San Martin jaiak ate joka ditugu eta Udalak, herriko hainbat eragilerekin batera, antolatu du egitarau zabala.

San Martinak badira gure ohiturak berreskuratu eta belaunaldi gazteagoei transmititzeko jaiak. Hala, larunbateko azoka egunak garrantzia izango du aurten ere, baina horrez gain izango da zer ikusi, entzun eta zertaz gozatu.

Jai hauetako beste esparru garrantzitsu bat Danborrada da, azken urteotan herrian atxikipen handia lortu duena. Aurten ere parte-hartzea oso handia da; 21 talde daude guztira, horietatik hiru berriak: Mariaren Lagundia, Candem Town eta Iparra galtzen. Danborra jotzen 453 pertsona arituko dira, eta barrikekin 105. Udaletik apustua egin da barrika kopurua handitzeko.

Eta aurten berrikuntza txiki bat gehitu da: Danborrada plazara heltzean bi zuzendari arituko dira: bata barrikekin eta bestea danborrekin.

Bestalde, Udalak nabarmendu nahi du Bergara Hiria izenpean emakumezkoen kirol txapelketak izango direla egunotan; eta guztiok horien aldeko pausoak ematen jarraitu behar dugula. Bestalde, Udaletik azpimarratzea jai hauek ere berdintasunean eta errespetuan oinarritzeko, eta edozein erasoren aurrean erantzuteko edo aditzera emateko.

Eta aurten ere Udalak gaueko autobusak jarriko ditu autorik hartu gabe jaiez gozatu ahal izateko.

Herritarrok ezagutzen dituzue San Martin jaiak, gure tradizioetatik edan eta elikatzen direnak. Danborrada eta Azoka izango dira aurten ere jaiaren muin garrantzitsuenak, baina izango dira bestelako ekintza asko ere.

Berrikuntzen artean, Aukeran dantza taldea izango da 'Bizhitza' izeneko azken ikuskizuna aurkezten; Bergaran sortutako 'Ertzak bidean' ikuskizun ederraz ere gozatu ahal izango da; jada Bergaran klasikoak diren Joselu Anaiak-ek giro ederra jarriko dute.

Eta, horrez guztiaz gain, Udalarekin elkarlanean ekintza ugari antolatu dituzte Xaxau, Musika Eskola, Zezenzaleen elkartea, Beart, Erraldoi konpartsa, Musika Banda, Pilota elkartea, Saskibaloi eta Eskubaloi taldeak zein herritar askok; Udalak eskerrak eman nahi dizkie horiei guztiei.

San Martin azoka

Eta ezin ahaztu San Martin Azoka. Irailaren 14an, larunbatez, egingo da Oxirondon. Barazki eta fruta postuez gain, kontserbak, ogia, gozogintza, gazta… postuak izango dira. Denetara 42 postu.

Gazta lehiaketa 10:30ean hasiko da. Oraindik izena ematea ez da bukatu, baina 20 bat gaztagile izatea espero dugu.

Tailerrak ere izango dira: Katabixan lore sikuen erramuak eta azoka barruan, berriz, fruta brotxetak eta talo tailerra izango dira.

Horrez gain, azoka barruan baita ere, erle eta ezti erakusketa eta kandelen tailerra izango dira. Eta Bergarako harakinek eskainitako odolosteak ere dastatu ahal izango dira Katabixan.

Barazki, fruta eta gazta lehiaketaren ondoren, iaz arrakasta handia izan zuen eta aurten ere errepikatuko dugun gazta dastatze komentatua izango da Bittor Rodriguez EHUko irakasle eta ikerlariaren eskutik.

Eta, jakina, feria egun osoan zehar goizez trikitilariak kaletik arituko dira; eta 22:00etan lehen esan bezala Aukeran dantza taldearen eskutik 'Bizhitza' ikuskizuna zuzeneko musikarekin udal pilotalekuan.

Ondo pasau San Martinak!

Programa: san_martinak19_3.pdf

Gaueko autobusak: gaueko_autobusak.pdf