Atxorrotxeko eguna

2017 / 05 / 04

Ohiturari jarraituz, igandea honetan, maiatzak 7, Atxorrotxeko eguna ospatuko da.

Jaia goizeko 9:00etan hasiko da, txistulariek diana joko dute herrian zehar, eskoriatzarrak doinu alaiekin esnatzeko.
Goizeko 10:30ean, hezkuntza foroak antolatuta, Atxorrotxera igoera plazatik hasita.

Goizeko 11:00etan meza izango da Atxorrotxeko Gurutze Santuaren ermitan. Kanpai hotsik ere ez da faltako goiz osoan; ohiturak dioen moduan, bertako kanpaiak joz gero, ekaitzak uxatzen baitira.

Goiz osoan zehar taberna egongo da Atxorrotxen, eta nahi duenak aukera izango du mokadutxo bat jateko eta zerbait edateko. Goizean zehar Nabarralde elkarteko hainbat kide Atxorrotxen bertan egongo dira eta “Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik” DVDa eta hainbat material salgai jarriko dute.

Arratsaldean herriko plazan jarraituko du jai giroak, eta 18:00etatik aurrera herritarrek etxean egindako tortillak salduko dira. Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte etxean egindako tortillak plazara eramatera. Izan ere, Atxorrotxen goizean egongo den tabernan eta plazako tortillekin batutako dirua Eskoriatzako Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundearentzako izango da.

Tortillak eta tabernaz gain, erromeriak girotuko du plaza: Imanol eta Unai trikitilariak eta pandero-joleak jarriko dute musika, eta dantzarako tartea egongo da.

Horretaz gain, aurreko egunean, zapatuan, gabeko 22:00etan, herriko plazan, “Atxorrotxeko gaztelekua. Denboraren tailatik” dokumentala eskainiko da. Ibarraundi museoan ere egongo da aukera dokumentala ikusteko igandean bertan goizeko 12:00etatik 14:00etara (dokumentalak 20´irauten du).
DVDak Atxorrotxen bertan eta Ibarraundi museoan salgai egongo dira 10 €-tan.