Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Bergarako Udalak eta Bergarako Harrotasuna taldeak LGTBI+ kolektiboa bistarazi eta eskubideak aldarrikatzeko antolatutako programazio zabalaren barnean, Gune Anitza zigiluarekin bat egiteko aukera eman zaie herriko espazio, saltoki, elkarte edo guneei.

Ikusgarritasun horri indarra emateko “Udaleko balkoian ortzadarraren bandera eta hiruki arrosa astelehenetik” egon direla azpimarratu du Udalak. 

Espazio fisiko zein birtualentzat

Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, azaldu du Gune Anitza zigilua berdintasun lan-arlotik jorratutako egitasmoa dela, “aniztasunarekiko aldekotasuna era positiboan adierazteko eta erakusteko” modu bezala. “Espazio fisiko zein birtualentzat dago pentsatua” gazteek bizitzako esparru orotan “gorputz, identitate eta izaera anitzak” nahi dituztelako. Ildo horretatik, EGK-ko presidenteak nabarmendu du Gune Anitza izateak “konpromezu bat hartzea” suposatzen duela, hau da, “espazio horretan aniztasuna bermatuko dela” adierazi nahi duela zigiluak. 

Era berean Olabek adierazi du ekimenaren helburua “norberak bere identitatea modu askean eta inposiziorik gabe garatzea” dela, pertsona bakoitza “emakume, gizon, intersexual edo pertsona ez bitar gisa garatu eta adieraz dadin”.  

Azkenik, Munibe Plazan egindako ekitaldian interesa erakutsi duten espazioei zigilua eman zaie eta, amaiera emateko, talde argazkia atera da. Olabek aukera baliatu du atxiki diren 33 espazioei eskerrak emateko. 

Egitarau zabala hurrengo egunetarako Horretaz gain, Bergarako Udalak “hurrengo egunetarako egitarau zabala antolatu dela” oroitu du, besteak beste:

-Ekainak 27. Performancea. Irala kalean, 19:00etan.

-Ekainak 28. Bailarako mani-festa-akzioa Oñatiko herriko plazatik, 20:00etan.

-Ekainak 28. Pintxada ska-reggae-rocksteady, 22:30ean. Koordinadora TransMarikaBollo Feministak antolatuta. Oñatin.

Bergarako Udalak konpromiso irmoa dauka LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasuna eta eskubideen defentsa bultzatzeko. Horregatik, hainbat eragilerekin batera, aste osoan zehar ekintzak egon dira herrian. Gaurkoan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera antolatutako ekimen hau. Udalak eskerrak eman nahi dizkie, alde batetik, Bedelkarreko kideei emandako laguntzagatik, eta bestalde, parte hartzera animatu diren espazio eta gune guztiei. Bide batez, gogorarazi nahiz eta ekainak 28 izan harrotasunaren eguna, urtean zehar ere erakutsi behar dela jarrera hori. Eta beraz, beste espazio edo guneren batek zigilua eskuratu nahiko balu, edozein momentutan izango duela aukera.   Pozik gaude antolatzaileak deialdiak izan duen erantzunarekin, eta espero dugu aurrerantzean ere gero eta Gune Anitz gehiago egotea Bergaran. Azpimarratu nahi dugu Udal eraikin guztiak ere Gune Anitzak izango direla, eta LGTBI+ kolektiboaren aldeko jarrera positiboak eta integratzaileak BAKARRIK onartuko direla bertan.