Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Midas erregea

Midas erregea

Markos Zapiain 2015/10/04 17:30

Midas erregearen kasuak, Asklepiorenak edo Sisiforenak bezala, ederki dazal giza harrokeriaren arrisku kaotikoa. Herakles/Herkulesek ere, Zeusen liutenant, esparru-eusle edo tenienteorde, giza hybrisak deseginikoa konponduko du bere hamabi lan ospetsuen bidez. Hainbat eta hainbat mitok dute kontagai hybrisak hautsitakoa berregiteko lana.

Midas erregeak Dionisoren lagun birekin zituen harremanak, Dionisoren jarraitzaile garrantzitsu birekin. Batetik Pan, gizon itsusia, ume eta gazteei beldur eragiten ziena. Ez soilik bere itxuragatik, adardun, bizardun eta arras iletsu eta ahuntz hankekin jaio baitzen, baizik eta umeak eta gazteak jazarri eta biolatzeko grina zuelako, eta hortik dator paniko hitza, izu panikoa; eta bestetik Sileno.

Behin batean, Dionisoren ohorezko jaietan, Midas erregeak sekulako melokotoiarekin aurkitu zuen Sileno, konortea galduta, eta aste betez zaindu zuen. Dionisok, esker onez, Midas erregeari ea zer nahi zuen sari gisa galdetu eta erregek ukitu urregilea nahi zuela, ukitu bezain laster edozer urre bihurtzen duen gaitasuna. Eta Dionisok urre-ukitu hori eman zion.

Midas poz-pozik, jauregira bidean xoriño bat ukitu eta urrezko bilakatzen zela ikusirik, eta ondoren olibondo bat berdin. Behin jauregian, hainbeste parranda eta zirrararen ostean, bazkaria eskatu zuen eta ur ugari, gose bezain egarri baitzen. Ordea, oilaskoa Midasek ezpainekin ukitu bezain laster urrezko bilakatu eta Midasek ezin jan. Eta ura berdin, Midasen eztarrian sartzeaz batera urrezko hauts bilakatzen baitzen. Orduan ohartu zen Midas bere tentelkeriaz. Gosez eta egarriz hilko zen.

Jauregitik irten eta asko kostata Dioniso aurkitu eta errukitzeko erregutu zion, kentzeko ukitu urregilea. Eta Dionisok agindu zion erreka batean sartu eta iturbururaino igeri egin zezala, eta horrela garbituko zituela gorputza eta errua.

Midasena ez da bakarrik ohiko alegia morala, zein txarra den diruzalekeria. Zeusek ezarritako orden kosmikoa kordokatu du, biziduna bizigabe bihurtuta, organikoa inorganiko, txoriak eta olibak urre. Jarduera horri eutsiz gero mundu bizidun osoak amaituko luke urrezko bola izaten, inondik inora ez aproposa bizitzeko. Naturako erresumak nahasi ditu Midasek. Kaosa dakar hybris horrek eta zigorra merezi du. Hemen ere ikusten da justiziaren zentzua Grezian berez dagokion eremutik ateratakoa bere onera itzularaztea dela batez ere, eta erromatarrek hori heredatuko dute, eta ondoren guk ere bai: nori berea da zuzenbidea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.