Bergarako Alkate Gorka Artola Alberdik, Olatukoop Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko Sarea elkarteko lehendakari Irune Cano Ormazabalek, Mondragon MU-HUHEZIko dekano Nagore Ipiña Larrañagak eta D2030eko koordinatzaile nagusi Elena Herrarte Letonak lau erakundeen izenean sinatu duten hitzarmenarekin proiektua garatzeko beste urrats bat eman da. 

Covid-19ak baldintzatu eta zeharkatutako azken urte honetan Bergarako herrian hainbat prozesu jarri dira martxan egoerari herri ekimenetik erantzuteko. Zaintza sareaz gain, kultur mahaia, tokiko ekonomia, lehen sektorea eta elikadura burujabetza sustatzeko dinamikak eta herri hezitzailea moduko prozesuak aktibatu dira Udalarekin nahiz D2030 ekimenarekin elkarlanean. Beharrak eraginda eta testuinguruak baldintzatuta hainbat prozesu txiki ez-egituratu martxan jarri dira eta indar, elkarlan eta ekintza sozial hori baliatu nahi dira modu iraunkor batean komunitateko eragileen arteko koordinazioa aktibatu eta gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin Bergarak zein eskualdeak dituen beharrak identifikatu eta behar horiek gaur egungo paradigma eta tokikotasunetik erantzun ahal izateko. 

Egitasmoak honako ardatz hauek izango ditu: 

  • Herri eragile eta norbanakoendako formazio eta saretze ekintzak. 

  • Proiektu eta gai ezberdinen bueltako ekintza espezifikoak. 

  • Hezkuntza aktiboa Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat datozen erronken inguruan. 

  • Proiektu eta ekintzailetza sozial komunitarioko proiektu berrien identifikazio eta sustapena zein bide-laguntza. 

  • Aholkularitza eta zerbitzua ingurumen gaietan: energia, baso eta lurrak, elikadura burujabetza... 

  • Eraldaketa sozialeko bulegoa sortu eta garatu herritar eta eragileekin elkarlana sustatzeko tresna gisa. 

Lan ildo zehatzei dagokienez, askotariko esparruak jorratzea aurreikusten da. 

Bergarako Udalaren betebeharra da eraldaketa sozialaren bulegoa abiatu eta martxan jarri horretarako lokala egokitu eta ekipamendua hornituko ditu. Lokala egokitu bitartean udalak Laboratorium laga die lanerako espazioa. 

D2030 egiteko nagusia, berriz, eskualde mailan garatzen diharduten eraldaketa prozesua Bergarako eraldaketa sozialaren bulegoarekin konektatzea izango, lankidetza sarearen jarduna Bergarara gerturatzeko aukerak sustatuz. Bide horretan, arlo ezberdinetan garatzen diharduten prozesu, azterketa eta proiektuen zein metodologien inguruko informazioa partekatuko du Bergarako eraldaketa sozialaren bulegoarekin, eta bulegoaren jardunaren jarraipen zuzena egingo du, elkarlanerako aukerak identifikatu eta lantzeko helburuz. 

Prozesuaren eta eraldaketa sozialaren bulegoaren diseinu, dinamizazio eta bide-laguntza egitea izango da Olatukoopen egiteko nagusia. Finean, exekuzioaren zaintza eta ardura izango du. Aholkularitza eta lurraldeko beharren identifikazioa egin eta prozesu eta proiektu berriak aktibatzeko testuinguruak sortzeko formazio eta saretze saioak egitea eta teknikariei zein arlokako mahaietako eragileetako herritarrei bidelaguntza egitea. Horretarako bi langile jarriko ditu. 

MU-HUHEZIko Lanki Ikertegiak formazio prozesuen, lan metodologien eta sistematizazio eta jasoketa lanaren ardura izango du. Era honetako prozesuak egiteko gida praktiko bat egingo du etorkizunean beste herri eta eskualde batzuetan horrelako egitasmoak martxan jartzeko baliagarri izango dena. Era berean, metodologiei lotutako beharrezko diren euskarri eta materialak garatzeko ardura izango du. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren 2021eko deialdian sartu da proiektua, eta haren laguntza izango du. 30.632,68€. Bergarako Udalak 80.000€ inbertituko ditu. 40.000€ 2021ean eta beste hainbeste 2022an.

Proiektua lehen urratsak ematen ari da, eta une honetan ez dago zehaztasun gehiago emateko moduan. Aste batzuk barri, urri amaiera aldera herritarrek proiektua ezagutu dezaten aurkezpen publikoa egingo da.