Bergarako merkatariak eta Udala biltzen dituen Bergara Bizi lan-taldeak urtarrilaren 14an egindako bileran Gabon sasoian egindako ekimenen balorazio positiboa egin du. 2021erako hainbat lan-ildo ere zehaztu ditu.

Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorean kontsumoa sustatzeko erosketa-bonuen kanpaina egin da azaroaren 18tik abenduaren 31ra bitarte. Guztira 600.000 euro baino gehiago bideratu zaie aipatutako sektoreei 6.924 bonuen bitartez.

Sektoreak ondo baloratu du oraingoan bonuak offline, establezimenduetan bertan eskuratzeko aukera eman izana, salmenta erraztu baitu. Modu horretan, gainera, edozein perfileko herritarrak izan du hauek erosteko aukera. 5.384 bonu saldu dituzte establezimenduetan bertan eta 1.540 online.

Sektoreko profesionalei hasieran nola kudeatu ikasteak ahalegina eskatu badie ere, baloratu dute gerora merezi izan duela.

Halaber, ikusi dute garai honetan batu diren hainbat gertaerek salmentetan positiboki eragin dutela: Eusko Jaurlaritzaren bonoak eragina, itxiera perimetrala, Udal bonoak… Herritarren aldetik jaso duten inpresioa ere ona izan da.

Bestetik, urtero egiten den erakusleiho lehiaketa egoki baloratu dute, baita aurten herritarren zozketa web bidez egin izana ere. Gabon garaian herrigunean jarritako megafoniaren inguruan hainbat kexa jaso da aurten eta ondorioz, datorren urteari begira aztertu egingo da gaia.

2021eko lan ildoak ere izan dituzte aztergai bileran. Erakusleihoen apainketa bereziak egingo dira: inauterietan, martxoaren 8an, Erramu Zapatuan, San Martinetan. Bestetik, formazioarekin ere jarraituko dute, bereziki digitalizazioaren bidean. Erosketa-salmentaren plataformaren lanketarekin ere jarraituko dute. Gabon garaiko kanpaina ere egitea aurreikusi dute. Bestetik, barrura begira ere bazkidetzak lantzen jarraituko dute.