Bergarako Udalak herriko ondare den Zubietako zubia birgaitu eta balioan jarriko du laster; eta hori oso albiste ona da bergararrontzat.

Zubi honek ondare izendapena dauka, eta alboan dituen Usondo eta Laureaga etxeak baino aitzinagoa da. Jasota dagoen zubi honi buruzko lehen aipamena 1596ko apirilaren 21eko udal akta batean azaltzen da. Hortaz, gure historiako atal oso garrantzitsua osatzen du.

Auzo honetako premia behin eta berriro azaleratu izan da; izan ere, zubi honek lotzen du Zubieta auzoa eta herria. Hala, Udalaren asmoa zen zubia bere onenean jartzeko ekintzak abiaraztea, eta proiektua idaztea eskatu zion Beb arkitektura enpresari. Udalak lortu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailetik ‘Birgaitze integratutako areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta ondare eraikia birgaitzeko diru-laguntzetatik’ laguntza garrantzitsua jasotzea. Are gehiago, Udalak kupoari erantzuteko erreserba jakin batzuk zituen gordeta; eta azkenean goi mailan izandako negoziazioen ondorioz Udal bakoitzak erreserba horiek proiektuetarako erabili ahal izango dituenez, Udalak erreserba horietako zati batekin Zubietako zubia birgaituko du.

Hala, Zubietako zubiaren birgaitzeak 314.251,79 euroko (BEZ barne) kostua izango du; eta horretarako Eusko Jaurlaritzatik 194.784,17 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak. Asmoa da udaberrian lanekin hastea. Lanek lau hilabeteko iraupena izango dute.

Birgaitze honekin bi helburu nagusi lortuko dira: batetik, zubia bera birgaitu eta balioan jartzea; eta, bestetik, Zubieta kaletik irisgarritasuna bermatzea. Irisgarritasuna bermatuko da, Zubieta kalean espaloia bi aldetan jarriko dutelako; zubira joateko ranpa arinduko dugulako; zubiaren bi aldeetan barandillak jarriko direlako; eta gaur egun zubi erdian dagoen farola kendu eta barandillan led argiak jarriko direlako, besteak beste. Horrez gain, argindar, telefonia eta bestelako sarea, gaur egun bistan dagoena lur azpitik bideratuko da. Birgaitze lan honi esker Bergarako ondarea den zubiari balioa eman, eta zonalde hori hobetuko da.