"Gure programan esan genuen; gizartea gero eta zaharragoa denez, gure gazteek urrats bat aurrera eman behar dute. Gure belaunaldirik prestatuenak gidatu behar du Euskadik behar duen eraldaketa ekonomikoa eta soziala. Gehiago parte hartu eta euren ezagutza eta elkartasun eta justizia balioak gure gizartearen zerbitzura ekarri. Hori egiteko, herritarren formazioa beharrezkoa eta gainera lehentasunezkoa da Bergarako Udalarentzat. Pertsonaren garapenerako ezinbestekoa da, eta are gehiago haur zein gazteen kasuan. Beraiek dira Bergarako oraina eta etorkizuna eta Udalari dagokio dituzten beharrei erantzuteko proiektuak abian jartzea", hasi du Elene Lete alkateak Eramus Plus programaren aurkezpena.

Horregatik, Erasmus Plus programari atxikitzea erabaki du Udalak. Atxikimendu hau posible izan da Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanari esker. Programa honi esker, 15 eta 17 urte bitarteko gazteek Europako beste herrialdeetako gazteekin elkartrukea egiteko aukera dute. "Hala, Bergarako gazteei Europara joan eta bertako bizimodu, ohitura eta hizkuntzak ikasteko aukera eskaintzen zaie, balore berriak hartuz. Beste herrialdeetara joanez, aniztasuna, errespetua eta elkarbizitza bezalako baloreak landuko dituzte, eta hori, bizitzarako ikasketa interesgarria eta konprometitua dela uste dugu. Honegatik guztiagatik, Europan, formazioan eta gure gazteengan sinesten dugulako, Bergarako Udalak 15.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara", gaineratu du alkateak.

Izakun Labaien, Euskara, Hezkuntza eta Gazteria saileko zinegotziak,berriz, Programaren xehetasunak agertu ditu:

2 EGONALDI

-Bergarako egonaldia (GFAko aterpetxean): irailak 18-24

-Atzerrian egonaldia: urriak 9-15. Alemaniako Wiesbaden hirian.

GAIA: GIZARTE BERRIKUNTZA

Zientzia / teknologiak nola eragiten du gazteen eguneroko bizitzan? Hori izango da gaia eta horrekin gazteen iritzi kritikoa landu nahi da.

GAZTEAK HAUTATZEKO IRIZPIDEAK

-Plaza kopurua: 12

-2000 – 2001 – 2002 urtean jaiotakoak: 2017ko irailean DBH4, batxi1 eta batxi2n egongo dira.

-Gaiarekiko interesa izatea.

- Udalaren asmoa da gazteak elkartrukearen antolakuntzan inplikatzea. Elkartrukea hasten denetik bukatu arte parte hartzeko prestutasuna, baita elkartrukeko prestakuntza eta balorazio bileretan parte hartzeko prestutasuna.

-Prezioa:

            -Orokorra: 60 euro

            -Gizarte laguntzen hartzaileak: 40 euro

-Ingelesez ondo moldatzea.

IZEN-EMATEA

-Izen-ematea www.bergara.eus webgune bidez egingo da maiatzaren 8tik 19ra bitartean (biak barne).

"Honela, Bergarako gazteak elkartruke honetan parte hartzera animatzen ditugu, aukera paregabea izango baita beste herrialdeak, gazteak, ohiturak eta hizkuntzak ezagutzeko", amaitu du Labaienek.