Beste urte batez, eta Bergarako Beart elkartearekin duten harremanari esker, Bergaran erakutsiko dituzte haien lanak Baionako Kortsarioek. Aurten, baina, kokaleku berria izango dute: Laboratorium Museoa. Maiatzaren 13tik ekainaren 8ra arte egongo da erakusketa Bergaran.

Gorka Artola alkateak egin die harrera Baionako 'Galerie de Corsaires'-eko artistei. Berarekin egon dira Ainhoa Lete alkate ordea, Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkin, Beart elkarteko presidente Karlos Galarraga eta André Goupille Kortsarioen Elkarteko arduraduna.

Alkateak Museoaren izaera soziala nabarmendu du. Ez dagoela zientziari bakarrik lotuta esan du, eta azken garaian askotariko gaiak jaso dituela bertan. “Gizarte museoa da hau, eta bere ekarpena ere, gizartea bezalaxe, anitza eta askotarikoa da. Hori bera adierazten dute bertan hartzen diren erakusketek ere”.

Bergaran arteak duen presentzia, eta Beartek egiten duen lan handia ere aipatu ditu Alkateak.

Alain, Andre, Claude, Eric, Julia, Mica eta Pat artistek pandemia garaian egindako lanak erakutsiko dituzte Bergaran. “Bizi izan ditugun garai zail hauetan bere alderdirik atseginena erakutsi digu arteak, eta sendatzeko balio izan digu. Ikusten duguna eta esperimentatzen duguna adierazteko aukera ematen digun babeslekua da artea, beste modu batean nekez adierazi baitezakegu hori guztia”, Beart elkarteko Karlos Glarraga presidentearen ustez.

Elkarlanaren ideia ere nabarmendu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko arduradunak.

'Galerie de Corsaires' irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, Baionako Udalarekin lankidetzan diharduena. Baiona Ttipiaren bihotzean dago, Euskal Museotik eta Bonnat-Helleu museotik gertu, eta Euskal Herriko eta Frantziako Hego-Mendebaldeko artista guztiei aukera ematen die, doan, beren lanak ikusgai jartzeko. Noizbehinka, bertako ekitaldiekin lotutako erakusketak antolatzen ditu, hala nola Urdaiazpiko Azoka, Aniztasunaren Astea, Museoen Gaua eta Aste Urdina (adinekoentzako pintura-lehiaketa).

Era berean, harremanak ditu atzerriko artistekin eta artista-kolektiboekin, elkarlanean jarduteko eta hartu- emanak izateko. 'Galerie des Corsaires' elkarteak aire zabaleko erakusketetan parte hartzen du bere kideekin, eta horrez gain, urtero, aire zabaleko ekitaldi bat antolatzen du, hala nola 'Remp’Arts'.

Pozik agertu dira Bergaran egoteagatik, eta baita erakusketarako kokaleku berria izateagatik ere.