San Martin Agirre Agirre eskolako Lehen Hezkuntzako patioa berritu da. Elkarlanaren emaitza da jolas librea oinarri duen parke berria. Ekaitz Aranberri zinegotziak, Joserra Lasa eskolako zuzendariak, Guraso elkarteko Amaia Velezek, Itziar Urizarbarrenak eta Lide Sebalek azaldu dute ekimena.

“Haur eta Lehen Hezkuntzako patioetan zegoen hutsunea aspaldi identifikatuta genuen”, azaldu dute eskolako ordezkariek. “Kirola zen eskaintza nagusia bietan eta ikasle asko geratzen ziren dinamika horretatik kanpo. Argi genuen ikasle guzti-guztiei jolaserako askotariko aukerak eskaintzen zizkien kanpo espazio inklusibo bat behar genuela. Horrela abiarazi genuen patioak eraldatzeko prozesua”.

Eskolako zuzendaritza eta guraso elkartea udalarekin harremanetan jarri ziren ikastetxeak bertako patioaren inguruan egin zuen partaidetza prozesuaren berri emateko. Prozesua ikasturte osoan landu, eta eskolako komunitate osoarekin gauzatu zen: irakasleak, ikasleak eta gurasoak.

Hainbat mugarri izan ditu proiektuak: guraso eta irakasleek osatutako talde baten eraketa, eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek garatutako proiektua eta bertatik amestutako patioen marrazkiak, maketak eta planoak, eskolako komunitateak auzolanean Haur eta Lehen Hezkuntzako patioan egindako moldaketak inguruko zenbait enpresen laguntzarekin.

“Prozesua benetan aberasgarria izan da, ikasleen ikaskuntzarako, euren iritzia kontuan hartzen dela ikusteko eta eskolako komunitatea indartzeko esate baterako. Eta Bergarako Udalari esker, emaitza, LHko patioari dagokionez, pozik egoteko modukoa da, hemendik aurrera Lehen Hezkuntzako ikasle guzti-guztiek izango dituztelako aukerak gustuko jolaserako”, ikastetxeko ordezkarien ustez.

Prozesuan argi gelditu zen patioen birformulazio bat eman behar zela. San Martin Agirre eskolako patioek orain arteko patio tradizionalen antolaketa daukate, esparru nagusia futbolak eta saskibaloiak hartzen du. Presentzia nagusia dauka, eta jolaslekuaren azalerarik handiena berak hartzen du. “Jolas librea, orain arteko patioen diseinu eta antolaketan bigarren maila batean gelditzen da, eta jolas libre hori da eskola komunitatetik eta udaletik sustatu eta indartu nahi dena. Umeen sormen eta garapen prozesurako ezinbestekoa baita jolas librea”, Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan.

“Haurrek, irakasleek eta gurasoek beste modu bateko patio bat nahi dutela argi geratu zen egindako prozesuan: jolas librerako sortutakoa, naturarekin harremana bermatzen duena, esperientzian oinarritutakoa”, gehitu du Aranberrik.

San Martin Agirre eskolak bi eraikin eta bi patio ditu, eta biak moldatzea da helburua. Aitzitik, patio bien eraldaketa momentu berdinean egitea ez zen bideragarria ikusi eta Lehen Hezkuntzako patioaren berdegunearekin hastea erabaki zen. Jolasgunea egiteko 48.230,79€, (BEZ barne) ordaindu dio Lurkoi enpresari.

Gurasoak, haurrak, zuzendaritza taldeak eta udalak elkarlanean diseinatutako eta gauzatutako parkea da, eskolako ikasle eta herri osoko haurrentzako gozamenerako sortua.