabaiteko hitzen jarraipena eskatzen didate niri hainbat pasartek.

Traketsak, fintasunik gabeak, barne oreka falta zaie, bortxatuak, burutik atereak ez bihotzetik, buruz ikusiaz, bihotzez sentitu gabeak, agian bizipenak hizkietan eman ezinaren porrota.

Zenbait esaldi gehiago dira estetika soila, hutsa, ideia ulergarririk ez dutenak.

Zenbait poemek ez dirudite sentituak, barrutik jalgiak, bizi denaren borborra; landuak, pentsatuak, bilatuak, hotzak, estetika soila.

Poesiak bizitzaren zatia behar luke, ez hitz zizelatu soilak.

Badu poesiaren definizio oso egokia.

Oso zaila zait Feliperekin komunikatzea hainbat poemetan: ez alde ez kontra uzten naute, hotz, aiherga.

Ezkorregia iruditzen zait nire oharrak berrirakurri eta idazterakoan diodana; baina halakoak izan ziren nire sentipenak irakurketa unean.

Zaila zait sari bat eman diotela sinestea.

 

Galdu arte. Juan Luis Zabala

Gaztetxeen arazoa litzake gaia, baina batez ere gazteen arazoak.

Liburu garrantzitsua da, gaztediaz kezkatzen denarentzat behintzat.

Errealista, ez du arrazoikeriarik botatzen gaztetxea defendatzeko, istoriotik bertatik dator defentsa. Baina noizbehinka botatzen du bere iritzia, teorikoa da, artikuluetako ideiak ordenatu eta pertsonaiei esanarazia: hotzegia, bistakoegia, ia ofiziala geratzen da horrelakoetan. Horrek hotza bihurtzen du historia, urrundu egiten du,  mila aldiz aldizkari eta egunkarietan irakurritako ideiak direlako. Baina nobelak logika osoa du; ez da edonola lotutako istorioa.

Berehala gustatu zait pertsonaia eta interesatu egin zait Xepe.

Azaletik soilik ezagutzen dudan mundua sakonagotik aurkeztu dit: bada zerbait.

Ez dakit zenbateraino den objektiboa egilea, zenbateraino den osoa bere ikuspegi eta egia.

Ze falta zaio, zerbait faltako zaiolako, gazteei buruzko irudi eta argazki horri?.

Beldurra ematen dit, erradikala eta gogorra delako; askotan ulergaitza egiten zait.

Baina arrazoia dute gazteek, baztertzen baditugu ere.

Zaila behar du izan gazte erradikal horiekin erlazioa, baina beraiengana hurreratu nau liburuak.

Xeperen barne egoera horiek errealak dira, gogorrak, errespetatu egin behar dira.

Bada horrelako sentipenak, barne hustasunak bizi dituztenik, denok bizi izan ditugu  inoiz eta oso zailak dira  ulertzeko, baina onartu eta konprenitu egin behar dira, gogorra eta zaila den arren.

Pertsonaia borobila atera zaio Xepe, berezia, ulergaitza baina interesgarria.

Pertsonaiak biziak dira, borobilak ere bai, bakoitza bere rolera mugituzkoak.

Baina bere bizitasunean pertsonaiak estatikoak dira, nahiko kartoizkoak, nobela osoan berdinak, ez dago barne eboluziorik. Xeperen azkena berdin izan zitekeen lehen atalaren ondoren, gertaerak pilatu besterik ez du egiten, ez dira ezeren bilakaera, ez dago eboluziorik beraiengan.

Gauzak kontatzen ditu, istorio bateko gertaerak edo egoerak, baina ez du kontatzen eboluziorik, historia bera barrutik, kanpotiko ikusle baten kontaketa da.

Oso azalekoa da gauza sakonak kontatzen baditu ere.

Euskara erraza baina zuzena darabil, sinplea baina jatorra.

Hiztegi aldetik bakuna, konplikaziorik gabekoa ere.

Badu ekarpenik hiztegi aldetik zein esamolde aldetik

Ez zaizkit iritzi eta zeresan askorik bururatzen irakurketan, agian pertsonaia eta gazte horien problematikak, erreboltari eta marjinatuak izanez nahiko ezezagunak niretzat, biziki interesatzen nautelako.

 

Gaupasak. Juanjo Olasagarre. Poema-liburua.

Olerkiak beti du mezua, misterio kutsuan bildutakoa.

Badu baina joera polita eta gardena dena arraro eta ulergaitz bihurtzekoa.

Baita polita ederragoa egiteen ere badaki.

Zer da poesia?. Komunikazioa zailtzeko teknika ez du izan behar behintzat.

Poetak berea du komunikatzeko era hori, ulertzen ez badiot ere.

35: errealista adierazitakoan, baina giro poetikoz esanda; egoera latza harrotzen du irudi eta hitz politez.

Halako giro edo  halo edo kutsu harrapaezin, mugaezin, defini ezina sortzen du.

Ez dira lasai gozatuz irakurtzekoak, nia bortxatu behar duzu irakurtzeko.

Sen edo aura poetikoa du: parrandako barne giro berezi propioa.

Sarria du ukitu sexuala, lizun bustidura, bizitza ere hala da eta.

Bada ulertu ere egiten ez dudan esaldi eta poemarik, baina politak dira.

Batzuetan ulertzen dut zer dioen baina ez dakit zer esan nahi duen, bestetan ez dut dioena ulertzen, baina badakit zer esan nahi duen, beste batzuetan ez dakit ez zer dioen ez zer esan nahi duen, baina badira poemak non bai dioena bai esan nahi duena, biak jasotzen ditudanak.

Ia ezin ulertzeraino sintetizatzen du, hitzak edo aditzak janez edo bere mugatu gabeko soilean utziz.

Bukatu gabeko esaldiz intsinuatuta soilik daude ideia eta sentipen asko.

60, 83: ez diot ia piperrik ere ulertzen; erritmoa eta kitto.

Neuri falta zait imajinazioa eta argitasuna poemotan sartzeko eta ulertzeko.

Irakurzaila.

Gehiago ematen dute sarri igarkizun bat bukatu gabeko esaldiok, agian irakurleak esanahia bilatu eta hausnar dezan egina daude.

Zatiak falta zaizkion puzzlea dirudi.

Tarteka gauza, ideia eta irudi politak, ahaleginik gabe irakurtzekoak, eskertzen direnak.

Erritmoa du batez ere poema batzuetan.

Hitzez hotsen musika atsegina.

Batzuetan hitz jokoen helburua dotoretasun literarioa soilik dela dirudi.

Ariketa literario bezala irakurri dut.

Imajinazioa du hitzei adjektiboak jartzeko, ideiak edo sentipenak hitzez lotzeko.

Hitz soinuz antzerakoen jokoa, aho-korapiloak bailitz askotan: 23

Esaldi batzuk berriz hotz zamarrak dira, bortxatuak, ez dira barezko naturalak.

Zergatik ez idatzi poesia hitz lau ulergarriz, hitz arraroetan, esaldi korapilatsuetan kateatu eta ezkutatu gabe esan nahi duena?.

Asko landutako poesia, hotzegia, teknikoegia agian: ez naiz gai juzkatzeko.

Hiztegia arakatuz dabilela dirudi hitz-jokoak egiten.

Juanjo bera ere hain konplikatua eta iluna ote?.

Hitz arraroak: dakizki edo hiztegia erruz darabil.

Hiztegi osoa darabil

 

Gizona bere bakardadean. Bernardo Atxaga

Barne sentimenduen deskribapen sakona: Sabino - Arratoia

Espainiako demokraziari buruzko iritzi ezberdinak: Carlos eta besteak

Koprotki: gauza majoak esaten ditu baina pertsonaia anormaltxoa da edo arraro lez aurkeztuta dago. Zergatik hainbat aldiz tipo arraro edo txoroek esan behar dituzte gauza zentzudunenak?.

Mikel:  potoloa, antiojoduna, boluntarista, tontoa,... nik ezagutu nituen militante legalak eta laguntzaileak ez ziren horrelakoak. Zergatik horrela mozorrotzen du, errealitatez desitxuratuz, horrelakoak egon badaude ere?.

Danuta: Komunista eta idealista, salatzaile. Hori ote Bernardoren iritzia?. Badago zer esan esparru  guztietako salatzaileei buruz ere.

Carlos: herriko zati baten sentimendua, pentsaera, jokabidea.

Hitz-molde, idazkera modernoa.

Aberatsa esaldietan. Ohizko esaldiak beste era batera esaten ditu: kanpaiak hozka.

Esaldi ausartak ditu, belarrira euskal kutsua dakarrena, gehienek saihestu egiten dituztenak

Imajinen erabilpen abila: sugearena. Mandua - maindirea.

Okinaren irudiaz maisuki baliatzen da.

Suspensea oso ondo dosifikatzen du.

Sabino eta arratoia, aurkikuntza polita.

Deskribapenak: txakurren erreakzioak, pertsonak, egoerak, mugimenduak, natura ... detailez eta biziki.

 

Haltzak badu bihotzik. Iñaki Mendiguren

Ikaslea da pertsonaia, agian hobeto ezagutzen duelako mundu hori.

Irakasle irekia, giro baikorra sortzen zuena, deskribatzen duenaren antzerako zen bera ere irakasle bezala.

Nik ezagutu nuen bezain fina, leuna, zintzoa eta goxoa da esaten dituen guztietan.

Barne tolesdura, sentipen txiki ezkutu horiek azaleratzen ditu.

Existentzialista ere bada.

Maitasunaren anbiguotasuna ere badarabil, suspense jitea ere bai,  ze maitasun mota den argitzen den arte.

Maitasun zail mota bat hartu du maitasunaz hitz egiteko.

Maitasunaren gorabeherak, bihurguneak, bihurdurak eta tolesdurak.

Behar zen gizonezkoen arteko maitasunari buruz libreki idaztea, naturaltasunez, mitoak haustea: ekarpen positiboa da gure gizarte honetarako

Istorioa bera interesgarria da, baina azkenerako monotono xamarra bihurtzen da.

Bizitzako filosofia txikiak, esamolde motzetan trinkotuak tartekatuta daude liburuan zehar. Hainbat gairi buruzko iritzi interesgarriak.

Positiboa, baikorra izan nahi du, liburuaren izenburua lekuko, baina tristea, gogorra, ezkorra da sakonean istorioa, ez dago ia esperantzarako lekurik.

Haltzak ez du bihotzik, aldizka baduela badirudi ere: nobela hau bera lekuko.

Maisua da adjektibo zehatzak, egokiak eta ugariak jartzen.

Ez darabil hitz arraro, bitxi, bakan, guti erabilirik, dena da naturala, erraz itxurakoa, baina aberatsa da egoerak eta sentimenduak zehaztu eta sakondu egiten dituelako.

Aditz  forma berririk ez, baina guti erabilitako hainbat bai badarabil.

Usu darabil aditz sintetikoa, forma ez hain erabilitakoetan hain zuzen: eskertzekoa.

Sortzen du hitz berririk ere, betiko atzizkiak hitz ezagunei lotuz.

Gustura irakurtzen da, noizbehinka errepikagarria den arren.

Batzuetan hotzegia da bere idazkera, akademikoegia esamolde batzuetan.

Liburu xumea baina ederra.

 

Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandia

Bizitzaren zatitxo bat dago ipuin bakoitzean.

Ez dira kontakizun moralak, ezta erroilu politikoak ere, ez dute ageriko mezurik, baina bizitzako arazoekin lotura hertsia dute.

Bizitza puskak, egunerokoaren pintzelkadak, gizartearen puzzlea.

Gai politikoak ere baditu, ez dira panfletoak, bizitzaren xaflak soilik.

Gizartearekiko kritikoa.

Poesia ukitua dute ipuinok, agian poesia dira: zer da poesia?. Errealitatea ezberdinki ikustea edo deskribatzea.

Zer den ez dakidan hala zer bat du, ukitu berezia, lilura poetikoa agian.

Magia berezia dute bere idazki denek: sorgindutako ipuinak.

Sinpleak direlako atseginak.

Lau lerrotan infinitua, sakonerarik mugatzen ez duen mezua.

Lau lerroen indarra eta esanahia!.

Lilura, xarma, ukitu berezia dute.

Finezia.

Halako giro irreala dute ipuintxook.

Logika normaletik kanpokoak, beste kultura batekoak bailira.

Ipuin batzuk ez dakit irria ala ikara sortzen duten: biak.

Bukaerak beti edo gehienetan du ezustea.

Irudimen aberatsa du hainbeste egoera ezberdin asmatzeko (zebrabidearena).

Ausarta ere bada estilo eta hainbat esaldietan.

Hizkiak aldatuzkoa, literatur kritika, jolas orijinala.

Esaldi polit asko poesia ukituaz gain.

Ez du erakuskeriarik egiten euskararekin, estilo xalo idazten du, baina era berean modu zoragarrian, idazten dakiela dakienaren  eta demostratu behar ez duenaren patxada eta segurtasunarekin.

Poliziaren itomena bera, poliziaren presioa bera du idazkiak berak ere "Estatu poliziakoa"n.

Makabroa ere bada noizbehinka (tigrearena), hurrengo klasikoen demitifikazioa.

 

Hautsaren kronika. Inazio Mujika Iraola.

Pako Aristirenak bezala, Iraolarenak ere ez dira betiko ipuin arruntak.

59or.: Hil beila. Hunkigarria. Giro berezi bat sortzen du.

Idazkera itxuraz xumea, erraza eta atsegina, baina  zehatza da, estiloaren bidez  ideia agertzen du  esanahia konplikatu gabe.

Estilo modernoa du esaldiak taxutzerakoan, kontaeran, darabilen lexikoan.

Ezer berri azpimarragarririk ez du, idazkera osoa da azpimarratzekoa.

Askotan gaztelaniazko pentsaera edo esaldia da eta darabilen hitza ez da petoena dioena azaltzeko usadiozko erabileraz behintzat. "...mingaina makina bat bidean aterata..." esaldia oso arraroa egiten zait.

Esaldi arraroak ditu: 72or. "hautatu zitzaizkidan begiak liburu batengana ...", "hasi nintzen atzeraka aurreko orriak begiratzen"  eta antzerako esaldiak gogorra egiten zaizkit belarrietara.

"Keinu jakingarri", "Jendetza odolnahi", "aurkez aurke", "sakon sakoneko arkupeetan", "oihu laztasun gabeak", "sakon birrindu", "gero eta lotsagabetuago gero", ... Nire ohiturentzat esaldi oso berezi, arraro, ezohizkoak ditu.

Estilo, kontaketa oso berea.

Deskolokatuta uzten nau bai ipuinen sinpletasunagatik bai kontaragatik, .

Liluragarriak dira lehengo ipuin zaharrok hautsak kendu ondoren.

 

Hemen gauak lau ertz ditu. Mikel Ibarguren. Poema-liburua

Barnera murgila, barnera jauzia, muinetako hausnarketa irudiz azaldua.

Kartzelako errealitate latza islatzen du.

Kartzelaren izugarria eta errealitatea zeharkako kontakizunez argi deskribatuta gelditzen da.

Sentimendu errealak, ametsak, lilurak, ... giltzapeko egoerarekin txirikordatuta.

Maitasuna bera ere bakardadeak mugatu egiten du kartzelan.

Kartzelako bizitza bera bezain tristeak dira poemok, baita irudimenak,  maitasunak eta utopiak hegazkada jasotzen duenean ere. Irudimenez eta.

itxaropenez ormak gainditzen baditu ere kartzelako lau ertzen barruko errealitatera mugatzera behartuta dago azkenez..

Gustatu zait sentibera, argia kontzeptu eta azalpenetan,

irudiak darabiltza, errealista da, gezurrezko mezu megairaultzailerik gabe. Dagoenean iraun, eutsi eta esperoan jarrai,  bideak uzten dituen pausoak emanez.

Mila kartzelaren definizio aurki daiteke, ia poema guztietan, etenik gabe.

Irudi politak. Aberatsa irudi esanguratsuetan. Askotan irudiok bortxatuta badaude ere. Afsko eta politak latzak badira ere.

Ez darabil esaldiak,  hitzak zein ideiak banatzeko ikurrez, ez punturik ez komarik, irakurleak egin behar du hitzon eta esaldion antolaketa eta banaketa. Ikurrik gabeko buruhausgarri edo puzzlea norberak eratu eta osatu behar duena.

17. Tristea, itxaropenik gabekoa, herriminik gabeko arrotzarena.

18.  Kartzelako inpotentzia, ezina: gaua (gauaren bestaldean argia)

19. Oraina bakarrik existitzen den lekua da kartzela:  gauaren oroimenarena, ezkorregia, akituarena; gogorra egiten zait.

20. Kartzelaren deskribapen garratz bezain errealista: "gaur beti bezala", unibertsoa zapata kaxa batetan      kabitzen den lekua.

21. Izugarri polita, ideia, irudi, estrukturaz.

22. Tristea dira lerrok, kartzela ere iluna eta gogorra baita.

23. Esperantzaren isiltasuna da kartzela. Bada esperantza gabezia orotan ere.

24. hezea ...  bazena... hitzen soinua,  kadentzia eta erritmoa.

25. Kartzela barruko sentimenduak.

27. Irudimena da kartzelako ihesbidea.

28. Kaleko oroitzapenak, baina kartzelan dago. Kanpoko ametsak.

37. Bakardadea uxatu nahi eta ezin, azkenez kartzelako isolamendua da lagun bakarra.

38. Maitasunik gabeko gelako antzutasuna.

39. Kartzelako maitasunaren zaila, ezina.

46. Maitearen ausentzia: kartzelako gaua.

47. Izenik gabe gelditzen doaz gauzak kartzelan, oroitzapenak ere kamusten.

53. "poesiaren lurrotan erbesteratu", "zure oroitzapenak harilkatzen dihardut", ... poesiaren, poemon zergatia.

54. Latza, kontzesiorik gabekoa, " ez daukadana da daukadan guztia". "Lur zati bat daramat bihotzaren zuloan".

 

Hezurrezko xirulak. Joseba Sarrionandia. Poema-liburua

Liburua ez da betiko poesia eta poeta ospetsuen bilduma antologikoa.

Erakargarria eta plazera da hainbat herri eta poeten poesia ezberdina irakurri ahal izatea.

Interesgarria gainera.

Herri zaharren poesia xumea, benetan atsegina.

Herriaren poesia, xumea estrukturaz eta gaiez, ze liluragarriak diren bere itxurazko apaltasunean: sinpleak baina bizitzaren ardatz.

Poesia edonongoa edo edonorena, beti da bat bera.

Jatorrizkoak ezagutzen ez ditudanez, ez dakit itzulpena nolakoa den, jatortasunik gordetzen duen, giro berdina sortzen duen, erritmoa mantentzen duen, neurri antzerakoan dabilen, esanahi berdina adierazten duen, lexiko aberastasuna gordetzen duen, ... baina gustura irakurtzen da, ez zaio igartzen itzulpena denik.

Eskertzekoa Josebak poesia zaleei ematen dien aukera bilduma honekin.

 

Hnuy illa nyha majah yahoo. Joseba Sarrionandia

Bizitzaren ikuspegi erreala, jatorra eta zintzoa erakusten du, alferrikako hitz-jariorik gabe bakoitzean bere iritzia emanez.

Magia du.

Ideiak hitz gutxirekin sakon azaltzeko era da poesia, eleberriak kapitulu askotan dion hori diote poematxook.

Gustatzen zait baina ez dakit zer esan. Arraroak egiten zaizkit, ezohizkoak, ez dudan arren nire sentipen honen zergatiaren inolako iritzirik, baina gustura irakurtzen ditut. Ez dit aparteko komentariorik sortarazten, baina arretaz irakurtzera erakartzen nau. Patxada eta gustuko sentsazioz gelditzen naiz, zeresan berezirik gabe. gauza eder bat irakurtzen dudan sentsazioa du poema bakoitzean.

Poema askok ez dakit zer esan nahi duen, ze mezu duen, literalki ulertzen ditudan arren, baina bere erritmo eta kadentziak baretasuna drama batzuetan, ezpata goria bezala sartzen da bestetan.  Jarraitu nahia eta poemok irakurriz disfrutatzeko sentimenduak gailentzen dira, baina poemak bukatzean gozamena era bukatuko zaidan kezkaz.

Gaiak betikoak dira, baina gaiari buruzko iritzi ezberdinak, berriak, ezohizkoak, orijinalak esaten ditu, betiko gai horiek trataera ezberdinez ezberdin bihurtuz.

Izugarria, barne barnean heltzen du bere aingurak.

Sentikortasun itzela erakusten du esaten dituen gauzetan eta esateko eran.

Imajinazioa eta etorria behar du hainbeste gaiez hainbeste iritzi eta irudi asmatu eta eransteko,

indarra duten  mila irudi esanahia bera indartuz.

Poemagintza ezberdina da, ez dakit zertan edo zergatik, baina ezberdina da. Nortasuna eta indarra du.

Badirudi lerroak ezberdinki banatutako, sailkatutako, prosa dela, neurririk gabeko poesi kontakizuna, baina barne neurria du, barne erritmoa bai esaldi bakoitzak bai poema osoak eta horrek mamitzen du poema. Prosaz gain beste zerbait da, zer den ez dakidan arren. Esaten dituen iritziak ezartzen dio barne erritmoa poemari, baita mamiarekin lotuta bat datorren hitzez ezarritako azaleko erritmoak ere.

Gustatu egiten zait zergatik ez dakidan arren, barnera sartzen zait,berriz irakurtzeko irrikan uzten nau, liburua berriz noiz hartuko ametz.

Sinbologia aparta. aitatu gabe dena esaten du, iradoki egiten du: gereziena.

Bizkaiera hizkeran idatziek ahoskatuak idazteko planteatzen dituen arazoak azaltzen ditu.

Hitz berri ugari, hitz gutitan zentzu osoa darraien esaldi politak.

Hitz-joko apartak eta politak.

Imajina oso politak ditu, edozein momentutan irudiekin jolasten duelarik: irudimena, irudi aberastasuna: zenbat esanahi euriari buruz!.

Bi poema paralelo poema berdinean, bisiguen elkarrizketa bailitz, edo izan da izan.

Bernard Goihenetxeri poema: udazkeneko giroa poetikoki eta biziki hiru bertsotan deskribatua, kaleetako giro bortitza, Bernarden historia tragikoa errepikatuz indartua eta bukatzeko irakurlearen erantzukizuna zartada batez bukatuz poema.

Oso bakuna dirudi denak, baina dohain izugarria behar du eduki poemak horrela lantzeko, giro hori sortzeko, erritmo hori lortzeko.

 

Ilargia lagun beti hegoalderantz. Fernando Presa

Estilo nahasia, kontaketa iluna, ideiak azaltzeko era zaila, ez bakarrik idazkera literarioagatik soilik.  Ideiak, burua bera, nahasia duela dirudit.

Badira zer esan nahi duen ez dakidan esaldiak. Edo, nahiz hitz ezaguna, esaldiko hitz batek zer esan nahi duen  galdezka utzi nauena: "Jende aldaketa", eta horrelakoak.

Hizkuntzarekin ditu zailtasunak segur aski.

Ez du euskaraz pentsatzen edo izugarrizko interferentziak ditu gaztelaniarekin.

Hiztegi nahiko elementala darabil, ez da batere ugari aberatsa berea.

Esaldi bakoitzak ez du bere baitan  erritmo, estilo, taxu, bera gordetzen  askotan; idazkera aldatu egiten du, esaldi barruan ere bai inoiz.

Denbora iraupenaren, sailkapen neurririk ez dago kontaketan.

Luze, bizi eta maitekiro deskribatzen du Quito, baina gelditzen naiz hilabete eta erdian zer egin zuen bertan, nola bete zuen hilabete hori galdetuz.

Huascaran... deskribapen politak. Idazkera borobildu, landu egin du pasarte horietan. Esanahia ere argia da. Estiloa bat dator ideiekin, mamiarekin. Ecuador-Peruko pasarteak euskara landua dute, gaiz ere borobilagoak, ez foileto batetik hartuak,  bizi izanak baizik.

Badirudi patxada hobean, orekatuagoan, idatzi dituela: lagun berriak ditu garai horretan, agian horregatik barne orekatuagoan  bizi du bere aro hori eta/edo lagun berriekin aztertu komentatu aberastu egin ditu bere barne esperientziak,  lagunartean bareago eho ditu ideiak.

Bolibiatik aurrera berriz ere behera egiten du bai kontaeran, bai gaietan bai euskaran, Paraguayko aldian euskara landuagoa eta kontaera bizia berreskuratzeko.

Inpresio-kezka-ideia-burutazio errepikatu asko dago, ezer berririk iradoki gabe irakurketa astundu edo aspergarri egiten dutelarik: mugetako arazoak, etorkizunak zer?, ...

Gauza asko intsinuatu, aitatu bai baina ez ditu kontatzen, lehen bezala utziz, jakin-minez; nire gogorako gehiago lantzekoak ziren gaiak, gai errepikatuen ordez.

Pasa den leku askotako ezer berri guti ikasi dut, jakin-min nintzen arren.

Intendentziako arazoak, teknikoak ere, leku asko hartzen dio, gehiegi nire gusturako.

Ilargiari buruzko aipamenak, atzera begiratzearenak, herrialde-hirietako agurrak eta beste ia berdinak izanez, errepikatuegiak daude.

Lagunekiko harreman eta giroan ez du sakontzen,  horrelako bidaia batetan gai eta esperientzia bakan, interesgarri eta garrantzitsua den arren. Ez morboz zer gertatu zitzaien jakiteagatik. Elkarbizitzak nola funtzionatzen  duen ni behintzat biziki irrikitzen nau. Gai nagusia litzake niretzat. Ez du ezer txarrik inorengatik esan behar. Ikusi ikusten da arazoak izan zirela, baina lagun bukatu zuten. Super!.

Jendearekiko harremanak asko eta ugariak izan zituen,baina tamalez ez du gaia landu, sakondu eta luzatzen.

Bidaiak bere bizitzari buruz suposatzen diona, barne eragina, ... burutazio interesgarriak dira, baleko ekarpena.

Urtebeteko esperientzia laburtzea zaila izan behar du benetan. Badu meritua tipoak. Horrelako liburu eta idazle asko behar ditu euskal literaturak aurrera egin eta mardultzeko.

Adar-oker nintzen lehen erdian liburuari buruz, baina tipoaren lagun bukatu dut liburua.

 

Intxixuen artxibotik. Rafael Dieste. (Koldo Izagirre). Ipuin-liburua.

Itsas herrien deskribapena, ipuin bakoitzean puzzlearen zati bat azalduz.

Ipuin finak dira, kontaera bizia, bukaera harridurazkoa.

Ipuin motzak, laburrak, bakunak, ia ez dira ipuinak ere.

Istorioak hutsalak dira itxura batetan, sinpleak, baina esanahi, mezu, sakona dukete sakonago begiratuz.

Ipuinen ingurua aberatsa da, taxuz borobildua, eta hainbat ideia, bizipen eta gogoeta azaltzen dituztenak.

Argazki ezohizko edo bitxi horien bezalakoak dira ipuinok.

Irri ukitua dute denak.

Bihozbera, biguna, eztia da zenbait pertsonaia tratatzean.

Toki eta pertsonaien deskribapenak: zehatzak, adjetiboak erabilizko aberastasunez.

Ez dakit itzulpenak egilea eta jatorrizkoa ordezkatu eta/edo parekatzen duen, baina ez zaio itzulpena denik igartzen.

Gustura irakurtzen da itzulpena izanda ere.

Euskara aldetik, hiztegiari dagokionez aberatsa eta zehatza da.

Imajinazioa du. (xakearena)

Esaera eta forma bereziak darabiltza, itzulpenak behartuta, agian itzultzaileak gustokiak dituelako.

Bada esaldi zailik ere.

 

Ipuin antzeko.   Mikel Zarate. Alegi antzeko ipuinak.

Bitxiak dira alegiok.

Irudimena eta asmamena behintzat badu Zaratek.

Ausart zamarra ere bada.

Imajinazio handikoa, baina lañoegia iruditzen zait hitzen eta izen asmaketan.

Mezu zuzen eta argiegiak ditu, gatza eta piperra kentzen die ipuinei, panfleto edo sermoi bihurtuz.

Zurrunegia, markatuegia, zuriak edo beltzak dira bere iritziak, sinpleegiak, linealegiak. Bizitza ez da horrelakoa.

Ezkerra, odoltsua: Tira, nolako preeritziak  dituen morroskoak!. Odolzale inor izan bada eskuina izan da gizartearen historia osoan.

“Pailasotuak" omen gaurko neskak : denok ere nahiko pailazo gara.

Esaldi politak egiten ditu: "neu nagusi edo musturrak ausi".

Poema edo bertso politak egiten ditu, kadentzia, hitz jolasak, ...

"Biderdi - erdibide": hitz-joko politak, esaldi bitxiak sortzen ditu.

"Ahuntzaren gauerdiko eztula": Aspaldikoa da gero hain modan jarri den esaldia.

"Barautsa":guretzat broka da.

 

Ipuin berdeak.  Autore ezberdinak, asko.

Harkaitz Cano. Barroko s,amarra du bere idazkera.

Koldo Amestoy. Borobildu gabeko ipuina. Zuzenegia.

Juan Luis Zabala. Irakurlearen arreta harrotzen du, ganorazkoa da diona, ganoraz idatzitakoa gainera.

Itxaro Borda. Dotorezia ukitua, poeta puntua, esan egiten ditu gauzak, irudimenari lekua eman ordez, kontakizunaren bidez  zeharka ordez.. Zorrotza ere bada, zuzenegiak dira bere kritikak, panfletoegia ipuin baterako.

Pako Aristi. Dotore idazten du, imajinazioa du, zer interesgarriak esaten ditu, umore puntua du gainera.

Amaia Lasa. Egituraz, kontaeraz eta idazkeraz sinplea dirudi ipuinak, baina polita da.  Umeentzako ipuina da. gauza batzuk arraroak egiten zaizkit. Badirudi ez duela burua gehiegi berotu gauzak nola esan asmatzerakoan. Biribildu gabeko lantxoa dirudi.

Joxean Agirre. Gizakiaren ikuspegi beltza, idazkera garbia.

Patxi Ezkiaga. Konplikatua, barrokoa, irakurzaila. Poeta ukitua du. Asko lantzen ditu esaldiak, ia zizelatu, baina bere borobildu nahian edo esanahian ilundu egiten zaio askotan mezua.

Juan Martin Elexpuru. Ez da originala, ezohizkoa bada ere. Taxuz idatzia.

Maite Lazkano. Panfleto nabarmenegia.

Patxi Zabaleta. Orijinala, ezohizkoa, ezberdina eta ohi duenez fin idatzia.

Ipuin gehienek gizatiartu egiten dituzte natura eta naturako izakiak, izaki zatia diren pertsonaia oro, giza sentimenduak eta portaera ezartzen diete.

 

Ipuin lizunak. Aitor Arana

"Sendi maitagarria" ipuina: Bakarkako sexu jolasa ironiaz hartzen du, baina nire ustez edozein binakako sexu jolasa bezain serioa da bakarkakoa.

"Bi neska": umore fina bukaeran.

"Iragarkiko laguna": zergatik sartzen du bortxaketa bukaeran?. Zergatik satanizatu gizonezkoen sexu harremanak horrelako bukaera batez?. Ipuin osoak du arren arteko sexu harremanak gutxiesteko giroa.

"Atharratzeko erregina":  Zergatik bukatu behar du hain anker emakumeen arteko sexu jolasa?.

"Frankestein berria": Homosexualen harremanez ironizatzen du hemen ere. Zergatik ez ditu bikote heterosexualen erlazioak hori bera kontatzeko?.

Azken ipuinak orijinalak dira, goxoagoak, ez hain takarrak, gordinak badira ere. Errealak dira, zurikeriarik gabekoak.

Kondoiaren erabilpena ez du ipuin baten bertan ere aipatzen. Arraroa da gaurko HIESaren arazoa ikusiz. Sarreran aitatzen du zerbait, neurriak hartzeko eta abar, baina ez da nahiko. Are gehiago, emakumeak alu barruan hasia botatzen diote

la sentitzea edo bustidura horrek ematen duena izugarrizko plazera dela dirudi ipui batzuetan. Hain garbi ez dagoen eta hain orokorra behintzat ez den plazer kontaketa horrek kondoia ez erabiltzera bultzatzen du. Plazer hori hala bada hala da eta kitto, ba

ina ez bada eta askotan edo gehienetan ez da, grabea kontaketa aitatutako ondorenagatik.

Lexiko aldetik, kontakizun aldetik, gaia osatu eta edertu beharra dago, basto xamarra baita orokorrean.

Patxi Zabaletak eta Gorrindok behintzat gai gordinak gordinki nahiko badarabiltzate bere nobeletan ere, Aranak eman duen pausoa eman beharra zegoen eta ongi emanda dago. Meritu handia du egileak, aitzindari bihurtuz.

Liburu osoa agian ez baina bere liburuetan sexu hesparruko gai tabuak sartzen hasi beharko lirateke gure idazleek berdekeria eta lizunkeriatxoetako mugetan gelditu gabe.

Bizarkina" = errebarbia

 

Isladak. Unai Iturriaga. Poema liburua.

Poeta ezberdinei begirada bat emateko aukera.

Unai dotore eta sentibera agertzen da, irudimen handiko eta ezustez betea.

Ez du Unaik zeresan handirik eragiten, ez du aurkikuntza literariorik, baina azalpen bakoitzean dio zerbait bitxi interesgarri edo ezustekoa, bakoitzean sortzen du nondik joko duen  jakinmina, bertsolariaren azken ziriaren zain jartzen  du irakurlea.

Ez du aspertzen, gustura hartzen da liburuxka aldika, ia ze poeta eta ze erregali ekarriko.

Itxaro ez dut gustukoa: ez naute ukitzen ez erritmoak ez hitzek.

Mirandek nortasuna, sendotasuna du bai idazkeran bai barne ukituan.

Joserra dotorea eta fina.

Atxagaren imajinazio joria, aberastasuna, hitzak taxutzeko gaitasuna.

Pako Aristi ere bereizten da bai imajinazioz bai idazkeraz.

Banan banan bakoitzari buruz zerbait esateko alferkeriak jo ninduen, baina poema, poeta eta iruzkin bakoitza da interesgarria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.