San Martin egunaren testuinguruan ohiko jaiak egiteko baldintza egokirik ez du ikusi Bergarako Udalak, joan den astean danborrada ez dela egingo jakinarazteko egindako komunikazioan aurreratu zuen moduan.

Orduan esandakoa berresten du Udalak: arduraz jokatzeko unea da. Aitzitik, azken hilabeteotan ikusi ahal izan denez, osasunerako prebentzio neurriak hartuta kultura ekimenak seguruak dira. Ez hori bakarrik, herritarren, eta hortaz, herriaren gogo-osasuna eta bizipoza indartzeko bitarteko egokiak dira. Pixkanaka ohiko jarduerak berreskuratzeko urratsak emango ditu Udalak, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian, eta osasungintzan adituek ematen dituzten gomendioei jarraituz.

Horregatik, Xaxau konpartsak irailaren 15etik 18rako egindako kultura eskaintzaren proposamena egoki ikusi du Udalak, eta ekimena gauzatu dadin hitzarmena sinatu dute bi aldeek.

Irailaren 15etik 18ra San Martin plazan txosna eta terrazak jarriko ditu Xaxauk eta hainbat kultura ekitaldi egingo dira. 18.505,5€-ko diru-laguntza emango dio Udalak konpartsari horiek antola ditzan. Egitaraua Xaxauk aurkeztuko du.

Bergarako Udalak ekimenak gauza daitezen bitartekoak jarriko ditu. Plaza hesitu egingo da eta terrazarako eremua markatuta egongo da. Halaber, edukiera mugatuta egongo da. COVID-19aren hedapena saihesteko kontingentzia planean jasotako neurriak ezarriko dira, esaterako: gel hidroalkoholikoa egongo da sarreran, jendearen arteko distantzia zainduko da, maskara erabili beharko da, erabilera bakoitzaren ondoren mahaiak desinfektatuko dira… Horiek beteko direla bermatuko du Xaxauk.

Udalak herritarrak aisialdia eta kultura gozatzera gonbidatu nahi ditu. Aldi berean, elkarbizitza sustatzeko, elkar zaintzeko eta ingurunea errespetatzeko (zaborrak... jasoz, adibidez) eskatu nahi die.