Murtzian (Espainia) sortu zen Ana Morales Barrancos, atzo 100 urte, nahiz eta 17an ospatzeko ohitura duten. Urtebetetze borobila izanagatik ere ez du ospakizun handirik egin nahi izan. Familiak hala eskatuta udal ordezkariak ez zaizkio etxera bisitan joan, urduritasunik ez sortzearren, baina gustura jaso ditu Udalak herritarren izenean bidalitako oroigarria eta lore sorta.

17-18 urte zituela Nafarroara joan zen familiarekin, eta ondoren han ezkondu zen. Orain dela 65 urte etorri ziren Bergarara, Basozabal baserrira. Ondoren Matxiategira joan ziren bizitzera, gaur egun bizi den etxera.

Familiaren zaintzari eskaini dio bizitza Anak, eta urtetan asko gozatu izan du familiartekoak inguruan izanda. Orain dela urte batzuk arte, senarrarekin frontoira joan ohi zen. Gaur egun telebistan jarraitzen du pilota. Nola ez, adi jarraitzen du Beñat Rezusta bergararraren ibilbidea, haren jarraitzaile baita.

Datozen urteei, gutxienez ehungarrenari heldu dion kemenarekin heltzea opa diogu Ana Morales Barrancosi, izan dezan horrelako egun gehiago ospatzeko aukera.